Berriak

5 arrazoi Bideo-jokoen Ekin Breakfastera joateko
July 9, 2019

Ekin Breakfast: bideojokoaren industriaren aukerak

Diru-sarrera gehien sortzen dituen industria sortzailea zein ote den galdetuta, agian gehienok zinema edo musika dela pentsa genezake, baina ez da hala, orain urte batzuetatik bideojokoek lehen postua berenganatu dutelako sailkapen horretan. Eta bereziki telefono mugikorrak iritsi zirenetik, eta horrek publikoan eragin duen dibertsifikazio handiaren eraginez. 

Etengabe hazten ari den sektorea da, eta dagoeneko 140.000 milioi eurotik gora fakturatzen ditu mundu osoan. Beste era batera esanda, aukera eta posibilitatez jositako sektorea da. Horregatik, ekintzaile asko Villa Suso Jauregira hurbildu dira, bideojokoen gaineko Ekin Breakfastean parte hartzera.

Jon Beltrán de Herediaren eta Raúl Herreroren (F2P Campus munduko free-to-play bideojokoen lehen campus-azeleratzailearen zuzendarikideak), Jose Luís Juradoren (Hypeful) eta Jonathan Larrinagaren (Hunters of Magic) eskutik, sektoreko mota guztietako xehetasunen berri izan dugu.

Joko bat baino askoz ere gehiago

Izan ere, Jon Beltrán de Herediak esan duenez, “beste batzuek egindako okerrak ikustean errazagoa da oker horiek berriz ere ez egitea”. Horregatik, Ekin Breakfast-aren aukera aprobetxatu du zenbait aholkuren berri emateko:

  • Ideia argi edukitzeak ez du arrakasta bermatzen, baina hala ez bada ez duzu ezer ere lortuko.
  • Erresilientziaz jokatu behar duzu, ekitea gogorra da betiere, baina horrek ez du esan nahi merezi ez duenik.
  • Batzuek uste dute inbertsioa dela arrakastaren gako bakarra, baina ez da horrela. Dirua edukitzeak aireratzeko pista luzatzen du, baina hegazkina aireratzen ez bada ez du ezertarako balio.
  • Ekintzailetzan, bideojokoetan bezala, ez duzu zertan aukera bakarra eduki.
  • 20 urtean bideojokoen merkatua asko aldatu da; orain oso saturatuta dago. Joko bat egitea errazagoa da, agian, baina joko on bat egitea ez. Jokalarien arreta erakartzea zaila da, eta beraz, atentzioa ematen dien zerbait sortu behar da.

Raul Herrerok, berriz, itxaropenak kudeatu beharra azpimarratu du. “Steve Jobs, Bill Gates edo Elon Musk garaile handiengan arreta jartzeko joera dugu; zure proiektua maila horretara iristen ez bada, ordea, horrek ez du esan nahi porrot egin duzunik.” Garrantzitsua da erreferentzia egokiak hartzea; izan ere, “zure jokoa Candy Crush berria izan dadila lortzea loteria tokatzea baino zailagoa da!”.

Euskadin egindako bideojokoak 

Bestetik, Jose Luís Juradok (Hypeful) eta Jonathan Larrinagak (Hunters of Magic) Euskadin bideojokoak garatzen izandako esperientzien berri eman digute. “Gure enpresa Gasteizen dago, eta hori hala da Arabako erakundeak apustu handia egiten ari direlako bideojokoaren industriaren alde” ziurtatu du Jose Luís Juradok, “bai BIC Arabatik, bai beste ekimen batzuetatik: F2P Campus eta abar”.

Jonathan Larrinagaren ustetan, erakunde-babesaz gain, oso garrantzitsua da ongi prestatutako talde bat edukitzea, diziplina anitzekoa: “Oso zaila da pertsona bakar baten enpresa bat aurrera ateratzea”. Alabaina, talentua aurkitzea ez da batere erraza, beste edozein sektoretan bezala.


Bideojokoaren industriaz gehiago jakin nahi baduzue, zatozte F2P Campusak Dendaraban eta Sokaren Etxean eskainiko dituen doako hitzaldi publikoetara, uztailetik irailera bitarte. Hemen duzue egutegia.