Berriak

BIND 4.0 programak enpresen eta startupen arteko sinergiak sortzeko hirugarren edizioa aurkezten du
July 9, 2018
Gasteizen F2P Campusa hasi da, free-to-play bideojokoak garatzeko lehen campusa
July 27, 2018

Naia Espinosari elkarrizketa, Araba Explorer ekimena irabazi ondoren.

Araba Explorer CISE (Centro Internacional Santander Emprendimiento) erakundearen ekimen bat da, 18 urtetik 31 urtera bitarteko 20 gazteri negozio-ideia bat garatzeko aukera eskaintzen diena. Bost hilabetez laguntza, prestakuntza eta aholkularitza jasotzen dute gazteek adituen eskutik, BIC Arabaren bitartez. Naia Espinosak irabazi du aurtengo edizioa, eta, sari gisa, Silicon Valley-era bidaia egingo du datorren azaroan.

 

Zertan datza Dryfing, zure proiektua?

Kirola egin ondoren neoprenozko jantziak azkar lehortu, garbitu eta desinfektatzeko sistema ekologiko batean datza nire proiektua. Ur-kirol edo -jarduerak egiten diren tokietan makina batzuk jarriko dira, minutu gutxi batzuetan erabiltzaileek beren kirol-materiala baldintzarik onenetan gorde, garraiatu eta berrerabiltzeko aukera izan dezaten.

 

Nola sortu zen ideia hori?

Surfzale amorratua naiz, badira urte batzuk surfa praktikatzen dudala. Eta surfa egitera joaten nintzen bakoitzean konturatzen nintzen zer deserosoa den etxera iristea gainean neopreno bustia daramazula, eta ondoren jantziari harea kendu beharra eta lehortu arte itxaron beharra, etxeko bazter guztiak inbadituta. Eta furgonetarekin ere gauza bera gertatzen zait, hondartzatik hondartzara zenbait egun pasatzera joaten naizenean. Horrelakoetan neopreno bustia eraman behar dut furgonetan, usain txarra sortzeaz gain lehortzeko egun batzuk behar dituena, eta neopreno bustia janztea deserosoa da benetan! Horregatik pentsatu nuen prozesu hori azkartu eta hobetuko lukeen zerbait asmatu beharra zegoela. EHUn ikasten ari naiz, enpresa-administrazioko eta -zuzendaritzako fakultatean, eta bertan Explorer programan parte hartzeko aukera eskaini zidatenez, nik ideia hau aurkeztu nuen, eta hilabete batzuk hartan lanean eman ondoren irabazle atera da azkenean.

 

Zer suposatu du zuretzat Araba Explorer programan parte hartzeak?

Niretzat Explorer programak suposatu du buruan baino ez neukan ideia bat aurrera eramatea eta azkenean gauzatzea.. Gauza asko eta asko ikasi ditut enpresaren hainbat alorren inguruan, eta ekiteko eta beren etorkizuna eraikitzeko irrikaz dauden oso pertsona interesgarriak ezagutzeko aukera ere izan dut.

 

Zer espero duzu Silcon Valley-era egingo duzun bidaiaz?

Silicon Valley-era bidaia niretzat ahaztu ezinezko esperientzia izango dela iruditzen zait, munduko ekosistema ekintzaile nagusia bertatik bertara ikusteko aukera ezin hobea da, eta, hori gutxi balitz, Explorer programaren beste irabazle batzuk izango ditut bidaia-lagun. Haren guztiaren inguruko ikuspegi globalarekin eta buru irekiago batekin itzultzea espero dut. Ingelesa hobetzeko lanetan hasi naiz, bidaiari etekin handiagoa ateratzeko eta bertan harremanak egiteko.

 

Zein dira Dryfing garatzeko hurrengo urratsak?

Une honetan argi dugu zer negozio-eredu nahi dugun. Prototipoa behar dugu, eta lanean ari gara horretan, industria-ingeniari baten laguntzarekin. Zenbait laguntza publiko eskatu ditugu, eta erantzunaren zain gaude fase honetako helburua lortu ahal izateko.

 

Zenbait erakundek ohartarazi dutenez, emakume gutxik ikasten dituzte karrera zientifiko eta teknologikoak, eta beraz, emakumeek garrantzi txikiagoa dute sektore horietan. Nola ikusten duzu errealitate hori?

Nik uste dut nire belaunaldiko neskak nahi dutena lortzeko moduan egongo direla, eta, ildo horretan, eremu guztietan garrantzizko postuak beteko dituztela, gizartean benetako berdintasuna lortzeraino.