

Joan den irailaren 25ean egin zen: “Ekonomia zirkularra: etorkizuna eraikitzen duten enpresa lehiakorragoak” Ekin Breakfast saioa. Arabako ekonomia zirkularraren adibide interesgarri eta heterogeneoak ezagutu ahal izan genituen ekitaldi horretan.
Jardunaldia 09:30ean hasi zen Gasteizko Enpresa Zerbitzuko teknikari Maria Fernandezekin. Hark azpimarratu zuen behar diren baliabideak agortzear daudela eta inoiz ikusi ez dugun biodibertsitate-galera dugula gaur egun. “Kontsumitzeko modu bat jarraitu dugu mugak dituen planeta baten barruan”, adierazi zuen Fernandezek.
Ondoren, enpresa-panela egin zen, eta, bertan, beren ezagutzak eta esperientziak partekatu zituzten hainbat adituk. Intergaiak enpresako Jokin Basozabal izan zen hitz egiten lehena. Enpresa horrek laguntzen du Garapen Jasangarriko Helburuak lortzen, aholkularitzako eta ingeniaritzako zerbitzuak emanez. Basozabalek nabarmendu zuen ohartu zirela foam materiala oinarri hartuta fabrikatzen direla surfeko ohol gehienak, eta beren markaren balio-proposamena izan zen ingurumen-inpaktu txikiko surfeko oholak ekodiseinatzea eta ekoiztea, egungo zehaztapenei eutsiz betiere. “Gure lehiarako abantaila da badakigula oso diseinu moldakorrak egiten material jasangarriak erabilita. Kalitate handikoa eta ekologikoa da gure produktua”, adierazi zuen.
Hurrengo gonbidatua Isabel Lopez de Heredia izan zen, Aloeceuticals enpresakoa. Marka horrek kalitate goreneko kosmetika etikoa egiten du, ingurumena errespetatzen duten prozesu ekologikoen bidez osagai naturaletatik lortutako formula berritzaileekin. “’Kosmetiko berdeak’ kontsumitzeko joera dago, larruazalarentzat eta ingurumenarentzat arrisku txikiagoa dakarten aukerak aurkitu nahian”, adierazi zuen. Gainera, azaldu zuen kontsumitzaileen % 77k osagaien jatorria kontuan hartzen dutela kosmetikoetan, eta gehienek gardentasuna eskatzen dietela markei produktuen osagaien jatorriari dagokionez.
Azkenik, 3erresweb enpresako Joseba Iturrietak hitz egin zuen. 3erresweb ekonomia zirkularreko enpresa da, eta bizitza berria ematen die ekipo informatiko zaharkituei. Bere gogoetan azaldu zuenez, materialen berreskurapenean oinarrituko da etorkizuna, zero hondakin edo ahalik eta gutxien sortuz. Aipatu zuen lurrak ezin duela jasan egungo gehiegizko ustiapen intentsiboa, ez eta zaharkitze programatua ere. Gainera, azaldu zuen enpresaren egitekoa dela hondakin elektronikoak modu jasangarrian kudeatzea, ahalik eta gehien berrerabilita, eta beren ikuspegia dela hirien inguruan elkarlaneko ekosistemak sortzea, zero hondakinen helburua lortzeko. “Ordenagailu guztiak konpon daitezke, edo oso beharrezko baliabidea izan daitezke”, adierazi zuen Iturrietak.
Mintzaldien ondoren, galderak egiteko eta eztabaidatzeko tartea hasi zen, eta landutako gaietan sakontzeko eta beren esperientziak partekatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Ideia truke hori aberasgarria izan zen; ekonomia zirkularreko proiektu bat sortzeko bidean zer oztopo aurkitu dituzten nabarmendu zuten eta produktuaren errentagarritasunaz hitz egin zuten.
Kafe eta networking saioarekin amaitu zen ekitaldia. Beraz, konektatzeko eta etorkizuneko lankidetzak esploratzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek. Eskerrak eman nahi dizkiegu hizlariei egindako ekarpen baliotsuengatik, eta bertaratutakoei izan duten parte-hartze aktiboagatik. Hurrengo Ekin Breakfastean ikusiko dugu elkar!