Berriak

Psikopompo, ekin besteen bizitza hobetzeko
16/02/2021
Bat egin ezazu ekintzailetza-katearekin!
04/03/2021

Hona hemen ekiteak adinik ez daukala erakusten duen froga

Arabako lau ekintzailek beren esperientzia kontatu digute: beren proiektuak abiarazi dituzte besteren kontura lanean urteak eman ondoren.

Bizitza profesionala ez da beti lineala izaten, askotan aldaketa asko izaten dira bidean, biraketak, ixten diren etapak eta irekitzen diren etapa berriak. Horren erakusgarri ezin hobeak dira joan den otsailaren 25ean, osteguna, “Ekiteak ez dauka adinik” Ekin Breakfastean gurekin izan ziren pertsonak.

Inflexio-puntu bat izan zuten beren bizitza profesionalean: besteren kontura lan egitetik zetozen denak, eta beste norabide bat hartzeko eta ideia propio baten alde egiteko erabakia hartu zuten, ekintzaile gisa jokatuz beren proiektua aurrera ateratzeko. Edozein une ekiteko egokia izan daitekeela erakusten digute guztiek, eta beren prozesu pertsonalen, jasotako laguntzen eta honaino iristeko egindako urratsen berri emango digute, errealitate bihurtutako proiektuak aurkeztuz. 


Ekiteak ez dauka adinik” Ekin Breakfastera bertaratzeko aukerarik izan ez baduzu, jarraian ikus dezakezu, lerro hauetan txertatutako bideo grabatuan.


Hasteko, Óscar Fernándezek azaldu zigun zerk eraman zuen Onartu proiektua martxan jartzera. “Ekiteko, une egoki batean egon behar duzu. Eta niretzat une hori 2019an irisi zen. Erabaki bat hartu beharrean nengoen: besteren kontura lanean jarraitu edo nire konturako zerbait antolatu. Azkenean ekiteko erabakia hartu nuenean, Arabako Ganberak Gasteizko Udalaren ekintzaileei laguntzeko plan integrala gomendatu zidan. Sekulako babesa eta laguntza eskaini zidaten, nire proiektua martxan jartzeko garaian

Beatriz Uraldek, berriz, Lycolab proiektuarekin irabazi zuen “Zure ideiak balio du” XV. Lehiaketa, Industrien kategorian. Unibertsitatean hasi zen ikerketa-lanetan, eta, ibilbide luzea egin ondoren, gaur egun den enpresa bihurtu zen. “Inbertitzaileekin eta beste enpresa batzuekin negoziatzea izan da erronkarik handiena niretzat. Biologo gisa, bidean aurkitu dudan zerbait da” ziurtatu zuen. “Gogoa beldurrari gailentzen zaionean. Egiten ez baduzu damutuko zarela dakizunean. Orduan argi dago ekiteko garaia iritsi dela. Baina betiere itsu-itsuan jokatu gabe noski”.

Bestetik, Joana Molinuevok, Caserío Montehermoso proiektuaren bultzatzaileak, kazetaritzan ziharduen, eta zeregin hori utzi zuen landa-hotel baten jabe egiteko. “Lan on bat neukan, eta lankide onak ere bai. Baina besteren kontura lan egiteak ez ninduen motibatzen. Enplegu Erregulazioko Espediente baten eraginpean nengoela aprobetxatu nuen gustuko nituen gauzetan prestatzeko, nora joan nahi nuen oso argi ez banuen ere. Une jakin batean enpresak irtenbide bat eskaini zigun kalte-ordain batekin, eta nire bihozkadari kasu egitea erabaki nuen.” azaldu zigun. “Airbnb-ren ostalari gisa jarduten hasi nintzen, eta denborarekin asko betetzen ninduela ohartu nintzen, jendea poz-pozik joaten zela eta ondo moldatzen nintzela. Eta horrela sortu zen Caserío Montehermoso proiektua”.

Azkenik, Toni Martínez etorri zitzaigun, Recyycle proiektuarekin “Zure ideiak balio du” XVI Lehiaketaren industria-ekimen onenaren Michelin Saria irabazi duena, eta zera kontatu zigun, bere kezka pertsonala zena nola bihurtu zen enpresa. “Betidanik harritu nau plastikozko produktuak berehala botatzeko joera horrek, kolpe edo kalte txikiena besterik ez badute ere. Hortik kezka bat sortu zen, eta produktu horiek nola konpon ditzakegun ikertzera eraman nau horrek” azaldu zigun. “Egunen batean zure buruari galdetzen diozu bost urte barru zure burua non ikusten duzun, eta nik argi neukan ez nuela besteren kontura jarraitu nahi, nire proiektuarekin jardun baizik”.


Araba Ekinean ekimenaren hurrengo Ekin Breakfasten gainean egunean egon nahi baduzu, jarrai iezaguzu Twitterren, LinkedInen edo Facebooken, edo harpidetu zaitez gure newsletterrean.