Berriak

Horrela borrokatzen dira klima-aldaketaren aurka 5 proiektu ekintzaile
06/05/2021
Lúpulo de Kintana
Paula, Lúpulo de Kintana proiektukoa: “Hobby gisa hasi ginen eta apurka-apurka bizi-proiektu bihurtu da”.
18/05/2021

Explorer Araba 2021, ideia berritzaileak 2030ko garapen jasangarrirako helburuak lortzeko

Hainbat hilabeteko lanaren ostean, “Lúpulo de Kintana” proiektuak irabazi du Explorer Araba 2021 programaren lehen saria. “Reclamaciones Aéreas Online” eta “Alfa Riders” izan dira podiumean hurrengoak. 

Hainbat hilabeteko lanaren ostean, amaitu da Explorer Arabaren bederatzigarren edizioa! Oraingo honetan, 2030eko garapen jasangarrirako helburuak lortzen lagunduko zuten proiektuak bultzatzera bideratua zegoen programa. Parte hartu duten 10 proiektuek izan dute BIC Arabaren, SECOT Arabaren eta Deustuko Unibertsitatearen aholkularitza eta laguntza, bai eta CISE zentroaren parte hartzea ere.

Parte hartu duten 10 proiektuen artean, honako sari hauek ematea erabaki du epaimahaiak:

  • 1. saria Paula Romeroren “Lúpulo de Kintana” proiektuari. KM0 lupulua (besteak beste, garagardoa egiteko erabiltzen den osagaia) landatzeko eta saltzeko proiektua Arabako Kinta herrian.
  • 2. saria Daniel eta Marcos Galán anaien “Reclamaciones Aéreas Online” proiektuari. Hegaldien erreklamazioak egiteko online zerbitzua, prozesu erraz, azkar eta seguruaren bidez.
  • 3. saria Leire Alfagemeren “Alfa Riders” proiektuari. Proiektu horren helburua da motoan ibiltzeko jantzien diseinua berritzea eta ematen duten segurtasuna handitzea.

Edizio honetan, COVID-19ren ondorioz, irabazleak EIAren (European Innovation Academy) online programa bat egin ahal izango du, 3 astekoa, 2021eko uztailean, edo bestela, 2022ko udara atzeratu ahal izango du bidaia prestakuntza ekitaldira joateko, Oportora. Gainera, Arabako lehen hiru sailkatuek 6 hilabetez izango dute doako gune bat BIC Arabako instalazioetan, bai eta aholkularitza espezializatua ere beren proiektuak garatzeko.

Gainerako parte-hartzaileen artean honako proiektu interesgarri hauek daude:

  • CINC, marketin digitaleko agentzia, Dorleta Cordero eta Renny Núñezena.
  • Siéntete Fuerte, on line entrenamendu pertsonalizatuak, Sara Canoren eskutik.
  • MERAIKI, ekoturismoa, etxebizitza jasangarriekin eta permakulturarekin, Argoitz Blanco eta Joseba Vigalondorena.
  • Veganismo Saludable Pablo Vásquezena, aholkularitza beganoa.
  • Food for U, etxera eramateko otorduak, kirolarientzat pentsatuak, Sergio Noriegaren aholkularitza pertsonalizatuarekin.
  • More Eko, Sergio Sierra Sandovalena; biometano eta metanol berriztagarriko instalazio bat sortzea.
  • Living Together, Rubén Conderena, gazteak eta adinekoak modu jasangarrian eta kooperatiboan elkarrekin bizitzeko gune bat sortzea du helburu.

Ideia berritzaileak bultzatzen

Explorer Arabaren 2021 edizioak iraun duen hiru hilabeteetan, era guztietako pertsonen laguntza eta aholkularitza izan dute parte hartu duten 10 proiektuek. BIC Arabako teknikariekin hasi eta SECOT Arabako aholkulariekin eta Deustuko Unibertsitateko langileekin buka. 

Programako parte hartzaile ohien bisita ere izan dute: Naia Espinosa Dryfing proiektukoa, Mario Alonso Andromeda Moto proiektukoa, Jokin Fernández ELCAVI proiektukoa edo Clara Gómez 3D Surgical Technologies proiektukoa.

Araba Ekineanen Ekin Breakfast-etan parte hartzeaz gain, finantza-proiekzioak, inbertsioak eta finantzaketa egiten ikasi dute parte-hartzaileek SECOT Arabako aholkulari Javier Fernández de Troconizen eta Jorge Pérez de Herediaren eskutik.