Berriak

Gasteiz Green Deal Youth Challenge abiarazi du Udalak
31/01/2022
Kultura eta ekintzailetza? Posible dela erakusten duten lau adibide
24/02/2022

61 negozio ideia bildu dira Araba Ekinean-en Arabako Eskola Enpresen Azokan

  • Topaketa hau Araba Ekinean programaren urteko mugarrietako bat da, eta aurten formatu presentziala berreskuratu du, aurreko edizioan modu birtualean egin ondoren.
  • Azoka Santa Barbara Plazako pergolaren azpian egin da lehen aldiz, eta amaiera bikaina izan da  Ikasenpresa hezkuntza programarentzat. 

Itziar Gonzalo Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiordeak, Maider Etxebarria Gasteizko Udaleko lehen alkateordeak, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza eta Berrikuntzako zuzendariak eta Axier Urresti Vital Fundazioetako zuzendari exekutiboak inauguratu dute gaur Eskola Enpresen Azoka, Araba Ekinean programaren urteko mugarrietako bat. Ekitaldi hau Ikasenpresa programaren amaierako agerraldia da; izan ere,  programa horren bidez Arabako LHko hainbat ikastetxetako eskola taldeek garatu dituzten enpresa proiektuak enpresen azoka horretan erakutsi eta probatzen dira. 

 

Araba Ekinean programaren 19. edizioaren barruan, enpresen  azokak formatu presentziala berreskuratu du aurten, iaz osasun egoera dela-eta birtualki egin ondoren. Aurtengoan 61 eskola proiektu edo negozio ideia aurkeztu dituzte Arabako LHko 6 ikastetxetako ikasleek, Santa Barbara plazako pergolan lehen aldiz egin den topaketa batean. Azoka herritar guztientzat irekita egon da 10:00etatik 13:30era bitartean, eta hainbat enpresa proposamen erakutsi ditu, hala nola arropa lerroak, kosmetika eta edertasun produktuak, gastronomia guneak, digitalizaziora edo mugikortasun jasangarria sustatzera zuzendutako zerbitzu enpresak, baita produktu berritzaileak ere, esaterako, etxeko hormetan gora doan garbiketa robota, hotza edo beroa sor dezakeen botila edo eguzki energiarekin dabilen motxila adimenduna. 

 

Azoka honek aurtengo Araba Ekinean programaren baitako beste ekintza baten abiapuntu gisa ere balio izan du: erakusketa kubo ibiltari bat jarri da, Arabako hainbat herritan zehar ibiliko dena udaberrira arte, Araba Ekinean programaren edizioetan izan diren eta lurraldean oraindik aberastasuna sortzen duten 6 proiektu ekintzaile erakutsiz.   

Ikasenpresa hezkuntza programaren baitan, erdi mailako eta goi mailako lanbide heziketako ikasleek aukera dute enpresa bat sortzeko eta horretarako prestakuntza jaso eta tutoretzak izateko. Ikasturte osoan zehar, ikasleek, besteak beste, logotipoak eta marketin plana diseinatzen dituzte, baita estrategia ere. Horren helburua da enpresa ikasgeletara hurbiltzea eta ikasleen ekintzaile gaitasunak sustatzea. Ikaskuntza metodologia erabat praktikoa da eta hezkuntza testuinguru berritzailea dakar. Enpresen Azokari esker, ikasleek egin duten lana erakuts dezakete eta kontsumitzaileekin probatu beren ideiak eta proiektuak egokiak diren.

Horixe da Araba Ekinean-en aurtengo edizioaren lehenengo jardueretako bat, zeina urtarrilaren 27an aurkeztu baitzen “Zure ideiak balio du” XVIII. lehiaketarekin batera. Aurtengo lehiaketak bederatzi kategoria izango ditu: Ideiak (One4youk babestua), Jasangarritasuna (Aclimak babestua), Merkataritza eta Turismoa (Gasteiz ONek babestua), Nekazaritzako elikagaiak (Eroskik babestua), Industria (Michelin Fundazioak babestua), Zerbitzuak (Prezerok babestua) eta Krisialditik ateratzeko irtenbide eraldatzailerik onena (Vital Fundazioak babestua), eta hiru sari berezi ere izango dira: bat publikoak aukeratua, Metxa azeleratzailearen Bootcampean parte hartzeko aukera emango duen beste bat eta, RPK-k gizarte eragin handiena eta onena duen proiektuari emango dion beste bat. Lehiaketaren oinarriak Araba Ekinean-en webgunean kontsulta daitezke. Bertan, maiatzaren 19an egingo diren B2B topaketetara joateko eta maiatzaren 25ean egingo den Ekin Day jardunaldi zentralera joateko informazioa eta izen-ematea ere aurki daitezke.