Berriak

EXPLORER ARABA SPACE
Explorer Araba Spacek ideia berritzaileetan oinarritutako hogei proiektu hautatuko ditu
25/11/2020
Escape Bask: “Emozioz eta misterioz betetako turismo-esperientzia bat eskaintzen dugu”
02/12/2020

Birgaitzea jasangarritasun-aukera eta ekintzailetza-nitxo gisa nabarmentzen ari da

Hiri-birgaitzea negozio-aukera gisa nabarmentzen ari da, energiarekin, ekonomiarekin eta lurzorua edo materialak aurreztearekin zerikusia duten arrazoiengatik. Jasangarritasuna sektore horren berezko faktorea dela dirudi. Azken Ekinbreakfastean, birgaitzearekin modu batean edo bestean lotuta dauden arabar enpresetako ordezkariek luze eta zabal jardun zuten gai horren gainean. Birketa-ko Luis Albak; Ecoisola-ko Jon Albak; Baransu-ko Gorka Elorzak; eta Atari consultores-eko Maite Bravok.

Hona hemen online topaketa horren ondorioetako batzuk.

Jasangarritasuna, bai edo bai

Birgaitzea eta jasangarritasuna eskutik lotuta doaz. Eraikin berriekin lurzorua okupatzea saihesten du; hainbat teknika eta material erabiliz energia aurreztea ahalbidetzen du; egitura eta isolamenduetan gero eta material jasangarriagoak erabiltzen ditu; eta, azken batean, energian eta ekonomian aurreztea dakar, eta erosotasuna handitzen du.

Merkatu-ikusmoldea

Sektore horretan diharduten enpresek (eraikuntza-enpresak, materialen hornitzaileak, isolamendu-enpresak, arkitektura-estudioak, etab.) oso merkatu-ikusmolde argia eduki behar dute; oro har, bezeroak pertsonak dira, indibidualak edo erkidegotan elkartuak. Horrek mentalitate-aldaketa handia suposatzen du, sektoreko aktoreek sustatzaileengana edo administrazio publikoetara jotzeko ohitura zutelako.

Sektore bereizi eta hurbil bat sortzea

Birgaitzearen sektorea oso atomizatua dago, eta oso lehiakorra da. Baina, horrez gain, oraindik ez da behar adina garatu. Beharrezkoa da sektore hori argi eta garbi eratzea, horrek materialen hornidura hobetuko duelako, ezagutzen transmisioa handituko duelako, eta sektorea profesionalizatzeko lagungarri izango delako.

Herritarren sentsibilizazioa

Herritar gehienak ez daude sentsibilizatuta energia aurreztearen alorrean, eta birgaitzearen abantailak ere ez dituzte ezagutzen. Ez dakite energia nola aurrezten den, ezta etxebizitza baten kontsumoa murriztea dakarten faktoreak zein diren ere. Dirulaguntzen berri ere ez dute, ezta energia aurrezteak epe luzera dakarren aurrezki ekonomikoaren berri ere. Zer egin asko dago ildo horretan, eta lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa izango da.

Profesionalen prestakuntza

Profesionalen prestakuntza funtsezko faktore bat da. Arkitekturaren edo eraikuntzaren alorretan jasangarritasunaren eta birgaitzearen ikuspegitik prestatutako pertsonen eskari handia dago une honetan. Enpresek prestakuntzan inbertitu behar dute, eta administrazio publikoek lagundu, egungo premietara egokitutako prestakuntza-eskaintza sendoa eginez.