Berriak

Bideopilulak ekintzailetzan aritzeko
05/04/2022
Aurkeztu zure hautagaitza Arabako Emakumeen Talentuaren Sarietara!
12/04/2022

Araba Ekinean ekimenaren ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketak Ekintzaileen 44 proiektu jaso ditu eta 2022ko edizioko finalistak izateko lehiatuko dira

  • Bihar bilduko da lehiaketako epaimahaia, lurraldeko eragile ekintzaile nagusiez osatua, eta hilaren amaieran emango dute jakitera zer proiektu iritsiko diren finalera, online ekitaldi batean. Aurreko edizioetako irabazleek parte hartuko dute ekitaldi horretan.
  • Proiektuen aniztasuna nabarmendu du Araba Ekinean ekimenak. Askotariko gaiak lantzen dituzte, hala nola elikadura beganoa, osasun arloko aplikazioak eta berrikuntzak, ontziratu gabeko produktuek merkataritza edo networkinga hobetzeko plataformak, beste batzuen artean. 
  • Maiatzaren 25ean Ekin Day eguna ospatuko dugu. Bertan, sariak banatuko dizkiegu proiektu irabazleei. Hainbat hitzaldi eta eztabaida-mahai izango ditu ekitaldiak, eta izaera berritzailea izateagatik eta ‘Bide berriak esploratzeagatik’ nabarmentzen diren ekintzaileek parte hartuko dute horietan.

2022ko hautagaitzak aurkezteko epea amaituta, Araba Ekinean ekimenaren XVIII. ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketak Arabako ekintzaileen 44 proiektu jaso ditu. Egitasmo horiek ebaluatu egingo dituzte eta edizio honetako 10 sariak jasotzeko hautagaiak izango dira. 11.000 eurotik gorako zenbatekoa batzen dute sari horiek. Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritza (SPRI Taldearen eta BIC Arabaren bidez) eta Vital Fundazioa dira Araba Ekinean ekimena bultzatzen duten erakundeak. Horiek, gure lurraldean dagoen ekintzaileen harrobi bikain hau bultzatzen eta laguntzen jarraitzeko apustua erakutsi nahi izan dute. Izan ere, hori da lurraldeko ideiak eta proiektu ekintzaileak argitara ateratzen 18 urte daramatzan ekitaldi honen helburu nagusietako bat.

Edizio honetan, jasangarritasunarekin, ekonomia zirkularrarekin edo eraginkortasun energetikoarekin lotutako proposamen asko jaso dituztela nabarmendu nahi du ekitaldiaren antolakuntzak. “Gasteiz Europako Hiriburu Berdea aukeratu zutenetik hamar urte pasatu diren honetan, onbidezkoa da egiaztatzea Arabako ekintzaileen harrobi bikain horretan sartzen ari dela ekonomia berdea”. Hala, esaterako, honakoak sortzea planteatu dute proiektu batzuek: parke agrovoltaiko bat, energia berriztagarriekin funtzionatzen duten mugikorren kargagailuak edo oheak banaka berotzeko gailu bereziak. Eraldaketa digitalarekin lotutako proiektuek ere presentzia handia dute. Bestetik, nabarmentzekoa da gure gizarteko erronka berriei soluzioa aurkitzeko kezka agertzen duten pertsona oso gazteek presentzia handiagoa dutela.

Orain, sariketako epaimahaiko kideek ebaluatu egingo dituzte 44 proposamenak. Arabako eragile ekintzaile nagusiek eta lehiaketa babesten duten erakundeek osatzen dute epaimahaia. Bihar, ostirala, apirilak 8, epaimahaiak edizio honetako finalistak aukeratuko ditu Europa Jauregian aurrez aurre egingo duen bilera batean. Finalera iristen diren proposamen horiek apirilaren amaieran emango dituzte jakitera, Ekin Breakfast ekitaldi bereziaren baitan. Aurreko edizioetan lehiaketa irabazi zuten ekintzaileek parte hartuko dute online ekitaldi horretan, eta haien ideiak nola garatu dituzten azalduko dute. Topaketa horretan izen-ematea doakoa da eta webgune honen bidez egin daiteke: www.alavaemprende.com.

Finalera iristen diren proiektuek publikoaren aurrean defendatu beharko dute haien proposamena datorren maiatzaren 19an, Europa Jauregian. Azken irabazleak maiatzaren 25ean (asteazkena) jakinaraziko dituzte, Araba Ekinean ekimenaren jardunaldi nagusia den Ekin Day egunaren baitan.

Hauek dira lehiaketako sariak:

  • On4U saria, ideiarik onenarentzat. 500 euroko zenbatekoa 
  • Aclima saria, ideiarik jasangarrienarentzat. 500 euroko zenbatekoa 
  • Merkataritzako eta turismoko Gasteiz ON saria. 1.000 euroko zenbatekoa
  • Eroski saria, nekazaritzako elikagaien arloko egitasmorik onenarentzat. 1.000 euro
  • Michelin saria, industria arloko egitasmorik onenarentzat: 1.000 euro
  • PreZero saria, zerbitzuen sektoreko egitasmorik onenarentzat: 1.000 euro
  • RPK sari berezia, enpresa arloko eraldaketa sozialekoa: 1.000 euro
  • Vital Fundazioa saria, krisialditik irteteko soluzio eraldatzaileentzat: 1.000 euro
  • Berrikuntzaren Metxa sari berezia: Izen bereko azeleratzaileak ematen dio sari hori proiekturik berritzaileenari eta eskalagarrienari. Datorren Bootcamp Metxan plaza bat eskuratzea da saria, 4.000 euroan baloratua.
  • Publikoaren sari berezia: Ideia finalisten azken aurkezpenera joaten den publikoak aukeratuko du. 300 euro

Ekin Day


Araba Ekinean ekimenaren lehiaketaren egun nagusia, Ekin Day, maiatzaren 25ean egingo dugu Europa Biltzar Jauregian. Bertan banatuko ditugu ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketako sariak. ‘Araba Ekin’ sariak ere banatuko ditugu, urtero bezala; horien bidez, Arabako enpresa arloko pertsona nabarmen baten ibilbidea aitortuko dugu Ekintzaile Handia sariarekin, eta talentu berri bat, Ekin Araban sariarekin. 

Jardunaldi hau, gainera, elkartzeko eta ekintzailetzarekin lotutako ideiak eta esperientziak partekatzeko puntu bat da. Kasu honetan, ‘Ekintzailetza-topia’ kontzeptuarekin lotutako hiru gairen inguruan garatuko dugu edukia; hain zuzen ere, kontzeptu horrekin lotuta egongo dira ekitaldiko jarduera guztiak.

Jardunaldiarekin hasteko, ekintzailetzaren arloko berrikuntza eta bide berrien bilaketa islatzen dituzten pertsonen bi adibide inspiratzaile aurkeztuko ditugu, ‘Bide berriak esploratuz’ izenburupean. Ibon Antero izango da horietako bat, Mondragon Taldeko eraldaketa sozialeko ekintzen koordinatzailea.

Hutsegiteen, norabide-aldaketen edo biraketen inguruan ere hausnartuko dugu Ekin Day egunean, ekintzaileen jardunari atxikita dauden ezaugarriak baitira horiek. Horretarako, Arabako hainbat enpresak parte hartuko dute, eta haien esperientzian oinarrituta hitz egingo dute ‘Esploratzea bada neurri batean huts egitea ere’ izenburupean. 

Amaitzeko, hasiera batean utopikoak irudi lezaketen proiektuak garatu dituzten 4 pertsonaren arteko elkarrizketa bat izango dugu; horiek, arriskatu egin dute bide berriak aurkitzeko eta, orain, beste pertsona batzuk inspira ditzakete. Arlo anitzetako Arabako ekintzaileek partekatuko dituzte haien iritziak amaierako elkarrizketan: María Unceta, María Duol marka kosmetikoaren sortzailea; Manu Muñoz, i+Med enpresa biomedikokoa; Ruth Brito, triatleta eta kirolari berrien prestatzailea; eta Josu Sánchez, Mulixka Dantza Elkarteko zuzendaria.

Ekitaldi nagusi honetan izen-ematea doakoa da, eta dagoeneko egin daiteke, hemen.