Berriak

ekinbrakfast movilidad sostenible
#EkinBreakfast: Mugikortasun jasangarria, ekintzailetzarako aukera
28/09/2023
Ekin Breakfast: nolakoa da ekintzailea izatea etxetik urrun?
17/11/2023

Talentua erakartzea eta atxikitzea izan da urriaren 17an Gasteizen egindako FOARSE Enpresen Erantzukizunerako XVII.biltzarraren gai nagusia

XVII congreso foarse de responsabilidad empresarial
  • Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapeneko eta Berrikuntzako diputatu Saray Zaratek lurraldera talentua erakarri eta bertan atxikitzeko plan espezifiko bat landu dela iragarri du.
  • Alberto Bokos, Plataforma 50 elkartearen sortzailea, arduratu da ponentzia nagusiaz, eta 55 urtetik gorakoei lan-merkatuan leku bat emateko premia urgentea nabarmendu du.

Urriaren 17an egin zen Europa Biltzar Jauregian FOARSE Enpresen Gizarte Erantzukizunerako XVII. Araba Foroa, eta aurtengo edizioan Arabako enpresentzat guztiz funtsezkoa den gai bat zuen ardatz, talentua erakatzea eta atxikitzea, hain zuzen ere. Honako hauek dira Enpresen Gizarte Erantzukizunerako Araba Foroko kideak: Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Konfekoop (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa), Asle (Euskal Lan Sozietateen Elkartea), Kutxabank eta San Prudentzio Fundazioa, eta Vital Fundazioak babesten du gainera.

FOARSEko eta San Prudentzio Fundazioko presidente Yolanda Berasateguik ireki zuen biltzarra, eta azken 17 urte hauetan enpresaren gizarte-erantzukizunari eta jasangarritasunari buruzko politikak bultzatzen eta Arabako enpresa guztien artean partekatzen ahalegintzen ari den ekimen honen garrantzia nabarmendu zuen.

Ondoren, Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapeneko eta Berrikuntzako diputatu Saray Zaratek gure enpresen lehiakortasuna handitzeko premia azaldu zuen bere diskurtsoan, gure enpresak betiere humanoagoak, partizipatiboagoak eta gure gizarteak dituen erronkekiko konprometituagoak eginez. Horretarako bere departamentua eskaini zuen “aliatu” gisa. Bertatik soluzio estrategikoak eskaintzen jarraituko dute lurraldean talentua erakartzeko eta atxikitzeko jada ezaguna egin den Araba Talent programaren bidez eta lurraldean talentu-plan bati bultzada emanez.

Gasteizko Udalak ere berretsi egin du enpresei eman beharreko laguntza hori, udal horretako Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Turismoko zinegotzi Maria Nanclaresen hitzetan, honako hau adierazi baitu: “Gasteizko Udalak abiapuntu ziurtzat hartzen du hiria eta lurralde osoa lehiakorrak izango badira, gizarte-arloan arduratsuak diren kudeaketa-sistemak dituzten enpresa errentagarri eta lehiakorrekin soilik izango dela hori posible. Hiri jasangarri baten eraikuntzan duten rol esanguratsuaz jabetzen diren enpresak behar ditugu”, eta horrekin batera balioan jarri du bere departamentuak egindako lana horrelako enpresak bultzatzeko, enpresa-arlo hutsean zein ekintzailetzaren arloan.

Irekitze-ekitaldi instituzionalaren ondoren, ponentzia nagusi batekin jarraitu zuen jardunaldiak, Alberto Bokosen eskutik. Plataforma 50 erakundearen sortzaileetako bat da, hau da, silver economy” deitutakoaren barruan 50 urtetik gorakoen talentua garatzeko eta aprobetxatzeko lan egiten duen erakundearena. Bere ponentzian, mahai gainean jarri zuen mentalitate-aldaketa baten premia urgentea, 55 urtetik gorakoek lan-munduan leku bat izan dezaten. Horretarako, adinkeriaren nagusitasunaren eta biztanleria gero eta zaharragoa izatearen, eta kolektibo horrek lan-merkatuan parte-hartze maila galtzeak dakarren inpaktu ekonomiko handiaren arteko paradoxari buruz hitz egin zuen.

55 urtetik gorakoen inklusioari dagokionez best practices deitutakoen zenbait kasu aurkeztuz amaitu zuen bere mintzaldia Bokosek, Alemania nabarmentzen delarik horrelako politiken erreferentziazko herrialde gisa, eta BMWk produktibitate-maila bikainak lortu dituen eta langile seniorrenei egokitutako kondizioak dituen planta bat sortu izanaren kasu konkretua aipatu du horren harira.

Talentu-mahaia

Mahai-inguru batekin jarraitu zuen biltzarrak, eta bertan, Betsaide euskal enpresako, Ajebask Arabako enpresari gazteen elkarteko eta Eginbide elkarteko ordezkariek Alberto Bokosekin partekatu zituzten beren esperientziak eta ezagutzak talentuaren kudeaketari dagokionez.

Parte-hartzaileek hainbat gauza garrantzitsu aipatu zituzten, hala nola langileen mentalitate-aldaketa, azken boladan COVID efektua deritzonak areagotutakoa, horren ondorioz orain lana bilatzeko garaian beste zenbait alderdi lehenesten direlarik, hala nola malgutasuna edo bizitza pertsonala eta lana uztartzea. Gauza bera esan liteke enpresek talentua erakartzeko estrategiak sortzeko duten premiari buruz ere, estrategia horien bidez balioa, marka eta lan-baldintza malguagoak biltzen dituen proposamen on bat uztartuz.

Amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok itxi zuen ekitaldia, eta oraingoan garai konplexu hauetan enpresaren gizarte-erantzukizuneko politikak inplementatzen ahalegintzen diren euskal enpresen ahalegina aitortu nahi izan zuen, hainbat alderdi oso garrantzitsu kontuan izanda, hala nola Garapen Jasangarrirako Helburuen aplikazioa, edo kolektibo guztien inklusioa balio jakin batzuk bultzatuz, adibidez, jasangarritasuna eta egonkortasuna.

XVII congreso foarse de responsabilidad empresarial