Berriak

Lúpulo de Kintana
Paula, Lúpulo de Kintana proiektukoa: “Hobby gisa hasi ginen eta apurka-apurka bizi-proiektu bihurtu da”.
18/05/2021
Susana Malón (Lumínica Ambiental): “Espezializazioari esker, krisiei aurre egin ahal izan diegu eta erreferente bihurtu gara”
21/06/2021

Elikagai ekologikoak, etorkizun handiko ekintzailetza-nitxoa

Arabako bost ekintzaile hauek beren lanbide eta bizimodu bihurtu dute elikagai ekologikoen ekoizpena.

Araba Ekineanen Ekin Breakfast topaketen beste edizio bat egin genuen joan den asteazkenean, maiatzaren 26an, eta aukera izan genuen elikagai ekologikoen ekoizpena beren lanbide bihurtu duten 5 arabarren esperientzia ezagutzeko. Ingurumenarekiko konpromisoa, lurra eta animaliak errespetatzea eta, nola ez, berrikuntza, horiexek dira ekimen horren ezaugarriak. 

Haien testigantzaren bidez, nekazaritza edo abeltzaintza ekologikoaren ikuspegi zehatza izan genuen ekintzailetza-nitxo gisa Araban.


“Elikagai ekologikoak ekoizten hastea” Ekin Breakfasta galdu bazenuen, aurrez grabatua ikus dezakezu lerro hauen gainean txertatua dagoen bideoan. 


Lehenik, Oscar López de la Calle, Bolivarreko nekazari ekologikoa. Kontatu zigun, 2012an langabezian geratu ondoren, ekoizpen ekologikoan trebatzea eta baratzezaintzarako bi hektarea lur erostea erabaki zuela. “2013an hasi nintzen, baina betiko nekazari-familia batetik nator.” “Basaldean eta Bionekazaritzan era horretako produktuak merkaturatzeko eredu berriak erakutsi zizkidaten, hala nola kontsumo-taldeak. Lehen letxuga bildu aurretik, banuen erosteko interesa zuen jendea. 

Ondoren, Paula Romero dugu, Explorer Arabaren azken edizioaren irabazlea. Bere hobbya bizi-proiektu bihurtu zuen Lúpulo de Kintana proiektuarekin. “Plantazio txiki batekin hasi ginen, eta gure laboreak handitzen eta hobetzen joan gara urtez urte. Nahiko azkar prozesatu behar den landarea da, eta kiloko 60 €-ra iristen da. Eskari handia dago, eta, lehia ere handia izan arren, badago lana guztiontzat.

Javier Chavesen kasuan, boluntario-esperientzia batekin hasi zen guztia, lurrarekin, ingurunearekin eta jaten zuenarekin zuen harremana birplanteatzera bultzatu baitzuen esperientzia hark. Ondorioz, Gasteizen elikadura jasangarria sustatzera animatu zen bere La Huerta Esmeralda enpresarekin. “Gaur egun, ingurumena zaintzeaz gain, ahal dugun guztia egin behar dugu ingurumen hori lehengoratzeko. Horixe izan da, hain zuzen ere, nire helburua Basaldeko nire lursailean”.

Bestalde, Zuriñe Vigalondo Ekotarriko kooperatibakoak, semeak bultzatuta hasi zuen bere enpresa. “Semeak ekoizpenean zituen soberakinak aprobetxatzeko asmoarekin hasi zen guztia. Kuartangoko Udalak lokal bat eman zigun eta kontserba tradizionalak, ekologikoak eta osasungarriak egiten hasi ginen” adierazi zuen. “Eusko Jaurlaritzak lankidetzari emandako laguntzari esker jaio zen Lur-Araba, eta bertan kontserbak egiten hasi ginen lurralde osoko 40 ekoizle baino gehiagorekin”. 

Azkenik, David González dugu, Sustraiak Habitat Design kooperatibako kidea. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba hau nekazaritzako ekosistemak leheneratzean oinarritzen da. “Azterketa hidrologikoarekin hasten gara, ura ahalik eta gehien aprobetxatzeko, lurzoruak leheneratzen ahalegintzen gara gero, eta, ondoren, hainbat ekoizpen-atal ezartzen ditugu bideragarritasun ekonomikoko planak garatzeko”. “Hasi berri diren pertsonei nahiz euren proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa hobetu edo dibertsifikatu nahi dutenei laguntzen diegu. Ekoizleei ere laguntzen diegu ekoizpen ekologikora jauzi egin dezaten” esan zuen.


Araba Ekinean ekimenaren hurrengo Ekin Breakfastaren berri izan nahi baduzu, jarraitu Twitterren, LinkedInen, Facebooken edo eman izena gure newsletterrean.