Berriak

Hauek dira “Zure ideiak balio du” lehiaketaren 2021. edizioaren irabazleak
07/10/2021
INIZIA Uniekintzailea Sarien X. Ediziorako deialdia ireki da
13/10/2021

Ekin Day 2021: etorkizuna sortuz

Urteroko legez, Ekin Day topatzeko, inspirazioa hartzeko eta networking egiteko gune bihurtu da Arabako ekintzailetzarentzat. Jardunaldian, gainera, Araba Ekinean sarien irabazleak ezagutzeko aukera izan genuen.

Urriaren 5ean, Europa Biltzar Jauregiak Arabako ekintzaileen sarearen zati handi bat bildu zuen, Araba Ekinean erakundearen Ekin Day 2021 jardunaldiari esker. Jardunaldia Etorkizuna Sortuz izenburupean egin zen, eta helburu zuen bultzada izatea krisia aukera gisa hartzeko eta ekintzaileengan arreta jartzeko; izan ere, ekintzaileek, enpresak sortzeko eta horiek kudeatzeko erarekin, bezero eta langileekin erlazionatzeko duten moduarekin, planeta zaintzeko edo gizarte balioa sortzeko duten kezkarekin, botere paregabea dute: gizartea eraldatzeko eta etorkizun hobearen oinarriak ezartzeko boterea.

Topaketa honako hauek inauguratu zuten: Pilar García de Salazar (Arabako Foru Aldundiko lehen diputatu nagusi ordea), Maider Etxebarria (Vitoria-Gasteizko Udaleko alkateordea), Leyre Madariaga (Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria eta BIC Arabako presidentea), Jon Urresti (Vital Fundazioen presidentea) eta Axier Urresti (Vital Fundazioen zuzendari exekutiboa).

Nola aldatu mundua enpresaren bitartez

Jardunaldia hasteko, hitzaldi bikoitza eskaini zuten arabar ekintzaile Adelina Uriartek, eraikuntza jasangarriaren arloko estatuko aditu handienetakoa denak, eta Aitor Álvarezek, Basq Company enpresaren arduradunak (enpresa horrek zapatila % 100 birziklatuak diseinatzen ditu.

“Sektore oso maskulinoa izan arren, gero eta emakume gehiago daude arkitekturaren eta eraikuntzaren munduan”, ziurtatu zuen Adelina Uriartek. “Ez dugu edonolako produktua entregatzen; erosteko ahalegin handia egiten duten pertsonentzako etxeak egiten ditugu. Horregatik, pauso bat harago joan nahi izan genuen. Etxe pasiboak egiten ditugu, pertsonak eta horien erosotasuna lehenesten dituztelako. Gainera, emisioak eta pobrezia energetikoa murrizten dituzte”.

Bestalde, Aitor Álvarezek bere enpresaren helburua aipatuz hasi nahi izan zuen: “Jendeari lagundu nahi diogu oinetakoak janzten planeta horrenbeste kutsatu gabe”. “Gaur, inoiz baino gehiago, pertsonek inpaktu gaitasun handia dute enpresan ere. Ekin behar baduzu, izan dadila pasioz bizi duzun zerbaitetan. Oso zaila ez bada”, baieztatu zuen.

Jasangarritasuna eta digitalizazioa

Sariak banatzeko ekitaldiaren aurretik, Arabako enpresa talde baten hitzez gozatu ahal izan genuen, eta digitalizazioa eta jasangarritasuna negozio berrietan aplikatzeko adibideak eman zizkiguten. 

“Azken miliako banaketa bizikletaz egiten dugun kooperatiba bat gara. Zama bizikletak erabiltzen hasi eta normalizatzen lagundu nahi dugu, furgonetan banatzearen alternatiba jasangarritzat”, azaldu zuen Eramanek. “Kalitate handiko vintage altzariak birsartzen ditugu, kalitate baxuko altzari modernoen alternatiba gisa”, esan zuen Re-Utiliza enpresak. “Banatutako eguzki-panelak egiten ditugu, jasangarriagoak direlako. Ingeniari gisa, gauzak beste era batera egin nahi ditugu”, ziurtatu zuen Yadak. “Enpresei entzun egiten diegu eta beren prozesuetan adimen artifiziala sartzen laguntzen diegu. Prozesuen automatizaziotik sistema prediktiboetara”, esan zuen Data Value Management enpresak.

Juan Luis Cañas eta E-PROCESS-MED 2021eko Araba Ekinean sarien irabazleak

Edizio honetan, Ekintzaile Handiaren saria Juan Luis Cañasek irabazi du, Luis Cañas Upeltegien jabeak. Luis Cañas mahastizaintza eta ardogintza sektoreko erreferentea da familia enpresa horrekin, eta berrikuntzak egiten eta garai berrietara egokitzen jakin du. Bestalde, Arabako Ekintzailetzaren Saria E-PROCESS-MED erakundearentzat izan da. Arabako start up horrek osasun sektorean irtenbide digitalak eskaintzen ditu; urte gutxiren buruan, arlo horretan finkatu da, eta nazioartekotze proiektu batzuk ditu.

Informazio gehiago

“Zure ideiak balio du” lehiaketaren 2021eko edizioa

Ekin Day jardunaldian, halaber, XVII. Zure ideiak balio du lehiaketako proiektu irabazleak iragarri ziren. Irailaren 29an aurkeztu zituzten 20 finalistek beren proposamenak jendaurrean eta epaimahaiaren aurrean. Lehiaketaren edizio hau Arabako historiako jendetsuena izan da: 64 proiektu aurkeztu dira.

Ikusi irabazleak

Etorkizuna sortuz

Azkenik, ekintzaileen elkarrizketa oso berezi batez gozatu ahal izan genuen; hain zuzen, honako hauek hartu zuten parte: Eduardo Anitua (Berrikuntzako sari nazionala jaso berri du), Eneritz Zubizarreta (Globe Testing), Jon Barredo (Search and Rescue) eta María José Aranguren (Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren zuzendaria). Enpresa ekintzaileek lurraldearen hazkundean duten zereginari buruz jardun zuten.

“Duela hogeita hamar urte, ia ez zegoen berrikuntzarik Espainian. Medikuntzan ikerketaren arloa ia basamortua bezalakoa zen, eta atzerrira jo behar izan nuen. Garaia iritsitakoan, etxera itzultzea eta hemen berritzen hastea erabaki nuen. Kanpoan egiten zena begiratu eta hona ekarri. Ikerketa pribatua egungo momentuaren aurretik doa beti. Lan asko egin behar da; talentu asko dago eta hegalak eman behar zaizkie. Ezin dugu dagoen balio izugarri hori guztia galdu”, ziurtatu zuen Anitua doktoreak.

“Euskadin, ondo kokatuta gaude berrikuntza nabarienean, hala nola makina bat erostean edo prozesu bat hobetzean. Hala ere, hain nabarmena ez den berrikuntzan hobetu behar dugu, negozio eredu berrietan, adibidez”, aipatu zuen Mª Jose Arangurenek.

“Ez nukeen inoiz imajinatuko hain urrun iritsiko ginenik. Hasierak gogorrak dira, baina Araban ekosistema ona dugu ekiteko. Zaila izan arren, aurrera jarraitu behar da”, azaldu zuen Eneritz Zubizarretak.

“Ahaleginak merezi izan du, eta abentura zoragarria izaten ari da. Himalaiara bidaiatu ahal izan dugu, eta Alex Chicónekin probatu. Bestela ezinezkoak izango liratekeen gauzak bizi izan ditugu”, aipatu zuen Jon Barredok.


Eskerrik asko Vitoria-Gasteizeko Udalari, Arabako Foru Aldundiari eta Vital Fundazioari, Ekin Day 2021 gauzatzeko aukera emateagatik eta Arabako ekintzailetza babesteagatik.