Berriak

59 negozio-proiektu protagonista Arabako 2024ko Eskola Enpresen Ferian
31/01/2024
Ekin Breakfast: Araban Ekintzailetzan 2024an
08/02/2024

Araba Ekinean ekimenak 2024ko bere edizioa abiarazi du lankidetzak duen garrantzia erakutsiz

– Maiatzaren 6an eta maiatzaren 23an izango dira ekitaldi honetako jardunaldi nagusiak, ideia-lehiaketaren finalisten aurkezpenarekin eta Ekin Day ekitaldiarekin, hurrenez hurren.

– “Zure ideiak balio du” lehiaketak 9.000 euro baino gehiago banatuko ditu saritan eta beste bi sari berezi ere estreinatuko ditu, proiektu-aurkezpen onenari eta energia-trantsiziorako berrikuntzari emango zaizkionak.

– Urte osoan garatzen dira egitasmoan barne hartzen diren jarduerak, eta joan den urtarrilaren 30ean hasi ziren Enpresa Eskolen Feriarekin, Arabako Lanbide Heziketako ikasleen 59 negozio-ideia aurkeztu zituen ekitaldiarekin, hain zuzen ere.

21. edizioa izango du aurten Araba Ekinean ekimenak, bere ibilbidearen beste hamarkada bati ekinez , Arabako ekintzailetza-arloan erreferentziazko erakunde gisa duen rolari eusten eta rol hori sendotzen jarraitzeko. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen eta BIC Araba erakundearen bitartez, eta Vital Fundazioak gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan “Espiritu ekintzaileak lagun zaitzala” izenburupean garatuko den egitasmoaren edizio berezi hau.

Ideia nagusi horrekin, jarduera ekintzaileak dimentsio pertsonal bat eta, horrekin batera, dimentsio sozial garrantzitsu bat ere baduela nabarmendu nahi du Araba Ekinean ekimenak. Energiarekin, ahaleginarekin, dedikazioarekin eta apustu partikularrarekin batera, zenbait kanpo-elementu aktibatu behar dira, ekintzailetza hori burutu ahal izatea ahalbidetuko dutenak. Ekintzailetzari lotutako elementu ukiezin hori baliatu nahi da edizio honetan, izateko, pentsatzeko eta egoerei aurre egiteko jarduera ekintzaileak eskatzen duen modu hori, eta, horrekin batera, eta bereziki, ekintzailetzan arrakastaz aritu ahal izateko beharrezkoak diren harremanen –kolaborazioen– sare hori.

Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapeneko eta Berrikuntzako diputatu Saray Zaratek, Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko zuzendari María Nanclaresek, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendari Leyre Madariagak eta Vital Fundazioetako zuzendari exekutibo Ainhoa Pereitak gaur azaldu dituzte joan den urtarrilaren 30ean Eskola Enpresen Feriarekin lehengo pausoak eman zituen eta gaur bertan bere ekitaldi nagusiak iragarri dituen edizio honen xehetasunak.

2024ko Araba Ekinean ekimeneko ekintza nagusiak maiatzean izango dira aurten. Adierazi dugunez, maiatzaren 6an izango da Europa Jauregian “Zure ideiak balio du” lehiaketaren 20. edizioaren ideia finalisten aurkezpena, eta ekintzaileek 5 minutuko tartea izango dute publikoaren eta epaimahaiaren aurrean beren ideiak azaltzeko eta, horrela, beren proiektuek saria irabaztea merezi dutela erakusteko. Herritar guztientzat zabalik egongo da ekitaldia, baina alavaemprende.com webgunearen bidez eman beharko dute izena aldez aurretik.

Egun batzuk geroago, maiatzaren 23an, jauregi bereko Francisco de Vitoria aretoan izango da Ekin Day ekimenaren edizio berri bat, egitasmoaren jardunaldi nagusia, eta bertan emango dira ezagutzera eta banatuko dira “Zure ideia balio du” lehiaketako sariak, baita 2024ko Araba Ekinean Sariak ere, ekimen ekintzaile gazte bati eta ekintzailetzaren arloan egindako ibilbide profesional oso bati ematen zaizkionak, hurrenez hurren.

Formatu berria Ekin Day ekitaldirako

Urtero bezala, Araba Ekinean ekimeneko jardunaldi nagusia izango da Ekin Day ekitaldia, eta elkartzeko, inspiratzeko eta networkinga gauzatzeko gune bihurtuko da ekintzailetzari begira. Oraingoan, bere formatua aldatuko du jardunaldiak edizioaren espiritu nagusira hobeto egokitzeko eta, sari-banaketarekin eta azken ponentzia inspiratzailearekin batera, Crossing Bideak deitutako lehen zati bat izango du Ekin Day ekitaldiak, non ekintzaileek ideiak eta premiak trukatu ahal izango dituzten beste ekintzaile batzuekin, baita lurraldeko ekintzailetza-eragileekin ere. Baldintza gisa aldez aurretik izena ematea eskatuko duen trukeko eta networkingeko saio bat izango da, eta aurrerago emango dira horri buruzko xehetasunak.

Publikoa doan bertaratu ahal izango da, betiere aldez aurretik Araba Ekinean ekimeneko webgunean izena emanda. Datozen asteetan emango da ezagutzera jardunaldi honen programa osoa.

Ideia-lehiaketa 2 sari berri berezirekin

Aurkezpena baliagarria izan da halaber “Zure ideiak balio du” lehiaketaren 20. edizioa abiarazteko, lurraldeko ideia eta proiektu ekintzaile onenak saritzen dituen egitasmoa. Guztira 9.000 eurotik gorako zenbatekoa batzen duten 10 sari izango dira sarituentzat, eta erakunde babesleen laguntzari esker banatzen dira sari horiek: Fundación Vital Fundazioa, Aclima (Ingurumenaren Euskal Klusterra), Gasteiz ON, Eroski, Michelín Fundazioa, i+Med, RPK, Deustuko Unibertsitatea eta Mobility Lab Vitoria-Gasteiz.

Aurten, bi sari berezi berri izango ditu lehiaketak, batetik, Deustuko Unibertsitatearen eskutik, ekitaldiko ideia finalisten aurkezpen onena saritzeko, eta, bestetik, Mobility Lab Vitoria-Gasteiz poloaren eskutik, energia-trantsizioari begira berrikuntzarako ekarpen onena egiten duen proiektuari saria emateko.

Honako hauek dira sariak:

– Ideia onenari emandako Fundación Vital Fundazioa Saria: 1.000 euroko saria.

– Ideia jasangarrienari emandako Aclima saria. 1.000 euroko saria.

– Merkataritza eta Turismoko Gasteiz On Saria: 1.000 euroko saria.

– Nekazaritzako elikagaien sektoreko ekimen onenari emandako Eroski saria. 1.000 euroko saria.

– Industria-ekimen onenari emadako Michelín Saria 1.000 euroko saria.

Osasunaren esparruko ekimen onenari emandako i+Med saria: 1.000 euroko saria.

Kategoria nagusiez gain, beste bi sari berezi ere banatzen dira; hau da, aurrez zerrendatutako sariez gain, honako hauek ere irabazi ditzakete proiektuek:

– Enpresen eraldaketa sozialari emandako RPK sari berezia: 1.000 euroko saria.

– Energia-trantsiziorako berrikuntzari emandako Vitoria-Gasteiz Mobility Lab Sari Berezia: 1.000 euroko saria.

– Proiektu-aurkezpen onenari emandako Deustuko Unibertsitatearen Sari Berezia: 1.000 euroko saria.

– Publikoaren Sari Berezia: Ideia finalistak aurkezteko ekitaldira joaten den jendeak aukeratzen du. 300 euroko balioa du.

Eskaerak aurkezteko epea irekita dago jada eta martxoaren 15eko 14:00ak arte luzatuko da. Oinarriak alavaemprende.com webgunean kontsultatu daitezke. Lurraldeko eragile ekintzaileek osatuko dute epaimahaia eta apirilaren hasiera-aldera aukeratuko dituzte finalistak. Hilabete horretan bertan egingo den online ekitaldi baten bidez emango dira ezagutzera berriz ere finalistak, eta aurreko edizioetan saritutako beste proiektu ekintzaile batzuek nolako progresioa izan duten ere erakutsiko da ekitaldian. Ezin dugu ahaztu 800 ekimen ekintzailek baino gehiagok parte hartu dutela egitasmo honen edizio guztietan, Arabako jendearen sormen-potentzialaren eta berritzeko gaitasunaren erakusgarri. Azken urteetan, gainera, jende oso gazteak egindako proposamenak nabarmen hazi dira, eta horrek ikuspegi ekintzailea belaunaldi berrien artean gero eta gehiago errotzen ari dela erakusten du, gizarteko hainbat eragilek filosofia hori sustatzen dutelako, hala nola Administrazioek, ikastetxeek, unibertsitateak, enpresa-erakundeek eta ekosistema hori osatzen duten beste batzuek.

Europa Jauregian maiatzaren 6an egingo den jendeari zabaldutako ekitaldian erakutsi beharko dituzte beren proposamenak finalistek, eta maiatzaren 23an egingo den Ekin Day ekitaldiaren barruan emango dira ezagutzera irabazleak. Egitasmoaren antolakuntzak ideia edo proiektu ekintzaile bat duten pertsona guztiak animatu nahi ditu edizio honetan parte hartzera. “Zure ideiak balio du lehiaketa betiere aukera handia da negozio-ideiak testatzeko eta ideia horiei agerikotasuna emateko, eta bultzada garrantzitsua izan liteke haiek martxan jartzeko edo garatzeko”, nabarmendu dutenez.

Enpresen Feria eta ikasleentzako bisiten zikloa

Joan den urtarrilaren 30ean izan zen 2024ko Araba Ekinean ekimen honen mugarrietako bat, Santa Barbara plazako Pergolan egin zen Eskola Enpresen Feriarekin, hau da, Ikasenpresa programaren azken emankizuna den ekitaldiarekin, eta programa horen bidez Arabako hainbat ikastetxetako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetako ikasleak enpresa-arloarekin harremanetan jarri daitezke ikasgeletatik, beren potentzial ekintzailea landuz.

Edizio honetan, eskola-arloko 59 proiektu edo negozio-ideia aurkeztu dituzte azkenean, Arabako 5 Lanbide Heziketako ikastetxetatik ateratakoak: Mendizabala, Ciudad Jardín, Eraiken, Jesús Obrero eta Arriaga. Herritar guztientzat egon zen Feria zabalik, produktu eta zerbitzuen askotariko katalogo bat eskainiz, haien artean elikaduraren sektoreko enpresa sorta zabala izan dugularik proposamen oso berritzaileekin, hala nola 0 km-ko produktuak banatzen dituen vending makina bat, glutenik gabeko ogi eta opilak, edo olioa saltzeko proiektu solidarioak. Gainera, mugikortasun jasangarriarekin lotutako ideien barietate handia aurkeztu dute (patineteak, auto elektrikoa edo bizikleta tolesgarriak), baita askotariko beste hainbat proposamen ere, zenbait aplikazioren edo altzari bihurgarriren bidez gure eguneroko egitekoak errazteko pentsatutakoak.

Bestalde, LHko eta unibertsitate-zikloetako ikasleei zuzendutako bisita-zikloa barnean hartzen du Araba Ekinean ekimenaren programak Alde Zaharreko enpresen zentroa eta Gasteizko startup baten egoitza ezagutzeko. Alde Zaharreko enpresen zentrora egingo den bisitarekin oraindik ikasten ari diren gazteek hiriko hainbat gune ezagutu ditzatela lortu nahi da, gune horiek lagungarriak izango baitzaizkie proiektu berriak martxan jarri ditzaten eta hasiera errazagoa izan dadin, hain zuzen ere. Gune horietan dagoen proiektuen barietatea eta haien arteko lankidetza-aukerak ikusi ditzaten. Erreferentzia gisa izan dezaten uneren batean proiektu bat martxan jartzea erabakitzen badute.

Eta Gasteizko startup baten bulegoetara egingo den bisitarekin jende oso gazteak gidatutako ekintzailetza-proiektu bat erakutsi nahi da, jada ekimen bat abian jartzeko gai den jende oso gaztearen eskutik gidatutakoa, ekimen horrekin bilakaera izaten, hazten eta nazioarteko proiekzioa ere lortzen ari direlarik.

Ekintzailetzari buruzko topaketen programa

Ekin Breakfast ekitaldiaren programa berri bat garatuko du aurten ere Araba Ekinean ekimenak, eta lurraldeko ekintzailetzaren hainbat sektore eta alderdiri buruzko doako topaketa tematiko txikiak izango dira. Iaz 7 topaketa izan ziren hiru formatutan (online, hibridoa edo 100 % presentziala), 20 ekimen ekintzaile baino gehiagorekin eta 240 parte-hartzaile ingururekin, eta hogei enpresak baino gehiagok beren ekintzailetza-esperientziei agerikotasuna eman eta partekatu ahal izan zituzten topaketa horietan, eta laguntza eta inspirazio ere izan ziren beren enpresa-ibilbidea hasteko prozesuan dauden beste pertsona batzuentzat. Hainbat esparrutan –hala nola osasunean, mugikortasun jasangarrian eta konponketaren sektorean– izandako ekintzailetza edo atzerritarren eskutik gure lurraldean gauzatutako ekintzailetza-adibideak izan ziren 2023ko zikloko gai protagonista batzuk.

Ekin Breakfast ekitaldiaren programa otsailaren 8an (osteguna) hasiko da aurten eta gure lurraldean ekintzailetzarako eskueran dauden laguntzak izango ditu ardatz. Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua) izango da topaketa goizeko 9:30ean, eta Arabako Foru Aldundiko, Gasteizko Udaleko, BIC Arabako eta Mendinet elkarteko ordezkariek gaur egun ekintzaileek eskueran dituzten udal-arloko, foru-arloko, autonomia-erkidegoko, estatuko eta landa-esparruko laguntzen epeak, xehetasunak eta ezaugarriak zehaztuko dituzte.

Araba Ekinean webgunearen bidez egongo dira eskuragarri informazio guztia eta izen-emateak.

Euskadiko ekintzailetzaren erreferentziazko gune birtual bat

Azken urteetan, ekintzailetzari buruzko erreferentziazko gune birtual bihurtu da alavaemprende.com webgunea, eta ez gure lurraldean soilik, Euskadi osoan baizik. 2023. urtean, 18.500 bisita baino gehiago izan zituen webguneak, eta ekintzailetzaren inguruan sortutako berritasuna guztiei buruzko informazio zehatza eman du. Webguneak atal espezifikoak ditu une bakoitzean indarrean dauden proiektu ekintzaileentzako laguntzak eta dirulaguntzak kontsultatu ahal izateko, jarduera ekintzaileak bertan egin daitezkeen Arabako guneak ezagutzeko edo aholkularitza espezializatua eskaintzen duten eragileak ere aurkitu daitezke. Talentu ekintzailea bilatzeko atal espezifikoa du webguneak, eta Arabako enpresek beraien lan-eskaintzak jarri ditzakete bertan.

Gainera, Araba Ekinean ekimenak sare sozialen plan aktiboa du lurraldeko jarduera ekintzaile guztiak zabaltzeko, eta urtean zehar bere edukiak sortzen ditu. Alde horretatik, Twitterreko profilak 2.300 jarraitzaile baino gehiago ditu jada, Facebookekoak 725 jarraitzaile ditu, Linkedineko web-orriak 892 jarraitzaile ditu eta iaz inauguratutako Instagrameko profilak 222 jarraitzaile ditu jada gaur egun. Araba Ekinean ekimenak Youtubeko kanal bat ere badu, antolatutako topaketa guztien biltegi-lanak egiten dituena, eta iaz 1.000 ikustaldi baino gehiago izan zituzten kanaleko bideoek.

Araban ekintzailetzan ari diren edo aritzea nahi duten pertsona guztiak urtero hazten ari den komunitate honekin bat egitera animatzen ditugu. Azkenik, aipatzekoa da halaber newsletter bat bidaltzen zaiela hilero ia mila harpideduni, sektoreko azken berritasunekin.