Berriak

Ekin Breakfast: nolakoa da ekintzailea izatea etxetik urrun?
17/11/2023
59 negozio-proiektu protagonista Arabako 2024ko Eskola Enpresen Ferian
31/01/2024

Ekin Breakfast: Nola bideratu dezakegu etorkizun profesionala bideojokoen sektorean?

Bideojokoen mundu liluragarriak hazkunde izugarria izan du, aurrekaririk gabeko eskaria eragiten ari da industrian eta lanbide-profil espezializatuak eskatzen ditu horri erantzuteko. Araban ere gorakada hori nabaria ari da izaten, eta gero eta prestakuntza-aukera eta proiektu berritzaile gehiago daude sektore dinamiko horretan sartzeko.

Joan den asteazkenean –abenduaren 20an– Ekin Breakfast bat izan zen etorkizun profesionala bideojokoen sektorean nola bideratu daitekeen aztertzeko. Egibideren laguntzarekin antolatu zen ekitaldia, eta esparru horretako figura nabariak bildu ziren bertan, ekintzaileekin hasi eta garapeneko adituekin bukatu, hedapen etengabean dagoen etorkizun profesionala eraikitzeko esperientzia eta estrategietan sakontzeko.

Agenda erakargarria eskaini zuen programak, esperientzien panel batekin hasi eta eztabaida-mahai batekin bukatu, bertaratuak industriaren alderdi desberdinetan murgilduz.

EUNEIZko Bideojokoen Graduko zuzendari Sandra Samperrek lan-merkatuan sartzean espektatibak egokitzea zein garrantzitsua den azaldu zigun, eta bideojokoen sektorea ekintzailetzan aritzeko esparru handia dela gehitu zuen.

Goizeko bigarren hizlaria Aleix Risco izan zen Evil Zeppelin enpresako sortzaileetako bat eta Game Lead-a. Azaldu zigunez, ekintzailetzan aritzeko erabakia sektorean esperientzia lortzeko premiarengatik hartzen bada, hobe da iraupen laburreko proiektuak aukeratzea. Proiektu errealista eta lorgarriak, bideojoko bat egitea ez baita 4 hilabeteko kontua, denbora eskatzen du.

Gaizka Bertolekin jarraitu genuen, Bideojokoen Garapeneko eta Errealitate Birtualeko Espezializazio Ikastaroko tutorea, eta 2D/3D diseinu grafikoko irakaslea Egibiden. Gaizkak esan zigunez, artea berez da ezegonkorra, eta bokazio handia behar da. Gehitu zuen garrantzitsua dela hainbat alderditan prestakuntza izatea denbora talentu propioan inbertitu eta norberari gustatzen zaiona zer den jakiteko.

Azkenik, Pintxo Developer elkarteko zuzendari eta gaur egun Oroin diharduen Diego Gutierrezek duela urte batzuk Araban bideojokoen esparruan prestakuntza izateak zuen konplexutasunari buruz eta gaur egun dauden prestakuntza-aukera oso espezializatuei buruz hitz egin zigun. Oroi adineko pertsonetan ongizate emozionala eragiteko errealitate birtualeko aplikazioak garatzen dituen euskal startup bat dela azaldu zigun.

Ikasteko giro egokia eskaintzeaz gain, networkinga ere sustatu zuen topaketak, parte-hartzaileen arteko elkarrizketak erraztu zituen pikoteo batekin. Bideojokoen sektoreak eskaintzen dituen posibilitate ugarietan sartzeko eta etengabeko bilakaeran dagoen industria horretan bide arrakastatsu bat nola egin behar den ulertzeko aukera paregabea izan zen.

Eskerrak eman nahi dizkiegu hizlari guztiei beren esperientzia baliotsua partekatzeagatik, baita ekitaldian izan ziren pertsona guztiei ere. Hurrengo Ekin Breakfastera arte!