Berriak

ETEak eta autonomoak digitalizatzeko laguntzak eskatzeko epea ireki du Aldundiak
03/09/2020
Ekin Day egunean hutsik ez egiteko 5 arrazoi
29/09/2020

Ekinbreakfast: Kirola eta bizimodu osasungarria, merkatu-nitxoak

Bizimodu osasungarria eta kirola joera bihurtu dira, baita behar soziala ere; hori ez dago zalantzan jartzerik. Industria handia sortu du gai horien inguruan, hala nola elikadura, kirol-ekitaldiak, materiala, arropa…. Baina enpresa handiez gain, negozio-nitxo ugari daude bizimodu osasungarriarekin eta kirolarekin lotuta, eta horiek guztiak sartu dira Ekinbreakfast ekitaldian; oraingoan ere, formatu birtualean izan da ekitaldia.

Gurekin izan ditugu David Celorrio (Baigene), Amaia Martioda (Epic Centre), Juan Cangas (FBR Concept) eta Iker Larrimbe (GWelness).

David Celorrio Baigene enpresaren sortzaileetako bat da; enpresa horretan analisi genetikoak egiten dituzte, kirolari amateur eta profesionalen errendimendua hobetzeko. Baigene metodoaren oinarria pertsona bakoitzaren faktore genetikoak aztertzean datza, norberari egokitutako entrenamenduak, elikadura eta gehigarriak proposatu ahal izateko. Enpresaren bilakaera nolakoa izan den deskribatu du; hasieran zaila izan zen produktua zehatz-mehatz zertan zetzan azaltzea merkatuari. Alabaina, denboraren poderioz, produktua osatzen eta nabarmentzen aritu dira; Baigene Lab ere sortu dute, hau da, entrenatzeko zentro bat, kirolari bakoitzari jarraipen zehatzagoa egin ahal izateko. Horretaz gain, adinekoei zuzendutako programa bat garatzen hasi dira berriki, eta emaitza oso onak izaten ari dira osasuna hobetzeari dagokionez.

Bestalde, Amaia Mártiodak bere ibilbide profesionalaren berri eman digu, berezko duen pasio horrekin. Dietista-nutrizionista moduan hasi zen lanean, “bere kabuz” eta “premiak bultzatuta”. Epicfit zentroa sortu zuen kirolariei elikaduraren bitartez errendimendua hobetzen laguntzeko. Eta, denborarekin, negozioa handitu egin zen. Jende gehiago kontratatu zuen eta enpresen kudeaketari buruzko prestakuntza jasotzea erabaki zuen, negozioaren fokua berak benetan nahi zuen horretara bideratzeko. 2018an “She is cycling” ekimena sortu zuen, emakumeen artean txirrindularitza sustatzeko (Amaia txirrindulari federatua izan da). Proiektuaren helburua hori da, baina gauzak egiteko bere modua berrestea ere badu xede. Berriki, Epicfit zentroaren instalazio berriak inauguratu ditu: kirol- eta osasun-zentro handiagoa da, hobeto hornitutakoa, proiektuak garatzen jarraitu ahal izateko.

FBR Concept esatea berrikuntza esatea da. Proiektu eusko-valentziar horren helburua metodo berri bat sortzea zen; hain zuzen ere, running-eko oinetakoak eraldatuko zituen metodo bat, runner-en errendimendua hobetzea ez ezik, inpaktuko kirol horrek eragiten dituen arazo fisiko eta lesioak saihestea ere lortu ahal izateko. Izan ere, jendeak ez baitu lasterka egiteko teknika egokia izaten. Orporik gabeko kirol-oinetakoak sortzean zetzan metodo hori, oinkadari laguntzeko. Proiektua hainbat enpresatan aurkeztu zuten, hala nola Nike etxean, baina ez zuten aintzat hartu; beraz, eta hasierako ideia hori ez zen arren, kirol-oinetakoen marka bat sortu zuten azkenean. Gaur egun, entrenatzeko modelo bat dute, eta 2021. urtean lasterketetarako modeloa ateratzeko asmotan dira.

Iker Larrimbe (GWelness) konturatu zen merkatuan premia bat zegoela, hau da, kirol-entrenamendu pertsonalizatuak eskaintzea. Alde batetik, kirola intentsitate handian egiten dutenek markak edo errendimendua hobetu nahi izaten dute. Beste alde batetik, bizimodu sedentarioagoa dutenak ez dira gustura sentitzen kiroldegietako taldekako eskoletan. Ireki berria duen zentroan egiten dituen entrenamenduen bitartez, ariketa fisikoa pertsona bakoitzaren behar berezietara egokitzen saiatzen da, ariketa modu osasungarrian eta kontrolatuan egin ahal izateko eta, hartara, sasoi onean egotea eta bizimodu osasungarria izatea lortzearren.

Bizimodu osasungarriak eta kirolak negozio-ideiak garatzeko aukera ugari eskaintzen dizkigute; argi ikusi izan ahal dugu hori Ekinbreakfast honetan. Orain, horri buruz hausnartu eta ekiteko garaia da.