Berriak

Patricia Bedoya, BEGia: “Hainbat pertsonarentzat hain eguneroko gauza den erosketak egitea ere benetako erronka da”
June 10, 2019
Ekin Breakfast: Jasangarritasunez ekitea posible da
June 13, 2019

“Iktus bat jasan ondoren pazienteek jasotzen duten arreta hobetzea da gure helburua”

Begoña Belarrinaga neurologoari eta Saioa Jiménez haren lankideari Hartutako Kalte Zerebralaren Neuroerrehabilitazio Klinika sortzea bururatu zitzaien, iktus bat jasan berri duten pazienteek dauzkaten premiak bertatik bertara ezagutu ondoren. Hartutako kalte zerebrala duten pertsonen diziplina anitzeko tratamendu integralean diharduen klinika horrek irabazi zuen Alegría Activity enpresak babestutako Zerbitzuen kategoriako Saria,  “Zure ideiak balio du” XV. lehiaketaren esparruan.

Proiektu horri buruz gehiago jakiteko elkarrizketa egin diogu Begoña Belarrinagari, hots, ideiaren atzean dagoen buruari.

Araba Ekinean (AE): Nola laburbilduko zenukete zuen proiektua esaldi bakar batean?

Begoña Belarrinaga (BB): Proiektua esaldi bakar batean laburbildu beharko banu., honela egingo nuke: “Iktus bat jasan berri duten pazienteen benetako premia gero eta handiagoari erantzuteko osasun-zerbitzu bat”

AE: Nola sortu zen ideia hori?

BB: Ospitalean neurologo gisa lanean egunero ikusten dugunez, beharrezkoa da iktus bat jasan berri duten pazienteei diziplina anitzeko tratamendu intentsibo bat eskaintzea. Hasiera batean barne-ahaleginak egin ziren paziente horiei eskainitako laguntza hobetzeko eta Osakidetzaren barruan neuroerrehabilitazio-zerbitzu bat sortzeko, baina errehabilitazio-zerbitzuak eta zuzendaritza medikoak borondatea eta gogoa erakutsi bazuten ere, horretarako beharrezkoak ziren materialak ez ziren lortu . 3 urte geroago gutxi gorabehera, “bat-batean nolabait” baina ezinbesteko premia bat zelako uste osotik abiatuta, kalte zerebrala duten pazienteen arretan espezializatutako klinika hori eremu pribatuan sor genezakeela pentsatu genuen.

AE: Zein puntutan zaudete orain? 

BB: Orain gutxi obra-lizentzia eman digute, Udalari eskaera egin genionetik 4 hilabete eta erdi igaro direnean. Hilabete honetan SL sozietatea eratuko dugu, eta aurreikuspenen arabera uztailean hasiko da lokala egokitzeko obra zibila.

AE: Zein da zuen helburua urtebete barru?

BB: Gure helburua da urte honen amaierarako jarduera klinikoa hastea. Gustatuko litzaiguke urtebetean hileko 20 pazienteko kopurura iristea, gure osasun-zerbitzua sare sozial eta webguneetan ikusaraztea, eta teknifikazioa eta berrikuntza txertatzen jarraitzea, jardueratik sortutako baliabideen arabera. 

AE: Zer ekarri dio proiektuari “Zure ideiak balio du” lehiaketan lortutako sariak ?

BB: Zure ideiak balio du lehiaketaren sariak zenbait gauza ekarri ditu berekin: batetik, enpresa-abentura honek babesa baduela sentitzeko aukera eman digu. Korronte bat badagoela eta denok aurrera noranzko berean eta elkarrekin goazela sentitzea. Besteek ere proposamena nik bezala aintzat hartzen dutelako konfiantza. Motibazio-ziztada bat suposatu du. Bestetik, gure gizartean, gure artean,bazegoenik ere ez genekien mundu bat jarri digu begi-bistan.

Ekintzailetzaren mundua, hain zuzen, haren taupadak, haren jendea, haren arnasa. Ezbairik gabe, datorren urtean ere “Ekin Day” berrira aurkeztuko naiz. Lehiaketaren oihartzunak ere harritu ninduen,ez nuen espero benetan. Biharamunean hainbat lankideren whatsappak jaso nituen, zorionak emateaz gain proiektuarekiko interesa azaltzen zutenak. Egun batzuk geroago ere, geldiarazi egiten ninduten ospitalean. Egia esan, nire kasu partikularrean sariak inpaktu positibo handia suposatu du maila guztietan, ekarpen ekonomikoa baino gehiago. Oso eskertuta nago.

Mila esker Begoña Belarrinagari, Araba Ekinean ekimenaren galderei erantzuteagatik.