Berriak

“Zure ideiak balio du” XV. lehiaketako irabazleak iragarri dira
April 3, 2019
Buruhausteak saihestuko dizkizuten zibersegurtasunari buruzko 12 aholku
April 11, 2019

Ekin Day 2019: txipa aldatzeko egun bat

Araba Ekinean sarien eta “Zure ideiak balio du” lehiaketaren irabazleak ezagutzera emateaz gainera, Ekin Day-ek zenbait hitzaldi eta mahai-inguru bat hartu zituen, eta ospe handiko hainbat pertsonaren —Eneko Knörr, Verónica Reyero, Antonio Espinosa, Asun Beltrán de Heredia, Óscar Gordo, Andrea Garín, David Díaz de Durana edo Asier Santos Bikuña— esperientzia ekintzaileekin gozatzeko aukera izan genuen.

Eneko Knörr eta ekintzailearen errusiar mendia

Eneko Knörri ekintzaile-izaera familiatik datorkio. José María Knorr birraitonak KAS edari-enpresa sortu zuen, eta amak, berriz, denda txiki bat ireki zuen. “Familia ekintzaile batetik zatozenean askoz ere errazagoa da ekiteko gogoa izatea. Baldintzarik gabe laguntzen didate”. Horregatik erabaki zuen enpresa-zientziak ikastea eta ekintzaile-bizitzaren errusiar mendira igotzea.

Hasiera-hasieratik une onak eta txarrak txandakatu ziren. Onak, esaterako, lehen enpresa saldu zuenean, eta txarrak, adibidez, bere enpresarentzat behar-beharrezkoa zen 3 milioiko inbertsio bat lortzeko aste baten faltan, inbertitzailearen mezua jaso zuenean; iritzia aldatua zuten, eta inbertsioa bertan behera geratu zen. “Startupen munduan arrakastaren eta porrotaren arteko tartea txiki-txikia da”, adierazi zuen amaitzeko.

Verónica Reyero eta ekiteko bere tip antropologikoak

Antropologiari buruzko ezagutza praktikoak jendearengana ezer gutxi iristen zirela oharturik, Verónica Reyerok erabaki zuen unibertsitateko lagun batzuekin elkartu eta Antropología 2.0 proiektua kaleratzea. Blog soil batekin hasi zen guztia, baina edukien arrakasta handia ikusirik, enpresak berehala hasi ziren deika, aholku eske. “Urte batzuk eman ditugu etengabe lanean, probatzen eta huts egiten, gure burua ezagutzera ematen, eta, batez ere, ahalegin handiak egiten, eta azkenean lortu dugu Antropología 2.0 Espainiako Business Anthropology-ko lehen enpresa izatea”, Reyerok adierazi zuenez.

Negozioen mundura hurbiltzeko beste modu horretarako tip antropologiko batzuk partekatu zituen gurekin:

  • Aurkitu zure tribua.
  • Praktikatu exogamia.
  • Zaindu zure nortasuna.
  • Ikasi frustrazioa kudeatzen.
  • Baloratu gauzen funtzio sinbolikoa.
  • Saihestu pentsamendu bitarra.
  • Praktikatu “Etnographic Thinking”.
  • Eta jakiturien ekologia.

Antonio Espinosa, xede sozialekin ekitea

Mundu erdia zeharkatu eta eskualde batzuetako pobrezia gorria ikusi ondoren, Antonio Espinosak erabaki zuen bazela garaia horren inguruan zerbait egiteko. Horrela sortu zen Auara. Startup bat da, eta bere etekinen % 100 proiektu jakin batzuen esku uzten du, edateko urik ez duen jendeari ura eraman diezaioten. “Mundu osoan 700 milioi pertsonak ezin dute edateko ura eskuratu, eta oinarri-oinarrizko baliabide horren faltan daude beraz. Biztanleria osoaren % 10 dira, Europan bizi garen pertsona kopuru bera”, Espinosak ziurtatu zuenez.

“Auaran, ura saldu ez ezik, xede sozial batekin egiten dugu, eta gainera, gure aztarna ekologikoa ahalik eta gehien murriztuz”, adierazi zuen Espinosak. Auara sektorean plastiko birziklatuzko botilak darabiltzan lehen enpresetako bat dela ere aipatu zuen. “Gero eta jende gehiagok markekiko identifikazioa bilatzen du erosteko orduan”, adierazi zuen amaitzeko.

Atzoko, gaurko eta biharko ekintzaileak

Azkenean, Ekin Day-ek aukera eman zigun Arabako hainbat ekintzaileren — Asun Beltrán de Heredia (Caype), Óscar Gordo (Ingenieria Automach), Andrea Garín (TheBest5), David Díaz de Durana (Oboid) edo Asier Santos Bikuña (Sala Enigma)— gogoetak bertatik bertara entzuteko, Andrés Fernándezek (Ciudadano Kane) moderatutako mahai-inguru batean.

Batzuek urte askoko eskarmentua zuten bizkar gainean eta beste batzuek ez hainbeste, baina guztiek ere pasio bera zuten gogoan: ekitea. “Pasioa jartzen badiozu lasai egon zaitezke, ahalik eta ondoen ari zarelako une horretan”, Asun Beltrán de Herediak ziurtatu zuenez. “Ekintzailetza ez da adin-kontu bat, gogo-kontu bat baizik”, baieztatu zuen Asier Santos de Bikuñak.