Berriak

Birgaitzea jasangarritasun-aukera eta ekintzailetza-nitxo gisa nabarmentzen ari da
27/11/2020
Recyycle: “Konponketaren bitartez, plastikoen bizitza baliagarria luzatu nahi dugu”
09/12/2020

Escape Bask: “Emozioz eta misterioz betetako turismo-esperientzia bat eskaintzen dugu”

Eskapismo-etxeei ukitu berezi bat ematean erakutsitako zorroztasunagatik eta eszenaratze bikainagatik, finalisten aurkezpenera bertaratu zirenek Escape Bask proiektuari eman zioten Publikoaren Sari Berezia, “Zure ideiak balio du” Lehiaketaren XVI. edizioaren esparruan.

Proiektu horri buruz gehiago jakiteko, Sandra Lauzurica eta Iñigo Martínez elkarrizketatu ditugu, ideiaren atzean dauden ekintzaileak.

Araba Ekinean (AE): Nola laburbilduko zenukete zuen proiektua esaldi bakar batean?

Escape Bask (EB): Guk esperientzia bat eskaintzen dugu, jendeari barneko turismoaz eta kaleko eskapismoaz gozatzeko aukera emateko, emozioz eta misterioz betetako egun batean.

AE: Nola sortu zen ideia?

EB: Karabana-bidaiak sortzea pentsatu genuen hasiera batean, non zure azken helmuga aurkitu beharko zenukeen eskapismo-joko baten bitartez. Alabaina, proiektu hori ezinezkoa eta oso konplexua zela ikusirik, formatu eskalagarriago batera aldatzea erabaki genuen. Hala, karabanaren ordez autoa hartuta, egun beteko esperientzia bat sortu genuen, ezustean bisitatu beharreko helmugak aurkitzeko eta kalean eskapismo-joko batean aritzeko aproposa.

AE: Zer puntutan zaudete?

EB: Garapen-hasierako fasean gaude: proiektua sortu dugu, eta une honetan merkaturatzen ari da. Horregatik, orain proiektua bultzatu behar dugu merkatuan sendotu dadin, eta marketina ere baliatu behar dugu, proiektua ezagutzera emateko.

AE: Zein da zuen helburua urtebetean?

EB: Euskadin finkatuta egotea eta dena kontrolpean edukitzea, lurralde nazionalera zabaltzeko, eta frankizia bat ere sortu ahal izateko.

AE: Pandemiak eraginpean hartu zaituzte? Aldaketaren bat egin duzue normaltasun berrira egokitzeko?

EB: Bai, jakina. Pandemiak turismoari kalte handia egina ziola konturatu ginen, eta, proiektu honen eskutik, barneko turismoari gure ekarpen txikia egitea erabaki genuen. Horregatik, egoera horretara moldatu ginen, eta oraindik ezagutzen ez ditugun euskal lurralde zoragarriak erakustea eta ezagutzera ematea erabaki genuen.

AE: Zer eman dio proiektuari “Zure ideiak balio du” lehiaketaren errekonozimenduak?

EB: Zalantzarik gabe, saria jaso izanak egundoko bultzada eman dio Escape Bask proiektuari ezagutzera emateari dagokionez; balio itzela dauka gainera, etorkizunari begira babesa eta sinesgarritasuna emango digun neurrian.