Berriak

E-Commerce bat sortu eta ekimenetik bizirik ateratzeko aholkuak
21/10/2019
Ekintzaileentzat inspirazio-iturri izan daitezkeen 7 liburu
11/11/2019

5 aholku saltoki bat abian jarriz ekiteko

Datorren urriaren 31n, Europa Biltzar Jauregian Urban Commerce ekimenaren beste edizio bat egingo da. Ekimen horrekin lortu nahi da Vitoria-Gasteiz erreferentzia bihurtzea merkataritza-indarberritze politiketan, baita modernizazioaren eta hiri-merkataritzako berrikuntzaren inguruko esperientzien trukean ere.

Aukera horretaz baliatuz, Pilar Zorrilla Merkaturatzea eta Merkatuen Ikerkuntza Alorrean Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle titularrarekin hitz egin nahi izan dugu, Araba Ekinean programarekin aholku batzuk parteka ditzan saltoki bat abian jarriz ekiteko.

Saltoki bat abian jartzeko, beste jarduera-sektore batzuetan gertatzen den bezala, ilusio handia izan behar da, ahalegin handiak egin behar dira, dedikazio handia eskaini behar zaio eta buru-belarri aritu behar da, baina, batez ere oso argi eduki behar da zein den negozioaren erdigunea” adierazi du Zorrillak. Horregatik, oso garrantzitsua da gure zerbitzua eman nahi diegun bezeroak xehetasun handiz ezagutzea; izan ere, “soilik horrela diseinatu ahal izango dugu proposamen hoberena”. Denda bateko bezeroak dendaren bizkarrezurra dira eta negozio osoak kontuan hartu behar du bezeroek zer nahi duten, nola nahi duten, noiz nahi duten eta zertarako.

Kate handien aurka lehiatzeko garaian kontuan izan behar da tamaina ez dela garrantzitsua erosketa-esperientzia on bat sortzeko unean. “Bezeroek dituzten premiekin, kezkekin eta interesekin bat egiten duen negozio txiki bat lehiakorra da” esan du Zorrillak. Arazoa sortzen da bezeroak dendaren aurretik doazenean, denda erosteko modu berriei jarraituz bilakatzen ez denean eta, beraz, erosketa-esperientzia egokia eskaintzea lortzen ez duenean.

Saltoki txikiak erraztasun gehiago ditu bere bezeroekin harreman estuak ezartzeko, zerbitzua pertsonalizatzeko humanoagoa izan dadin eta interes komunen inguruan komunitateak sortzeko. Ildo horretan, teknologia oso aliatu ona izan daiteke, bereziki oso sofistikatuak ez diren tresnak, sare sozialak adibidez, baina Zorrillaren arabera, oso garrantzitsua da salmenta-eremua merkataritza-eskaintzaren inguruan sozializatzeko erabiltzea.

Interneti dagokionez, pertsonen egunerokotasunean duen presentzia hain handia da ezen ezin baita alde batera utzi. “Saltokiek jakin behar dute Internetek aukera ematen diela beren bezeroekin harremanetan jartzeko, baita merkataritza-erakusleiho gisa, eta, jakina, salmentetarako erakusleiho gisa ere” adierazi du Pilar Zorrillak. Horretarako, funtsezkoa da prestatzea; arrakasta izan duten kasuak ezagutzea; sarea sortzea eta beste batzuekin elkarlanean aritzea; aholkua eskatzea eta gauzak probatzen jarraitzea. “Dena oso azkar bilakatzen da eta dagoeneko berandu da atzo hartu behar genituen erabakiak hartzeko; horregatik, hoberena une honetan bertan hastea da” gomendatu du.

Merkataritzaren alorreko azken joerei buruz gehiago jakin nahi izanez gero, etor zaitez, aitzakiarik gabe, Europa Biltzar Jauregira datorren urriaren 31n (osteguna). Urban Commercerako izen-emateak irekita daude oraindik.