Berriak

Unibertsitatetik ekintzailetzan aritzea posible da, hemen dago froga
April 15, 2019
Cristina Juesas: “TEDxVitoriaGasteiz ekitaldira ez da hitzaldiak entzutera etorri behar, barre egitera, negar egitera, haserretzera baizik”
May 2, 2019

Explorer, gazteak ideiekin bultzatuz

Araban bere zortzigarren edizioa bete duen programak ideia berritzaileak dituzten gazteak aurkitzea du helburu, gazteei beren potentzial guztia garatu dezaten laguntzeko.

Zortzigarren urtez jarraian Explorer programaren (lehen YUZZ) edizio berri bat hartu du BIC Arabak. Izen-aldaketa gorabehera, CISE Centro Internacional Santander Emprendimiento zentroaren ekimenaren helburuak berbera izaten jarraitzen du: ideia berritzaileak dituzten gazte sortzaileak aurkitzea, izaera teknologikoa duten ideiak dituztenak, beren proiektuaren potentzial osoa garatu dezaten laguntzeko.

Oraingoan 29 gazte eta 15 proiektu izan ditu programak, hala nola Alien Moto, Data Value Management, Zain Solutions, Bi Ziklo, T-Safe (“Zure Ideiak balio du” XV. lehiaketako finalistak), Safe The Cyclist, Safe Turn, Econtainer, Top Blood, Botanic Workspace, Pantaila Mugikorra, Contr-all, Etxe Birziklatuak, Jacube eta Jatorrietara itzulera.

Espezialisten laguntza eta aholkularitza jaso dute guztiek ere, baita arrakasta izan duten ekintzaileena ere, hala nola Ángel Villarena (ON4U), Josetxu Silgorena (Aceleradora Metxa) edo Jokin Fernándezena (Elcavi). Aldi berean, ekintzailetzarako beharrezkoak diren teknikak eta gaitasunak ikasi dituzte, baita negozio-plan sendo bat garatzeko ere, hala nola Design Thinking, Lean Start-Up, negoziazioa eta gatazkak bideratzea edo Pitching.

Uztailaren 10ean izango da Explorer programaren puntu gorena, 9 taldek Coimbrara (Portugal) bidaia egiten dutenean Explorer Day ekimenerako. 50 zentrotik baino gehiagotik etorritako parte-hartzaileek mota guztietako ponentzia inspiratzaileak baliatu ahalko dituzte, baita ideien trukea eta interakzioa bultzatzeko jarduerak ere.

Garatzen eta gogor lan eginez sei hilabete eman ondoren, epaimahai bat arduratuko da Silicon Valleyra (AEB) bidaiatuko duen proiektu irabazlea hautatzeaz, Explorer zentro guztietako gainerako irabazleekin batera. Guztiek izango dute jakintzan eta metodologietan buru-belarri sakontzeko aukera munduko eskualde berritzaileenetako batean. Haien artean erabakiko da estatu osorako sariaren irabazlea (lehenengoak 30.000€, bigarrenak 20.000€ eta hirugarrenak 10.000€). Gainera, Arabako 3 proiektu finalistak sei hilabeteko langunea eta aholkularitza espezializatua lortuko dute Arabako BICen.