Berriak

Eusko Jaurlaritza urteko merkatari ekintzailearen bila dabil
07/10/2019
5 aholku saltoki bat abian jarriz ekiteko
29/10/2019

E-Commerce bat sortu eta ekimenetik bizirik ateratzeko aholkuak

Joan den urriaren 17an, osteguna, Reforamurrio Enpresaldeak Ekin Breakfast bat antolatu zuen, E-Commerce-ak ekintzaileei eskaintzen dizkien aukerak erakusteko helburuarekin.

Ángel Villaren (On4u Global Services), José Ignacio Rodríguezen (Fitnessdigital) eta Andoni Jauregiren (Aranoa Zapatak Amurrio) hitzaldiei esker, online merkatuan ekiterakoan kontuan hartu beharrekoak ikusteko eta haien esperientziatik ikasteko aukera izan genuen.

Online saltzeari ekin eta erabakiak hartzen hasi baino lehenago garrantzi handikoa da zure burua ezagutzea eta zure negozioarekin noraino iritsi nahi duzun jakitea” ziurtatu zuen Angel Villak bere hitzaldiari hasiera ematean. Erabaki batean asmatzeko beharrezkoa da zure taldearen gaitasuna zein den, hasierako eta hileroko inbertsiorako zer baliabide ekonomiko dauzkazun eta negozioaren aukerak zein diren jakitea.

Informazio hori eskura daukazula askoz ere errazagoa da plataforma, hornitzaileak, ordaintzeko metodoak, azpiegitura eta gainerakoak erabakitzea. “ON4U-n Magentorekin dihardugu elkarlanean, baina badira beste zenbait plataforma zure online denda muntatzeko oso interesgarriak direnak, hala nola Woocommerce, PrestaShop edo Shopify” ziurtatu zuen Villak, eta honela amaitu zuen: “kontu handiz ibili behar da dena teknologian ez gastatzeko, bestela gero, abiarazteko momentuan, gasolinaren faltan egon gaitezke-eta”.

Bestetik, José Ignacio Rodríguezek, hainbat urtez Fitnessdigital zuzentzeko lanetan aritu denak, urte horietan guztietan ikasitako gauzetako batzuk partekatu nahi izan zituen gurekin. “Dena dimentsionatu eta baliabideak bideratu baino lehenago, zure asmoa ongi zehaztu behar duzu, eta gero pausoz pauso abiatu. Guk hasieratik argi eduki genuen: salerosketan ibiliko zen retail bat izan nahi genuen, eta horretan jarraitzen dugu”.

 Nahiago dugu garestitik gutxi saldu merketik asko saldu baino”, ziurtatu zuen; izan ere, “1.000 euroko zerbait saltzeak eta 100 euroko zerbait saltzeak ahalegin berbera eskatzen digu azpiegituraren aldetik”. Gainera, hornitzailearekin ados jartzearen eta harekin haztearen garrantzia azpimarratu zuen, “prezio-gerra batean sartzeak ez duelako inolako zentzurik”.

Azkenik, Andoni Jauregik hitza hartu zuen ohiko saltoki bat sarera eramatean bizi izan duen esperientzia azaltzeko. “Honetan hasi berria denarentzat prestakuntzarik eza da arazo handiena, eta prestakuntza hori aurkitzeko zailtasuna. Ikasten, esperimentatzen eta zikloak kontrolatzen joaten zara, pixkana-pixkana” ziurtatu zuen. Haren kasuan, E-Commerce-ak ez ditu saltoki fisikoaren salmentak ordeztu, osatu baizik.

Araba Ekinean ekimenaren azken Ekin Breakfast saioen berri izan nahi baduzu, egin zaitez gure newsletterraren harpidedun, edo jarrai iezaguzu Twitterren, LinkedInen edo Facebooken.