Berriak

Explorer, gazteak ideiekin bultzatuz
April 25, 2019
Egibideko LHko ikasleek enpresen erronkei erantzun diete
May 16, 2019

Cristina Juesas: “TEDxVitoriaGasteiz ekitaldira ez da hitzaldiak entzutera etorri behar, barre egitera, negar egitera, haserretzera baizik”

TEDxVitoriaGasteiz ekitaldia maiatzaren 4an (larunbata) izango da Europa Biltzar Jauregian eta mota guztietako hitzaldi eta tailer oso garrantzitsuak izango dira ekintzaileentzat.

Urte osoko jardunaldi inspiratzaileenetako bat egingo da aurten ere Europa Biltzar Jauregian: TEDxVitoria-Gasteiz ekitaldia. Egun horretan, arlo guztietako ekintzaileak eta adituak biltzen dira ideiak eta esperientziak partekatzeko. Ekitaldi horrek azken urte hauetan hartu duen garrantzia kontuan hartuta, ezin dugu galdu ekitaldiaren bultzatzaileetako bat den Cristina Juesasekin hitz egiteko aukera.

Araba Ekinean (AE): Edizio bakoitzean, TEDx ekitaldiaren helburua gure adimena irekitzea eta gu inspiratzea da. Aurten ere berdin jardungo duzue; izan ere, jendea bultzatzen duzue mundua txikienen jakin-nahiarekin eta lilurarekin ikustera. Hain desberdin ikusten al dira gauzak hazten garenean?

Cristina Juesas (CJ): Bizitzak berez eramaten gaitu. Hainbeste eramaten gaitu ezen oso une gutxitan geratzen baikara oso oinarrizkoak diren gauzetan pentsatzen, esate baterako, jarraitzen ari garen bidea jarraitu nahi duguna ote den… Errutinek, guztiaren abiadurak, eragiten dute ezertarako denborarik ez izatea. Baina, pixka bat gelditu behar da eta gogoeta egin behar dugu noizean behin. Kontua ez da soilik jolasa berreskuratzea, gure inguruan gertatzen denak harritu gaitzan uztea baizik. Albisteekin ere beste horrenbeste gertatzen da. Teleberri bat ikusten baduzu, kontatzen diguten ia guztia zoritxarrak dira… Baina munduan gauza asko daude onak edo oso onak direnak. Badago jendea gauza sinestezinak egiteko gai dena. Eta badago jendea gauzak lagun hurkoarekiko maitasunagatik egiten dituena, nahi duelako, horren ordainetan ezer eskatu gabe… Milaka adibide ditugu gure inguruan eta gu adibide horietako batzuen erakusleiho izango gara; izan ere, gutxienez egun batean ahalbidetuko dugu gauzak gertatzea, loturak izatea, ideiak garatzea…

AE: Aurtengo beste helburuetako bat jolasa ikasteko elementu gisa berreskuratzea da. Gerta al liteke hazten garenean gauzak hain serio hartzea eta gauzekin ez gozatzeaz gain, tarterik ez izatea inprobisatzeko edo ideia berriak garatzeko?

CJ: Bizitza horrelaxe igarotzen da. Esaten ari natzaizun bezala da. Haurra zarenean, nerabe izan nahi duzu. Nerabea zarenean, heldu izan nahi duzu… Eta heldua zarenean, guztion zurrunbiloan sartzen zara: lan egin, etxebizitza, neskalaguna/multilaguna, lagunak, lan egin, etxebizitza, eta abar, eta gero eta denbora gutxiago daukazu. Eta seme-alabak izaten dituzunean, orduan, agur. Behar-beharrezkoa den horretarako bakarrik daukazu denbora, eta, jakina, jolasa oso gutxitan izaten da “beharrezkoa”. Eta hori ez da horrela, guk uste dugu jolasa arretaz aztertzea (ez du nahitaez haur-jolasa izan behar) bizitzako funtsezko elementu bat dela. 

Hor ditugu gamifikazioari buruzko teoria guztiak. Supermerkatuetan gamifikatu egiten gaituzte gauza hau edo beste hau eros dezagun, azalera handietan gamifikatu egiten gaituzte ibilbide batzuei jarrai diezaiegun, bizitza osoan gamifikatu egiten gaituzte… eta ez gara konturatzen… Baina iritsi da unea gelditzeko eta pentsatzen hasteko eta, nork daki? litekeena da gogoeta horren ondorioz ideia asko eta lotura pertsonal asko ateratzea ideia horiek gauzatzeko. Horixe da, hain zuzen ere, TED eta TEDx ekitaldiaren espiritua, hedatzea merezi duten ideiak, hain zuzen ere.

AE: Aurtengo speakerren kartela oso interesgarria da, baina galdera hau egin behar dizugu nahitaez: nola konbentzi daiteke Taiwango ministro bat Gasteizeraino etortzeko bere ideiak eta esperientziak partekatzera?

CJ: Pare bat urte generamatzan Audrey Tang andrearen atzetik TEDxVitoriaGasteiz ekitaldira etor zedin eta egia da berak hasieratik erakutsi zigula oso hurbilekoa zela eta hona etortzeko oso prest zegoela. Ez dugu ahaztu behar ministro izan aurretik hacker eta aktibista izan zela; tira, oraindik ere jarraitzen du izaten, neurri batean. Iaz ezin izan zen etorri agenda-arazoengatik, baina aurten astroak lerrokatu dira eta hementxe dago.

Sinestezina da Audrey Tang Gasteizen egotea. Sinestezina da pentsatzea Taiwanen, bera bakarrik (tira, bere lantaldearekin) gai izan dela Uber eta taxilariak ados jartzeko, adibide bat jartzearren… Nik uste dut aurtengo ekitaldiko hizlari nagusietako bat dela, baina ez bakarra.

Beharbada honako hauek ez dira hain ezagunak: Anelise Borges –Euronews-en Europako korrespontsala da–, Dani Villanueva SJ – Entreculturas/Alboan erakundeko presidenteorde exekutiboa da (beste hainbat karguren artean, esate baterako, Georgetowneko Unibertsitateko zuzendaritza-batzordeko kide da)–, Tatyana Kanzaveli –esaten da bere startupa emakumeak buru dituzten 50 enpresen artetik proiekzio handiena dutenetako bat dela–, María Salgado –sarri azaltzen da hedabideetan bi pazienteri HIESa sendatu diotelako hezur-muineko transplanteari esker–, Marco Springmann –haragiaren kontsumoari tasa jartzeko kanpaina mediatiko baten buru ere bada–… eta horrela hamazazpi izatera iritsi arte!

AE: Zeintzuk dira workshop garrantzitsuenak ekintzaileentzat?

CJ: Aurten, ekintzaileentzat ia espezifikoak diren bi workshop ditugu: Josetxu Silgorena, startupetarako finantzaketa bilatzeari buruzkoa, eta Miryam Artolarena, visual thinkingari edo pentsamendu bisualari buruzkoa… Baina, egia esan, guztia guk aukeratzen dugun ekintzailetza-adarraren eta gure kezken araberakoa da, zeren, azkenean, Coral de las Heras-en mikromatxismoei buruzko tailerra hasten ari den edozein enpresak (edo jardunean denbora daramaten enpresek ere) kontuan hartu behar duen zerbait oso garrantzitsua baita… kontuan hartzen ez ditugun gauza txiki horiek eta, azkenean, biztanleriaren erdia kanpoan uzten dutenak (gaztelaniaz, adibidez, Bufetes de abogadOs esaten denean, non geratzen dira emakumezko abokatuak?), eta beste hainbat adibide. 

Baita Marion de la Porte-ren plastikorik gabe bizitzea izeneko tailerra ere, goizago edo beranduago guztiok egin beharko dugun zerbait baita, zenbat eta lehenago hasi orduan eta hobeto. Edo meditazioari buruzkoa, Ixilekurekin; oso ondo etor dakiguke ekintzaile guztiok izaten ditugun estres-uneetarako. Edota loari buruzkoa, Carlos Egeak emango duena; askori ahaztu egiten baitzaigu ondo lo egitea garrantzitsua dela osasuntsu egoteko. Eta ez dugu ahaztu behar, jakina, garagardoei buruzkoa, beti eduki behar baitugu tarte bat guretzat, ezta? Laburbilduz, aurtengo tailer guztiak sekulakoak direla, alegia. Nik ez dakit zein aukeratu.

AE: Azkenik, zure ustez ekintzaile batek zer ikas dezake TEDx ekitaldiko hitzaldi eta tailerretatik bere proiektua aurrera ateratzeko balio izango diona?

CJ: TEDxVitoriaGasteiz ekitaldian gauza asko daude ekintzaile batentzat interesgarriak izan daitezkeenak. Guri gustatzen zaigu ekitaldi osoa esperientzia gisa definitzea, bizipenarekin oso lotuta dagoelako. Pertsona bat ez da X hitzaldi entzutera joaten. Hitzaldiek transmititzen diotenari jarraitzera joaten da. Barre egitera joaten da. Negar egitera joaten da. Haserretzera joaten da. Gozatzera joaten da. Emozio kolektiboei jarraitzera joaten da. Hori, berez, izugarri aberasgarria da. Era berean, lotura pertsonalak sor daitezke ekitaldiaren barnean. Networkinga errazten dugu elkarrekintzarako guneak prestatuz bertaratzen direnentzat. Atsedenaldietan denbora asko uzten dugu, inork ez izateko zerbait esateko geratu zelako irudipena, hain zuzen ere… eta zerbait esateko geratzen bada, atsedenaldi gehiago daude egunean zehar. 

Zenbait tailerrek zerbait esaten digute izena eman duenari buruz: gure gustu bera, premia bera edo kezka bera duela. Jaialdi bat ere badago, Europa Jauregian dena bukatzen denean zerbait hartzeko erlaxatuago gaudela… Aurrerapen gisa, esan dezakegu abenturak daudela ostiral arratsaldean (aurtengo berrikuntza bat), herritar guztientzat irekita daudenak. Beraz, begiratzen dugun ikuspuntua edozein izanik ere, nik uste dut esperientzia aparta dela eta edonork izugarri goza dezakeela.

Eskerrak eman nahi dizkiogu Cristinari Araba Ekinean-ek egindako galderei erantzuteagatik!