Berriak

Laguntza eta Gure Laguntza, COVID-19ari aurre egiteko bi ekimen ekintzaile
27/04/2020
Ekin Breakfast: Nola lortu zure proiekturako finantzazioa
04/06/2020

Ekin Breakfast: pandemia-garaian ekitea

Joan den maiatzaren 20eko Ekin Breakfasten, Arabako zenbait ekintzailek kontatu ziguten, bertatik bertara, COVID-19ari aurre egiteko nola egokitu diren eta beren burua nola berrasmatu duten.

Ezinbestekoa zen lehenbiziko online Ekin Breakfast honetara Arabako mota guztietako ekintzaileak ekartzea, koronabirusak eragindako krisiak berekin ekarri dituen zalantza eta zailtasunei aurre egiteko borrokan bizi dituzten esperientziak beren ahotik entzuteko, bertatik bertara.

Webinarrean zenbait aditu izan ditugu gurekin, Guillermo Dorronsoro adibidez (Estrategia eta Informazio Sistemen Departamentuko irakaslea Deusto Business School-en), baita zenbait ekintzaileren esperientziak ere, hala nola On4u, Otsoak Cervezas Artesanas, Optimus 3D, Solopuzzles edo Gure eta Laguntza.

Ekintzailetza eta ekintzaileen egokitzeko gaitasuna ezin daitezkeelako inoiz ere geldirik egon, ezta pandemia global baten erdian ere. 

Malgutasuna, berrikuntza, aurreikuspena, konfiantza eta komunikazioa

Horiexek izan dira, Ekin Breakfast honetan parte hartu duten askorentzat, pandemiari aurre egiteko gako nagusiak, albiste honetan txertatutako bideoan ikus dezakezuenez.

Guillermo Dorronsoro berrikuntzan espezializatutako kontsultoreak eman zion hasiera webinarrari, eta datozen hilabeteetan izango dugun errealitatearen berri eman zigun. “Egundoko aldaketak etorriko dira. Pertsonak eta enpresak harremanetan jartzeko kontzeptua aldatu egingo da.” ziurtatu zuen. “Birusak eragindako heriotzen haritik etorri dira albisteak orain artean, baina hemendik aurrera kontakizun dramatikoak entzungo ditugu itxi beharra duten enpresen eta lanik gabe geratzen diren langileen ahotan. Egoera zaila da ezbairik gabe, baina susperraldiari bidea emango dio azkenean”.

Bere hitzaldia amaitu aurretik, aholku hau eman zigun: “Egoera honetatik ateratzeko modu proaktiboan jokatu behar dugu, konponbideak eskaintzeari, proiektuak sortzeari eta saltzeari ekinez. Gobernuak eta bezeroak ez direlako gugana etorriko”.

Jarraian, pandemia-garaiko zenbait esperientziaren berri izan genuen, lehen eskutik, zenbait ekintzaileren ahotik:

  • Alex Peredak eta Álvaro Traperok Gure eta Laguntza atari solidarioak sortu dituzte, tokiko saltokiei laguntzeko eta COVID-19aren haritik sortu diren ekimen solidarioen berri emateko.
  • On4u agentziako Maite Delgadok, berriz, telelanera nola egokitu diren azaldu digu, eCommerce-rako zenbait gako emateaz gainera.
  • Otsoak enpresako Niko Lasernak, berriz, TeleBirra nola bururatu zitzaien azaldu digu, jeneroa sare sozialen bitartez saltzeko eta konfinamenduaren inpaktua murrizteko.
  • Optimus 3D-ko Fernando Ohárrizek erakutsi digu fabrikazio gehigarria gai dela ohiko fabrikazioarekin bete ezin daitezkeen material-beharrak betetzeko, babes-pantailak eta pandemiarako beste tresna batzuk sortzeko, adibidez.
  • Eta, azkenik, SoloPuzzles-eko Josema Cuerdak aditzera eman digu prestatua egotea eta malgua izatea behar-beharrezkoa dela, erantzun egoki bat eman ahal izateko eskariak izugarri gora egiten duenean.

Ekintzaileek egokitzeko eta beren burua berrasmatzeko gaitasun handia dute, eta horrek erakusten du zenbateraino den funtsezkoa ekitea zalantzazko etorkizunari berme batzuekin heldu nahi dion gizarte batentzat. Izan ere, Fernando Ohárrizek amaitu duenez, “benetan ekiteko garaia da. Benetan berritzeko garaia”.

Eskerrik asko guztioi parte hartzeagatik, eta hurrengo Ekin Breakfastera arte!