Berriak

Vitoria-Gasteizko Udalaren Ekintzaileei Laguntzeko Plan Integrala aurkeztu da
22/01/2018
Araba Ekinean 2018 ekimena aurkeztu da
29/01/2018

Berriz programa: ekiteko aukera bat

Gogoa, baduzu. Ideiak, badituzu. Anbizioa ere baduzu. Baina oraindik ez duzu ¡eureka! oihu egitera eramango zaituen negozio-ideia hori aurkitu. Edo, agian, lokal egokia aurkitu ezinean zabiltza. Edo zalantzak dituzu…. Bezerorik izango al dut? lokal bat berritu edo egokitu beharko dut? Izan ere, txanponak bi alde dauzka. Eta txanponaren ifrentzuan hainbat pertsona daude, bateko edo besteko arrazoiak direla medio negozio bat bertan behera uztea erabaki dutenak. Egoera horri erantzuteko, Berriz Enpresa programa sortu da. Arabako Ganberak kudeatutako programa da, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean sortua eta Euskadiko merkataritza-, ostalaritza- eta ostatu-sektoreetan enpresak eskualdatzea errazten duena. Azken urteetan, Arabako Ganberak hainbat ekintzaileri bidea erraztu die beste pertsona batzuk eskualdatu nahian zebiltzan negozioak eskuratzeko prozesuan. Olga Benguriak, adibidez, Gasteizko Vicente Goikoetxea kaleko Golo Golo saltokiaren ardura hartu zuen. “Aukera sortu zen eta ez nuen bi aldiz pentsatu, finkatutako negozio bat zelako, bezero leial eta guzti. Horrek ziurtasuna ematen dizu nolabait, hutsetik ez duzula abiatu behar ikusten duzulako”.

Berriz Enpresaren bitartez, Arabako Ganberak aholkularitza eskaintzen du lehendik dauden enpresek aurrera jarraitzeko har ditzaketen bide guztietan. Negozioaren ardura har dezaketen erosleak bilatzen ditu aktiboki, eta jabeei laguntzen diete balioespen ekonomikoa eta eskualdatzea dakarten administrazio-izapide guztiak egiten, inbertsioekin eta negozioaren errentagarritasunarekin zerikusia dutenak barne. Ekintzaile bat Arabako Ganberara hurbiltzen denean, haren profil profesionalera egokitzen diren negozioak bilatzen ditu aktiboki. Baina, hori ez ezik, negozioaren bideragarritasuna aztertzeko edo enpresa-plana egiteko aholkularitza ere eskaintzen du. Pedro Frailek Berriz Enpresa programarekin bat egin zuen, Arabako hiriburuko Posta kaleko Atenea kafetegi ezagunaren ardura hartzeko. “Nik banuen beste mota bateko negozio bat, baita ostalaritzako beste bat ere, Gasteizko erdigunean” azaltzen du. “Beste lokal baten bila nenbilen, eta Atenea nire premietara egokitzen zela iruditu zitzaidan. Ibilbide luzeko lokala zen, bezero finkoak eta ospe ona zeuzkana. Ganbarak laguntza eskaintzen dizu enpresa eskualdatzeko eta abian jartzeko prozesu osoan, administrazio- eta kontabilitate-alorretako izapideak barne. Erabateko segurtasuna ematen dizu, eta, jakina, konfidentzialtasuna gordetzen dute erabat”.

Berriz Enpresa programak webgune espezifikoa dauka non negozioa eskualdatu nahian dabiltzan pertsonei aukera baten bila dabiltzanekin harremanetan jartzeko aukera ematen dien, eta ekintzaileen eskura eskualdatzeko moduan dauden negozioen eskaintza jartzen duena.

Gainera, Arabako Ganberak badu enpresak eskualdatzeko beste programa bat, Arabako Foru Aldundiak finantzatuta zerbitzu-sektoreko enpresak eskualdatzean diharduena. Lotura honetan kontsulta dezakezue.

Programari buruz gehiago jakin nahi baduzue, Arabako Ganberarekin harremanetan jar zaitezkete zuzenean, camaraalava@berrizenpresa.com helbidean edo 945 14 18 00 zenbakian.

Berriz Enpresa programarekin bat egin duten ekintzaileen beste esperientzia batzuk dituzue ikusgai bideo honetan.