Berriak

Enpresa sendotzeko programa 2018
February 1, 2018
Enpresa Azoka: pizgarri berria Arabako ekintzailetzarako
February 8, 2018

“Zure ideiak balio du” Lehiaketan parte hartzeko arrazoiak

Negozio-ideia bat baduzu. Burura etorri zaizu, jorratzen ari zara edo etorkizunean gauzatzeko asmoa duzu. Kasu horretan, zure lehiaketa aurkitu duzu. “Zure ideiak balio du” lehiaketa zu bezalako jendearentzat pentsatuta dago, eta guk zure ideiari bultzada sendoa eman nahi diogu. Zu parte hartzera animatzeko bost arrazoi bururatzen zaizkigu.

Zure ideiak bultzada txiki bat behar du

Erdizka duzu ideia, guztiz zehaztu gabe, zalantzak dituzu…. Ederki, oraintxe duzu aukera. Egin buru-mapa bat, hartu post-it batzuk, aurrera egiteko traba egiten dizuten puntuak idazteko, eta gero hasi ordenagailuan tekleatzen. Horixe da zure ideia aurrera eramateko behar zenuen bultzadatxoa.

Ikasi zure proiektua aurkezten

Orri gutxi batzuetan edo minutu gutxi batzuetako speech batean laburtzen ikasi behar duzu, baldin eta inbertitzaileak, bezeroak edo partnerrak lortu nahi badituzu. Eta lehiaketa honetarako eginez horretara ohitzen joateko aukera izango duzu. Praktika hartuko duzu, eta gaizki egindakoetatik ikasiko duzu.

Baliozkotu zure ideia… edo bertan behera utzi

Ekintzailetzaren munduko adituek osatzen dute epaimahaia. Hamaika proiektu ikuskatzen dituzte urtean, eta beraz ongi dakite zerk egin dezakeen aurrera eta zerk ez. Zure ideia baliozkotzen badute, hori berri ona da zuretzat. Eta hala ez bada, gauza bera, ideia birplanteatzeko edo haren gainean pilotatzeko aukera emango dizulako horrek. Edo bestela ere aurrera jarraitzeko aukera.

Ideia ezagutzera emateko aukera

Araba Ekinean parte hartzeagatik bakarrik zure ideia ezagutzera emango duzu. Lehenik eta behin, Arabako adituen eta ekintzailetzaren agenteen artean. Eta, finalera pasatzen bazara, askoz ere jende gehiagoren artean. Eta kategorietako batean irabazten baduzu, zer esanik ez.

Saria

Ez dizu enpresa bat muntatzeko adina emango, enpresa-proiektu orok gutxieneko inbertsio bat behar duelako, baina eskudirutan ematen diren sariak ez dira nolanahikoak.

Nolanahi ere, esperientzia da eramango duzun gauzarik onena. Finalista izan diren edo irabazi duten hainbat proiektu oso urrutira iritsi dira gero. Eta finalista izan ez diren eta irabazi ez duten beste hainbat ere bai. Beraz, anima zaitez, irakurri lehiaketaren oinarriak eta hasi zure proposamena prestatzen. Aukera batzuk bizitzan behin bakarrik agertzen direlako.

Horra bost arrazoi sendo. Eta zuri, besteren bat bururatzen al zaizu?