Berriak

Araba Ekinean ekimenak 2024ko bere edizioa abiarazi du lankidetzak duen garrantzia erakutsiz
05/02/2024
Ekin Breakfast: Bereizten diren saltokiak
22/03/2024

Ekin Breakfast: Araban Ekintzailetzan 2024an

Otsailaren 8an (osteguna) garrantzi bereziki handiko ekitaldia egin zen Arabako ekintzailetzaren arloan sartu nahi duten gizon-emakume guztientzat. Vital Fundazioa Kulturuneko instalazioetan antolatu zen 2024ko lehen “Ekin Breakfast” ekitaldiak gaur egun negozio berriak abian jartzen laguntzeko Araban dauden eta ekintzaileek baliatu ditzaketen programen gaineko begirada sakona eskaini zuen.

Alberto Codesal Gasteizko Udaleko ordezkariarekin hasi zen jardunaldia, eta hiriko ekintzaileek eskueran dituzten udal-laguntzak aurkeztu zituen, erabili daitezkeen baliabideei buruzko informazio baliotsua ere eskainiz. Azaldu zigunez, baliabide eskuragarriei buruz egunean egoteko modurik onena buletin elektronikora harpidetzea da, honako esteka honetan: https://vitoria-gasteiz.org/empresas. Hainbat laguntza daude Gasteizko ekintzaileentzat: Ekintzailetzan aritzeko bekak, Autonomoentzako txekeak, Enpresak sortzeko eta sendotzeko laguntza, Lan-kontrataziorako laguntza ekonomikoak, Ekonomia zirkularreko proiektuak garatzeko laguntzak, eta Ikus-entzunezko proiektuak garatzeko eta ekoizteko, eta gidoiak idazteko laguntzak, besteak beste.

Adrián Pérez de Mendiguren Arabako Foru Aldundiko ordezkariak hartu zuen hitza probintzian ekintzaileek eskueran dituzten foru-laguntzak zehazteko, foru-erakunde horrek enpresa-garapenarekin duen konpromisoa nabarmenduz. Azaldu zigunez, Araban enpresa berrien sorkuntza bultzatzea eta sustatzea dute helburu, enpresa sortu berriei zein sendotzeko eta hedatzeko fasean dauden enpresei laguntzak eskainiz.

Maitane Txabarri BIC Arabako ordezkariak Eusko Jaurlaritzak eskainitako laguntzei buruzko zein Estatuko eta Europako hainbat iturritatik datorren laguntzari buruzko informazioa partekatu zuen, finantzaketa-aukeren ikuspegi integral bat eskainiz. Startup-ak sortzeko, finantzatzeko eta hazteko hainbat laguntza daudela azaldu zigun Maitanek. Honako esteka honetan kontsultatu daiteke: https://www.bicaraba.eus/es/ayudas/.

Azkenik, Jimena Velasco Mendinet elkarteko ordezkariak EAE Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetako ekintzaileek eskueran dituzten laguntza espezifikoak aurkeztu zituen. Ekintzailetzako eta barne-ekintzailetzako laguntzak, Nekazaritza-arlokoak ez diren enpresentzako eta nekazaritza-dibertsifikaziorako inbertsioak edo baita besteren kontrataziorako laguntzak ere.

2024. urtean ekintzailetzan aritzeko egutegiaren ikuspegi orokor bat izaten lagundu zien bertaratuei ekitaldiaren programak. Mintzaldien ondoren, elkarrizketarako tarte bat zabaldu zen, eta parte-hartzaileek galderak planteatzeko eta hizlariekin ideiak eztabaidatzeko aukera izan zuten.

Laburbilduta, urteko lehenengo “Ekin Breakfast” ekitaldia balio izugarri handiko topaketa izan zen Araban negozio bat hasteko eskueran dauden aukerak eta baliabideak ezagutu nahi dituzten ekintzaileentzat. Eskerrak eman nahi dizkiegu hizlari guztiei informazio baliotsu hori guztia partekatzeagatik, baita ekitaldian izan ziren pertsona guztiei ere. Datorren Ekin Breakfastera arte!