Berriak

f2p campus de vitoria gasteiz
Gasteizko F2P Campusak sei talderen proiektuak hautatu ditu 2023ko ediziorako, 12 herrialdetatik jaso dituen hautagaitzen artean
11/07/2023
cuarta edicion del f2p campus
F2P Campusaren laugarren edizioa, munduko free-to-play bideojokoen lehen campus azeleratzailea, hasi da Gasteizen. Turkiako, Txileko eta Kubako taldeek eta kataluniako bi taldek parte hartuko dute.
19/07/2023

Chubby Apps: “Proiektu ekintzaile batek aurrera egin dezan, batez ere hiru oinarri izan behar ditu: produktua, marketina eta negozioa”

chubby apps premio emprender alava

Joan zen maiatzaren 4an, Ekin Day eguna ospatu zen, eta hantxe banatu ziren Zure Ideiak Balio du Lehiaketaren 2023ko sariak.

Chubby Apps Asier García Moratoren eta Patricia Bedoyaren start up-ak irabazi zuen Arabako ekintzaileen saria. Sari horrek balioa eman nahi dio urteko etorkizun handienetako ibilbide ekintzaile gazte horri. Bi urte baino gutxiagoan, Estatu zein nazioarte mailako hainbat sari jaso du Chubby Appsek, besteak beste: Pfizer Fundazioak eta The Cube ekimenak antolatutako Innomakers4health. Gaur egun, Gasteizko alde zaharreko enpresen Udalaren haztegian lan egiten dute.

Asier García Morato elkarrizketatu dugu, proiektua hobeto ezagutzeko.

Araba Ekinean (AE):  Zergatik erabaki zenuten lan egonkor bat utzi, ekintzaile izan eta Chubby Apps sortzea?

Asier García Morato (AG): Patricia eta biok beti izan gara sormen handiko pertsonak eta geldiezinak. Txikitatik gustatu izan zaigu gauza berriak imajinatzea eta sortzea. Nire kasuan, aurrez nuen lanean, zortea nuen, nire irudimena erabiltzeko aukera bainuen (gehiago edo gutxiago), baina halako batean ohartu nintzen komunikazioa gustuko nuen arren, teknologia zela benetan atsegin nuena. Gauza bera gertatu zitzaion Patriciari.

Lanbidez aldatzea erabaki genuen biok eta, ezagupen handiak genituen arren, zaila ikusten genuen batere titulurik izan gabe inork kontrata gintzan. Beraz, geure kabuz zerbait egiteari ekin genion eta erabaki genuen, gainera, geure erara egingo genuela.

Teknologia ikusteko dugun moduaren aldeko apustua egin genuen. Gure ikuspegi horretan, ez da erabilera-eskulibururik behar, teknologia pertsonei laguntzeko da, pertsonen pribatutasuna errespetatzen du eta, gainera, erakargarria da.

(AE): Pandemia bete-betean sortu zen Chubby Apps. Pentsatzen dugu ez dela erraza izan, baina, zein izan da aurre egin behar izan diozuen erronka handiena?

(AG): Orain, Pfizer eta Apple enpresek babesa eman diguten honetan, erraza da gure proiektuan sinestea, baina hasieran, eszeptizismoz begiratzen zigun jende askok. Kazetari bat eta barne-arkitekto bat enpresa teknologiko bat sortzen; txiste baten hasiera dirudi.

Biok genuen argi zertarako gai ginen eta, hiru urte hauetako zati handi batean, ahalegin handia egin behar izan dugu, gaur egun dugun sinesgarritasuna irabazteko.

(AE): Atzera itzultzerik bazenute, aldatuko al zenukete zerbait?

(AG): Iraganari begiratzen diogunean, egin ditugun hanka-sartze guztiei erreparatzeko joera dugu. Hutsegite txikienei zein hanka-sartzerik handienei. Zentzuzkoa dirudi, hagaxka magiko bat izango bagenu, gaizki egindako guztia ezabatu nahi izatea, baina uste dut egiten ditugun akatsek pertsona gisa hobetzen laguntzen digutela. Eta, hain zuzen ere, etengabe ikasten ari garelako lortu dugu honaino iristea.

(AE): Zer aholku jaso nahi izango zenuketen Chubby Apps proiektuarekin hasi zinetenean?

(AG): Proiektu ekintzaile batek aurrera egin dezan, batez ere hiru oinarri izan behar ditu: produktua, marketina eta negozioa. Kalitatezko produktu berritzaile bat izateak artearen egoeran aurrera egiten eta lehiakideengandik bereizten laguntzen dizu, baina ez du ezertarako balio, produktu hori nola saldu ez badakizu. Beraz, marketina landu behar duzu. Baina, produktu ona eta marketin ona izanda ere, dirurik irabazten ez baduzu edo negozioa iraunkorra izan dadin lortzen ez baduzu, hobby baten aurrean zaude. Hiru elementuak batuta bakarrik lor dezakezu proiektu bat izatetik enpresa bat izatera iristea.

(AE): Non ikusten duzue zuen burua bost urte barru?

(AG): Hiru urte hauetan gauza harrigarriak gertatu zaizkigu, inoiz burutik pasatuko ez zitzaizkigunak, beraz, ezusteetarako irekita uzten dugu atea.

Arabako ekintzailetzari buruzko albisterik, laguntzarik edo ekitaldirik galdu nahi ez baduzu, harpidetu zaitez gure newsletterrera, edo jarrai gaitzazu LinkedIn, Twitter edo Facebook-en.