Berriak

Abian da Metxa Bootcamp, negozio-ideiak eta enpresa-erronkak taxutzeko gunea
September 13, 2018
www.araba40.eus webgunea aurkeztu dute, Araban industria digitalaren erreferentzia bihurtzeko helburuarekin
September 24, 2018

“Bideojoko bat garatzea eta merkatura botatzea erronka zaila da, baina posible da”

Uztailean hasi zen Gasteizen mundu osoan aitzindaria den ekimen bat, bideojokoen arloarekin lotutakoa. Lau herrialdetako sei taldek parte hartzen dute hiru hilabeteko iraupena duen campus batean, non, munduko lehen mailako mentoreen eskutik, beren free-to-play (F2P) jokoak ikuspegi holistiko batetik garatzeko aukera duten: programazioa, garapena, marketina, negozio-eredua, diseinu grafikoa, irisgarritasuna….

Campuseko zuzendari tekniko Jon Beltrán de Heredia elkarrizketatu dugu, azal diezagun zertan dautzan zehazki F2P arloan ekintzailetzan aritzeko aukerak.

 

Zer da free-to-play (F2P) bideojoko bat?

Doan deskargatu eta jokatu dezakezun jokoa da free-to-play bideojokoa. Azken urteetan gehien zabaldu den negozio-eredua da, eta joko arrakastatsuenek erabiltzen dutena da. Candy Crush, Clash of Clans edo Fornite erabat doan dira.

Joko horiek fakturazioa izateko egiten dutena zera da, jokoaren barruan gauzak saltzea. Jokalarien zati txiki bat hain motibatuta dago ezen jokalari horiek dirua gastatzen dutela objektu birtual horietan. Bizitzak, armak, jantziak, eta abar, izan litezke. Eta gastatzen duen jende horri esker sortzen da fakturazioa.

Gertatzen dena zera da, doan direnez, ordaindu beharrekoak izanez gero iritsiko ziren jendearengana baino jende askoz ere gehiagorengana iristen direla. Eta hori horrela, Candy Crush eta horrelako jokoak izan ditzakezu, 100.000.000 erabiltzailerekin. Mundu osoko 100 milioi pertsonak irekitzen dute jokoa eta egunero jokatzen dituzte beren partidak. Beharbada guztizkoaren % 1-% 3k gastatzen du dirua, baina gastatzen dutenek normalean joko bat erosten gastatzen zutena baino gehiago gasta dezakete.

Eta fakturazioei buruzko datu batzuk argitaratzean (ez da ohikoa izaten), ikus dezakezu titulu batzuek egunean 5 milioi euroko diru-kopurua sortzen dutela.

 

Nola sortu zen Gasteizen F2P Campusa sortzeko ideia?

Gasteizen, Araban eta Euskadin sustatu nahi zuten erakundeek bideojokoen garapena, horretan saiatu, eta deitu egin ziguten gure ustez zer egin zitekeen galdetzeko. Industriari begira interesgarria izan daitekeen zerbait bilatzen dugu. Ez bakarrik tokikoari begira, hor oso gutxi baitago, baizik eta zerbait esanguratsua industriako jendearentzat, betiere bertaratzea interesgarria izateko moduan edonon izanda ere.

Ideia nahiko berezia da, eta edonon begiratzen duzula ere ez duzu hau bezalako beste campusik aurkituko, taldeek hiru hilabete egoteko eta industriako aditu onenen aholkularitza jasotzeko aukera izaten baitute. Alde batetik, proiektu oso interesgarriak dauzkaten taldeak dauzkagu eta bestetik, nazioarteko adituen laguntza izan dugu.

 

Zer aukera eskaintzen ditu sektoreak bertan ekintzaile izan nahi duten pertsonentzat?

Bideojokoaren industria sektore oso handia da oraintxe. Urtean 120.000 milioi inguru fakturatzen ari da eta urtean % 10etik gorako erritmoan hazten ari da, eta, horrenbestez, jarduera ekonomiko oso handia dago.

Ekintzailetzan aritzeko modu argi bat bideojoko bat garatzea eta merkaturatzen saiatzea da. Erronka bat da, ez da erraza baina posible da, eta lortzen ari diren taldeak daude. Lan oso handia eskaini behar zaio, zenbait trebetasunen jabe izan beharra dago, hala nola programatzen jakitea, artea egiteko gai izatea, eta abar. Eta gero merkatuak nola funtzionatzen duen ikasi behar da, horri etekina ateratzeko.

 

F2P bideojoko bat sortzea erabakitzen duten pertsonen artean, zein da profil profesional ohikoena?

Diziplina mota guztietako lana eskatzen du bideojoko bat egiteak. Programazioko zati oso handi bat darama, non teknologia-ezagutzak behar diren; arteko zati bat darama, non marraztu egin behar den, testurak egin behar diren, 3D-n modelatu eta animatu behar den; jokoa diseinatuko duten eta arauak, istorioa, pertsonaiak, girotzea, eta abar, kontzebituko dituzten pertsonak behar dira, gero dibertigarria izan dadin eta engantxa dezan. Horiek dira hiru arlo bereziak, eta ikusiko duzunez, espezialitate oso desberdinak dira.

Gero, musikari bat ere beti da beharrezkoa, soinu-efektuak egiten dituen norbait. Gidoilari bat beharrezkoa izan liteke, jokoak historia-osagai sendoa badu. Kalitate-kontrolaz (QA) arduratzen den eta jokoa probatzen duen jendea behar da. Datu-analisian aditua den jendea behar da datu horiek biltzeko, zer geratzen ari den jakiteko eta erabakiak hartzeko.

Azkenean, bideojoko bat garatzeko profilak behar dira arlo askotan, eta zenbait kasutan taldeak hain izan daitezke handiak ezen espezializatutako profesionalak dituztela atal oso jakin batean.

 

Zer aukera eskaintzen ditu Gasteizek ekintzailetzan aritzeko bideojokoen arloan orokorrean eta F2Pren arloan zehazki?

Nik dakidanez, Euskadin, eta Araban zehazki, erakundeek laguntza dezente dituzte edozein sektore teknologikotako enpresa bat abiarazten saiatzen den jendearentzat. Orduan, norbaitek horrelako zerbait egin behar badu, informatzera joan beharko du zertan dautzan eta zer eskakizun dituzten jakiteko.

Bideojokoei dagokienez, sektoreko aditu handienen doako hitzaldiak izan ditugu F2P Campusean. Edonor bertaratu daiteke eta informazio oso baliotsua partekatu da, beste leku batzuetan aurkitzea erraza ez den informazioa. Hitzaldi publikoetara bertaratu ahal izanez gero, ikasi ahal izateko toki zoragarria da hori, Hego Koreatik, Txinatik, Suediatik, Estatu Batuetatik eta horrelako herrialde urrunetatik datozen hizlariekin harremanetan jartzeko.

Datorren urtean F2P Campusa errepikatzen bada –oraindik ez dakigu–, free-to-play bideojokoaren industria nolakoa den ikusi ahalko dugu berriz ere uda-partean, hementxe, etxetik hurbil.