Proiektu guztiak, baita enpresa handienak ere, ideia txiki batetik sortzen dira beti. Hortaz, inspirazio bila ateratzea garrantzitsua da ekintzaile batentzat, inbertitzaile bila ateratzea bezain garrantzitsua. Gainera, ekintzailetza etengabeko ikaskuntza ere bada.
Horregatik, post honetan zazpi liburu bildu ditugu, ekintzaileentzat inspirazio-iturri izan daitezkeenak. Zure proiektua gorpuzten lagunduko dizuten biografia, eskuliburu eta istorioak dira.
Agian beste edozein diseinatzailek baino arrakasta handiagoarekin, Gabrielle «Coco» Chanelek lortu zuen bere sortze-lanek denboran irautea, hamarkadatan bere eragin liluragarriari eutsiz nazioarteko modaren eremuan. “Jantzigintza negozioa da, ez artea” esaldi ospetsuan laburbildu zuen bere sortze-produkzioari eman nahi izan zion enpresa-espiritua, gaurdaino indarrean jarraitzea ahalbidetu diona. Arte y negocio-k couturière frantsesaren sortze-prozesua aztertzen du, haren diseinuak dokumentatzen ditu, eta markak lortu zuen enpresa-arrakasta izugarri azkarraren berri ematen du.
Walter Isaacsonek idatzi du Steve Jobsen biografia ofiziala. Apple nola sortu zuen eta Mac-aren, iPod-aren edo iPhone-aren eskutik informatikaren munduan eragin zuen iraultza kontatzeaz gainera, haren bizipen pertsonalen berri ere ematen digu. Hippie garaitik minbiziaren aurkako borroka-egunetara. Sormenez, kemenez eta perfekzionismo-irrikaz, ukitu zuen guztia goitik behera aldatu zuen Jobsek, eta jenioaren bizitza gorabeheratsu eta nortasun odolberoaren kronika da liburua.
Sun Tzuren milaka urteko liburuak gerrarako taktika eta estrategia militarren bilduma eman dezake lehen begiratuan, baina haren irakaspen asko ekar ditzakegu ekintzailetzaren mundura.
Phil Knightek lehen aldiz kontatzen du Nike enpresaren atzetik dagoen benetako historia. Urtean 30.000 milioi dolarretik gora fakturatzen du, eta haren logoa ikur global bihurtu dela esan dezakegu. 50 dolarrekin eta ideia xume batekin hasi zen guztia: Japoniatik kalitate handiko kirol-oinetako merkeak inportatzea. Pixkana-pixkana negozio txiki hori star-up hausle bihurtu zen, merkatura iraultza ekarri zuena.
Gazte zenean Ed Catmullek amets bat zeukan: ordenagailu bidezko lehen animazio-filma egitea. Amets horren atzetik zebilela George Lucasekin bat egin zuen, eta, elkarlan horretatik, zeharka, Pixar sortu zuen, Steve Jobsekin eta John Lasseterekin batera, 1986an. Pixar estudioak egundoko arrakasta izan du, eta hori hala izan da, neurri handi batean, ingurune aparta eskaintzen duelako, sortze-prozesua babesteaz gainera ezarritako ideiei aurre egiten dieten printzipioetan oinarrituta. Sortze-kultura eraikitzeko prozesuari buruzko liburu bat, baina “barruan daramagun onena nire ustez aterarazten duten ideien isla bat” ere bai, aldi berean.
Lean Startup metodoak ikuspegi berri bat suposatzen du, mundu osoan ezartzen ari dena enpresek produktuak sortu eta merkaturatzeko duten modua aldatzeko. Lan egiteko modu berri horri esker, enpresak efizienteagoak dira kapitala erabiltzean, eta giza sormenari babes eraginkorragoa ematen diote. Ildo horretatik, hainbat praktika jartzen dira abian produktuaren garapen-zikloa murrizteko, adierazle handiusteetara jo gabe benetako aurrerabidea neurtzeko, eta kontsumitzaileek benetan zer nahi duten ulertzen laguntzeko. Gainera, metodoak enpresari aukera ematen dio norabidea azkar-azkar aldatzeko eta planak minutuz minutu moldatzeko.
Vogueko zuzendari kreatiboaren (Anna Wintour editorearen eskuineko eskua) oroitzapenak. Bere ibilbide osoaren berri ematen digu egileak: 50eko eta 60ko hamarkadatan eliteko modelo gisa jardun zuen, 70eko eta 80ko hamarkadetan modako editore gisa, eta, azken hamarkadetan, Vogueko zuzendari kreatibo eta estilismoaren arduradun gisa, besteak beste Annie Leibovitz, Bruce Weber, Mario Testino edo Norman Parkinson argazkilarien erreportaje handiak zuzendu dituelarik.
Liburu horietako batek ekiteko gogoa pizten badizu, zatoz, ezbairik egin gabe, Arabako honako agente hauetako batengana. Guztiek ere poz handiz lagundu eta aholku emango dizute.
Le informamos de que este sitio web utiliza cookies propias y de terceros con la finalidad de permitir su funcionamiento (por ejemplo, gestionar la aceptación del uso de cookies), y para analizar el tráfico web.
Para más información sobre las cookies de este sitio web pinche aquí.
Pulse el botón de “Acepto” para confirmar que ha leído y aceptado la información que le hemos facilitado sobre nuestra política de cookies. En caso de no pulsar el botón este aviso se le continuará mostrando durante su navegación.
Acepto