Berriak

Urban Commerce 2022: Merkataritzaren etorkizunari begira
05/10/2022
Aiara Industrial Lab sortu da Amurrion, Aiarako enpresen azeleragailua
22/11/2022

Ekin Breakfast: Gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonentzako enplegu sorketa

Joan den urriaren 25ean, asteartea, Araba Ekinean ekimenak beste Ekin Breakfast bat antolatu zuen, gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonentzako enplegua sortzeari dagokionez. 

Kalitatezko enplegua sortzen dute gizarteratzeko enpresek, eta prestakuntza eta akonpainamendua eskaintzen diete kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei. Eta egiten duten lanaren fruitu, kalitatezko produktu eta zerbitzuak eskaintzen dizkiote gure gizarteari.

Euskadin gizarteratzeko 42 enpresa biltzen dituen GIZATEA Gizarteratzeko eta laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea eta ENDAA Euskadik ez du inor atzean uzten Elkartea Euskad(IN)klusiboa ekimena garatzen ari dira, topaketa honetan ezagutuko ditugunak bezalako gizarteratzeko enpresak sortzeko aukera sustatu nahi duen ekimena, hain zuzen ere.

Joana Revilla Gizatea-ko koordinatzaileak eman zion hasiera bilkurari, eta gizarteratze-enpresa bat zer den ulertzeko gakoen gainean hitz egin zigun. Joanak horrelako enpresen funtzionamendua azaldu zigun, haien xede sozialaren eta prozesu eta esparru juridikoen berri emanez. Ponenteak lau gizarteratze-enpresari eman zien hitza.

Lehenik, Susana Albana Berezi 99 enpresako gizarteratze-teknikariak arlo soziosanitarioko integrazioaren gaineko ponentzia aurkeztu zuen. Gizarteratze-prozesu batean parte hartzen duten figura guztien berri eman zigun, eta gizarteratze-enpresak ulertzeko bost giltza eman zituen. Gainera, honako hau azpimarratu zuen: “Aukera bat eskaintzen dugu, eta horrek ahalegin bat eskatzen du, baina ahalegin handi bat. Horregatik, ikasteko eta beren bizi-egoera aldatzeko gogoa duten pertsonak dira arrakasta-prozesuen eragile nagusiak”

Jarraian, Ikatzbizi enpresako Jesús Gazapo jaunarekin hitz egin genuen. Arlo sozio-sanitarioan laneratzeko esparru bat eskaintzen duen laneratzeko enpresa da, autonomia eta gaikuntza soziala garatzeko prozesuan dauden pertsonei zuzendutakoa. Jesusek gauza gehiago kontatu zizkigun adinekoen eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen premiei erantzuteko sortu den proiektu horren inguruan. Bi talde horiek ahalmen handia dute, eta sor litezkeen aukeren zain daude. 

UTE Coopera-Emaus-eko David López izan zen hirugarren ponentea. Gasteizen etxe- eta merkataritza-arloan jatorria duten bolumen handiko hondakinak biltzeko, sailkatzeko, kudeatzeko eta haien berrerabilera sustatzeko zerbitzuak kudeatzen ditu erakunde horrek. Bi enpresak bat egin zuten sendotasun handiagoa lortzeko asmoarekin, eta elkarte horretan gizarteratzearen alde lan egiteko esperientziaren berri eman zigun Davidek.

Azkenik, ENDAA elkarteko presidente Austin Ortizek LANAGRO proiektuaz hitz egin zigun, datozen asteetan sortzea aurreikusita dagoen Arabako landa-inguruneko gizarteratzeko lehenengo enpresaren berri emanez. Proiektu horren helburua da Arabako eta Euskadiko lehen sektorearentzat garrantzizko aldaketak sortzea, nola kontratatuentzat, hala kontratatzaileentzat. Aldaketaren eraginez, soldatako laneskua egonkorragoa izango da, eta prestakuntza- eta gizarteratze-tasek gora egingo dute. Batez ere, askoz ere merkatu profesionalizatuago bat izango da, eta sasoiko langileek enplegu egonkorrago bat edukitzeko aukera izango dute, prekarietate handian jarraitu beharrean. 

Arabako ekintzailetzarekin lotutako albiste, laguntza edo ekitaldi guztien berri izan nahi baduzu, ez eduki zalantzarik eta harpidetu gure newsletterrera, edo bestela, jarrai iezaguzu LinkedInenTwitterren edo Facebooken.