Berriak

ASLEk Ekintzaileen Foroa sortu du enpresa-proiektuak sendotzeko laguntza emateko
24/05/2017
Honelakoak dira Vitoria-Gasteizko Udalaren ekintzaileentzako bekak
31/05/2017

Barne-ekintzailetza: enpresaren barrutik ekinez

Enpresetan eta enpresa-sarean azkenaldi honetan ahoz aho dabilen kontzeptua da barne-ekintzailetza. Barne-ekintzailetzak barnetik ekitea du helburu: enpresatik eta enpresarentzat. Negozio, proiektu, negozio-linea edo produktu eta/edo zerbitzu berritzaileen bitartez jarduera ekonomiko berriak sortzeko bide bat.

Barne-ekintzailetzak enpresetako talentua eta barne-ahalmenak aprobetxatzen ditu enpresa horiek aukera berriak sor ditzaten. Alde batetik, erakundeak bere osotasunean merkatuari buruz duen jakintza, barne-ekintzailetzako prozesua hasteko oinarri gisa har daiteke. Bestalde, langileek barne-ekintzaile gisa duten irudiaren potentziala enpresek aprobetxatu dezakete ildo horretan.

Barne-ekintzailetza, gainera, enpresen garapenerako faktore estrategiko bihur daiteke. Aldaketa teknologiko, ekonomiko edo sozialen ondorioz, kasu askotan enpresek ikusten dute euren negozio-eredua desfasatuta geratzen dela eta ezin dutela hori saihestu. Beste hainbat kasutan, faktore askoren ondorioz lehiakortasuna handitu egiten denez, enpresak merkatu berriak bilatzera behartuta daude. Eta kasu guztietan, barne-ekintzailetzak negoziorako eta aberastasuna eta lanpostuak sortzeko aukera berriak agertzea ekar dezake.

Baina barne-ekintzailetza, berrikuntzarekin gertatzen den bezala, ez da ezerezetik sortzen. Hainbat faktore bateratu behar dira barne-ekintzailetza horrek erakundearen barnean ikuspegi estrategikoa izan dezan. Lehen gauza, horretarako aldeko testuinguru bat sortzea da. Barne-ekintzailetzak osagai kultural bat du, eta horregatik hainbat erakundetan modu naturalagoan ager daiteke; beste erakunde batzuetan, ordea, bertako kideen sentsibilizazioa azpimarratu beharko da eta tresnak eta mekanismoak eman beharko zaizkie.

Barne-ekintzailetza prozesu konplexua da, enpresek euren ereduari eta sektoreari buruz egiten duten hausnarketa du abiapuntu; inguruan dituen lehiakideak etengabe zaindu behar ditu; eta enpresaren arlo operatiboan hainbat prozesu eta ekintza sartu behar ditu.

Barne-ekintzailetzak eskaini ditzakeen aukeren jakitun dira erakundeak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak onartu duen Ekintzaileei Laguntzeko Erakunde Arteko Planak bere bost lan-ildoetan barne-ekintzailetzaren sustapena biltzen du. Barne-ekintzailetza Bultzatzeko Ekimena deitutakoa, enpresentzako trebakuntza- eta laguntza-eskaintza integrala da, batez ere 50 langile baino gehiago dituzten industria-eremuko enpresentzat, eta aberastasuna eta enplegua sortzeko ahalmen handiko proiektuak dituztenentzat.

Up!Euskadi blogean informazio, artikulu eta eduki asko daude ekintzailetzari buruz, oro har, eta barne-ekintzailetzari buruz bereziki.

Euskadiko BICek zeregin erabakigarria dute barne-ekintzailetzaren alorrean. Araban, BIC Araba da euskal enpresek proiektu, produktu edo negozio-unitate berriak garatzeko duten ahalmena sustatu eta handitzera bideratutako ekimenak zuzentzen dituena, beste hainbat erakunderekin lankidetzan, adibidez Arabako Ganbera edo SEA Arabako Enpresaburuak. Hainbat enpresa dira dagoeneko ekimenean laguntza eskaini dutenak, eta arrakasta handiko kasuak ere baditu: Alcor, RPK, Aernnova, EGA Master, Praxis edo Elproex dira horietako batzuk.

Barne-ekintzailetzan sakondu nahi baduzu eta zure enpresan horren aldeko dinamikak sortu nahi badituzu, sar zaitez http://www.bicaraba.eus/intraemprendimiento/ webgunean edota jar zaitez harremanetan zuzenean BIC Arabarekin bicaraba@bicaraba.eus helbidean edo 945 29 8282 telefono-zenbakian.