Berriak

Arabako ideia ekintzailerik onenak Europa Biltzar Jauregian elkartuko dira
24/05/2022
Hauek dira “Zure ideiak balio du” lehiaketaren 2022. edizioaren irabazleak
25/05/2022

Carlos Delclaux eta Inalia enpresa, Araba Ekinean 2022ko saridunak

  • Gaur iragarri dituzte aitorpenak Ekin Day-n eta, aldi berean, 45 proiektuk lehiatu duten ‘Zure ideiak balio du’ txapelketan balorazio onena lortu duten proposamenak zein diren ere jakinarazi dute
  • Ekitaldian izan dira Ruth Brito, María Unceta-Barrenechea, Manu Muñoz, Josu Sánchez, Ibon Antero eta Isabel Mellén

Araba Ekinean ekimenaren helburua da lurraldean espiritu ekintzailea sustatzea eta honako hauek antolatzen dute: Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen eta BIC Arabaren bidez, eta Vital Fundazioak. Ekimenak, Ekin Dayren baitan, gaur banatu ditu urteko sariak, Arabako gizartean aberastasuna sortu duten eta sortzen jarraitu duten pertsona eta proiektu ekintzaileen ibilbidea aitortzea xede dutenak. Aurtengo edizioan, Ekintzaile Handia saria Carlos Delclauxek, Vidrala enpresako presidenteak, eskuratu du. Vidrala lurraldeko enpresa nagusietako bat da, Laudion dago eta beiraren sektorean mundu mailako erreferentea da. Bestalde, Arabako Teknologia Parkean kokatuta dagoen Inalia ‘start up’ak eskuratu du Araba ekinean saria. Enpresa horrek mekanika, instrumentazioa eta datuen azterketa bateratzen ditu gero hainbat sektoretan (berriztagarrietan, besteak beste) aplikatu ahal izateko. Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, eta Arabako diputatu nagusiak, Ramiro Gonzálezek, Europa jauregian banatu dituzte bi sari nagusiak. Zeremoniaren hasieran, ‘Zure ideiak balio du’ XVIII. Lehiaketaren proiektu irabazleak zein diren iragarri dute.

Ekintzaile Handia saria: Carlos Delclaux

Carlos Delclaux Vidralako Administrazio Kontseiluko presidentea da 2002tik. Deustuko Unibertsitatean ekonomia- eta enpresa-zientziatan lizentziatua, bere ibilbide profesionala BSN Gervais Danone beira-industriako multinazionalean hasi zuen. Gero, bankuen sektorera igaro zen. Kontseilaria izan da hainbat konpainiatan. Vidralako presidente lanean, emaitza bikainak lortu ditu. Laudioko enpresak gaur egun 3.500 langile baino gehiago ditu hainbat herrialdetan banatutako fabrikatan lanean, eta urtean beirazko 7.000 milioi ontzi baino gehiago produzitzen ditu. Fakturazioa 1.000 milioi euro baino gehiagokoa da. Vidrala ekonomia zirkularraren arloan erakusgarri eta erreferente bihurtu da beiraren bizitza baliagarria luzatzen jarraitzeko birziklatutako beira aprobetxatzen duelako. Ekintzaile Handia saria bere ibilbide osoari eta lurraldearekiko konpromisoari egindako aitorpena da. 2012an, Carlos Delclauxek urteko euskal enpresaburua aitorpena jaso zuen.

Araba ekinean saria: Inalia

Etorkizun oparoena duen ibilbide ekintzaile gaztea aitortzen duen Araba Ekinean saria Inaliak, pandemiaren erdi-erdian Alex Anda eta Jaime Fernández ingeniariek sortu zuten Gateizko start up gazteak, eskuratu du. Bi urte eskasetan, aitorpen esanguratsuak lortu ditu: Cern2B saria, BIND 4.0n parte hartzeko aukera edo ‘Gasteiz laborategi-hiria’ programarako aukeratu izana, besteak best’. Hain zuen ere, iaz Araba Ekinean ekimeneko ‘Zure ideiak balio du’ XVII. Lehiaketako kategoria industrialean garaileak izan ziren. Inalia mekanika, instrumentazioa eta datuen azterketa bateratzen dituen eta era askotako sektoretarako aplikazioak prestatzen dituen enpresa da: energia berriztagarriak, industria 4.0, osasuna, obra zibila edo ekipo-ondasunak, besteak beste. 

‘Zure ideiak balio du’ lehiaketa

Ekin Day ekimenean, gainera, ‘Zure ideiak balio du’ XVIII. Lehiaketako maiatzaren 19an, ostegunean, ikusleen eta epaimahaiaren aurrean beren proposamenak aurkeztu zituzten 23 finalisten artetik proiektu irabazleak iragarriko dituzte. 45 partaide izan ditu lehiaketak aurten. Hauek izan dira 2022ko edizioko irabazleak.

Bide berriak aztertzen

Ekin Day ekimena 17:00etatik aurrera egin da Araba Ekinean ekimenaren aurtengo edizioaren lelo nagusiaren pean: ‘Emprendetopia. Bide berriak aztertzen’. Hitzorduan, lurraldeetan berrikuntza bultzatzen eta erronka berrien aurrean irtenbide berriak bilatzen ekintzaileek betetzen duten rola aitortzen saiatu dira. 

Topaketa hura antolatu duten lau erakundeetako ordezkariek inauguratu dute. Hasteko, Ibon Anterok, Mondragon Taldearen (hori da ekiteko modu berriak bilatzen aktiboenetako bat) eraldaketa sozialeko ekintzen koordinatzaileak, eta Isabel Mellén arabar ekintzaileak, artearen historian eta filosofian espezializatutako ikerlari eta dibulgatzaileak, hitzaldi bikoitza eskaini dute. Ondoren, Arabako enpresen panela egin da eta akatsak ere hobetzeko aukera direla erakusteko, haien ekintzailetza-ibilbidean egin dituzten akats guztiak partekatu dituzte bertaratutakoekin. Gai horiek izan dituzte hizpide honako hauek: Meteo for Energy, Madariaga Studio, Intergaiak eta Device Sistemas.

Topaketa amaitzeko, Arabako ekintzaileen arteko elkarrizketa oso berezia egin dute. Bertan izan dira María Unceta-Barrenechea, María Duol kosmetika-markaren sortzailea; Ruth Brito, atleta eta ekintzailea; Manu Muñoz, berrikuntzaren eta osasunaren arloan etorkizun oparoena duen eta duela gutxi Miñaoko bere egoitzan 20 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin duen enpresetako bateko, I+MEDeko, CEOa; eta Josu Sánchez, Mulixka Dantza Elkarteaneko zuzendaria.