Saltoki fisiko bat muntatu aurretik kontuan izan behar dituzun 5 gauza

    November 23, 2018
    20 gazte arabarren bila dabil Explorer programa, euren ideiak garatzen laguntzeko
    November 16, 2018
    Araban ekiteko laguntzak (I): bideragarritasuna
    November 27, 2018

    Azken egun hauetan Interneten ibili bazara, ziur milioika iragarki eta eskaintza ikusiko zenituela Black Friday dela-eta. E-commerce handiek eta paketeria-enpresek beroketa-ariketak egin dituzte jada eta erabat prest daude orain pagotxa izateko. Panorama horrekin ez da zaila pentsatzea ekintzailetza-aukera handiak mundu digitalean daudela, baina saltoki fisikoak zer esateko asko du oraindik ere.

    Ekintzailetzan aritu eta zure saltoki fisiko propioa muntatzea pentsatzen ari bazara, hemen dituzu kontuan hartu beharreko 5 gauza:

    Zaindu bezeroarekin duzun harremana

    Ageriko zerbait irudi dezake, baina bezeroak zaintzea funtsezkoa da. Tratu egokiarekin hasten da dena, ez eztia, ez ozpina. Hainbat bezerok nahi dutena zera da, sartu, begiratu eta, atsegin duten zerbait gustatzen bazaie, erosi.

    Beste batzuek, aldiz, interakzio handiagoa bilatzen dute, eta saltzaileak beste produktu batzuk gomenda diezazkiela bilatzen dute (galtza bat aukeratzen badute, horrekin jotzen duen alkandora bat iradokitzea, adibidez), edo aholkuak eman diezazkiela nola zaindu edo erabili behar dituzten adierazteko. Pertsona bakoitza nola tratatu behar den jakitea eta haren premiak ezagutzea oinarrizkoa da edozein saltoki fisikotan.

    Zerbait gehiago eskaini

    Bezeroen kopuruaz gain, batez besteko salmenta-prezioan dago edozein negozioren arrakasta. Gaur egungo lehiarekin marjinak gehitzea zaila bada ere, badaude bezero bakoitzarekin diru gehiago irabazteko moduak edo berriz eros dezaten leialtzeko moduak.

    Modu horietako bat saltzen diren produktuekin lotutako zerbitzuak eskaintzea da. Adibidez, zure ideia bizikleta-denda bat muntatzea bada, kaskoa eta horrelako osagarriez gain, mantentze- eta konponketa-lanetako zerbitzu bat ere izan dezakezu.

    Estrategia hori lagungarri izan dakizuke gainerako konkurrentziatik bereizteko eta beste saltoki edo kate txikiek baino balio-proposamen interesgarriago bat eskaintzeko.

    Zaindu zure online presentzia

    Gaur egun, zerbait behar dugunean egiten dugun lehenengo gauza gure telefonoa desblokeatu eta Google bilatzea izaten da. Zure negozioa ez bada Interneten agertzen, ez da existituko balizko bezeroen kopuru izugarri handi batentzat.

    Erregularki argitaratzeko asmorik ez baduzu, ez duzu zertan profilik eduki sare sozialetan, baina gomendagarria da, aldiz, webgune bat izatea aurkezpen-txartel gisa eta, batez ere, Google My Business zerbitzuan eta zure saltokiaren jarduerarekin lotutako beste direktorio garrantzitsu batzuetan agertzea: Foursquare, Yelp, TripAdvisor…

    Izan zaitez omnikanala

    Kontsumitzaileak nahi dutena, nahi dutenean eta nahi duten bezala eskuratzera ohituta daude gaur egun. Zaila da saltoki txiki batek Amazon, Inditex edo horrelako erraldoien zerbitzu eta erraztasunak eskaini ahal izatea, baina horrek ez du esan nahi bezeroei ezin dizkienik jarri mota guztietako erraztasunak.

    Telefonoz e-commerce batekin eskaerak eta erreserbak egitea ahalbidetzen du, edo WhatsApp Business zerbitzuaren bidez egitea. Produktua bezeroaren etxera edo lan-lekura bidaltzeko aukera eskaintzen du. Ahal duzun guztia egin online erosketaren erosotasuna merkataritza txikiak ezaugarri dituen hurbiltasunarekin eta arretarekin eskaintzeko.

    Informa zaitez laguntzei buruz

    Azkenik, baina betiere aurreko puntuen garrantzi berarekin, informa zaitez agente eta erakunde guztiek saltoki fisiko bat muntatu nahi duten ekintzaileei eskaintzen dizkieten laguntzei buruz.

    Araba Ekinean ekimeneko laguntzen atalean aurkituko dituzu laguntza horietako batzuk, baina ez dira bakarrak. Zenbait agentek –hala nola Arabako Merkataritza Ganberak– badute, adibidez, Enpresa Transmisioko zerbitzu bat, beren negozioa transferitu nahi duten saltzaileak ekintzaileekin konektatzen dituena.