

Grupo Alcor industria-taldeko kontseilari delegatu Gaizka Grajalesek Ekintzaile Handiaren Saria jaso du Araba Ekinean ekimenaren 2017ko edizio honetan. Sari honen bitartez, enpresa-arloan egindako lan zabala aitortzen zaio, arlo horretan Gaizka Grajales beti nabarmendu baita espiritu ekintzailea izan duelako, eta egindako ibilbidea horren lekuko da. 1994an Grupo Alcor sortu zuen, eta gaur egun talde horretako kontseilari delegatua da. Talde hori automozioko enpresa txiki bat erosiz eta aeronautika-sektorean enpresa berri bat sortuz hasi zen, eta 23 urte hauetan talde hori handituz joan da sozietate berriekin, eta nazioarteko hainbat proiektu garrantzitsutan hartu du parte, hala nola Airbus A380 programan. 2014an abian jarri zuen azken proiektua Mizar Additive Manufacturing sozietatea da, fabrikazio gehigarrian jarduten duena hainbat teknologia erabiliz eta aeronautikaren, osasunaren eta industriaren sektoreak ardatz dituena. Iaz geroztik beste bi enpresa teknologikoren akzioduneria ere osatzen du: Emedica, software medikoa garatzen duena, eta Karten, sateliteko irudien azterketa-ingeniaritzan diharduena.
Bestalde, Mikel Díaz de Arcaya eta Diego Gil JakinCode enpresako bazkide sortzaileak dira. Enpresa horrek duela 3 urte inguru jaso zuen saria Araba Ekinean ekimenaren “Zure ideiak balio du” Lehiaketan. JakinCode 2014ko urrian sortutako konpainia da, zibersegurtasunari buruzko zerbitzu aurreratuak emateko eta aktibo industrialen segurtasuna modu integralean monitorizatzeko adimen-tresnak garatzeko helburuarekin sortu zena. Softwarea garatzen urtebete baino gehiago eman ondoren, 2016an bere produktua/zerbitzua merkaturatzen hasi ziren eta jarduerako lehenengo urtean sei lanpostu sortu dituzte. Gaur egun, hainbat sektoretako enpresekin eta hainbat azpiegitura kritiko eta erakunde publikorekin ari dira lanean.