Berriak

BIC Arabak 40.000 eurorekin eta CERNeko teknologiekin sustatuko du enpresen sorrera eta dibertsifikazioa
June 9, 2020
Ekin Breakfast: honela geratu dira pandemia-garaian ekiteko laguntzak
June 25, 2020

ARABA EKINEAN-EK LAN ESKAINTZEN GUNE BERRI BAT SORTU DU BERE WEBGUNEAN, EKINTZAILEEI TALENTUA BILATZEN LAGUNTZEKO ETA ENPLEGUA SUSTATZEKO

Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak BIC Arabaren eta Vital Fundazioaren bidez bultzatzen duten Araba Ekinean ekimenak gune berri bat ireki du bere webgunean, Arabako enpresek egindako lan eskaintzak bistaratzeko. Atal berri honek lurraldeko ekintzaileen eta lan merkatuaren arteko zubi izan nahi du haientzat hain garrantzitsua den talentua bilatzen. “Proiektu batek arrakasta izateko gakoetako bat, zalantzarik gabe, hura garatzen duen taldearen talentua da, eta, askotan, ez da lan erraza izaten lan merkatuarekin harremana edukitzen ohituta ez dauden enpresa sortu berrientzat. Atal berri honekin gure webgunearen barruan leiho bat ireki nahi dugu, proiektu ekintzaileak eta lan bila ari diren pertsonen talentua lotzeko “, azaldu dute Araba Ekinean erakundeko arduradunek.

Gune berria une bereziki zailetan sortu da Arabako lan merkatuarentzat, COVID-19ren pandemia bete-betean, eta, horri esker, Arabako edozein enpresa edo pertsona ekintzailek eskaintza zuzenean igo ahal izango du atarira, eskaintza horren ezaugarri guztiak eta eskaerak jasotzeko epea adierazita. Hautaketa prozesuan parte hartu nahi duten guztiek zuzenean ere eman ahal izango dute izena webgunearen bidez. Ondoren, enpresek berek garatuko dute barne hautaketako prozesua. “Atal hau ekainaren 25etik aurrera egongo da erabilgarri, eta lanpostu hutsak bete behar dituzten Arabako enpresa guztiak animatzen ditugu hura erabiltzen hastera; izan ere, Araba Ekinean atariak eta haren sare sozialek bisita eta interakzio ugari dituzte lurraldean. Izan ere, azken urtean webguneak 26.000 bisita baino gehiago jaso ditu eta twitter kontuak 2.000 jarraitzailetik gora izan ditu”.

Ekintzailetza eta pandemia

Osasun larrialdiak eragindako egoera gorabehera, Araba Emprende ez da gelditu hilabete hauetan guztietan, eta irekita izan du bere espazio digitala, erakundeek ekintzaileei laguntzeko ezarri dituzten neurriei buruzko informazioa emanez. Horrez gain, linean ekitaldiak egiten jarraitu du, bere Ekin Breakfast ezagunak webinar bihurtu ditu, eta ehun partaide baino gehiago izan dituzte. Hainbat gai landu dira, hala nola ekintzailetza COVID garaian edo inbertsioak eta inbertitzaileak erakartzea proiektu sortu berrietara. Bihar, ekainaren 25ean, osteguna, Araban ekintzailetza proiektu batek izan ditzakeen dirulaguntzak eta laguntzak azaltzeko ekitaldi berezia egingo da, bai pandemia dela-eta bereziak direnak, bai ohikoak direnak, Araba Ekinean bultzatzen duten erakundeen eskutik (Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta Eusko Jaurlaritza, BIC Arabaren eta Vital Fundazioaren bidez). Parte hartu nahi duten guztiek izena eman dezakete alavaemprende.com webgunearen bidez.