Berriak

Guillermo de Aranzabal, Rioja Alta upategietako presidentea eta Data Value Management, Araba Ekinean 2024 sarien irabazleak
24/05/2024
Ekin Breakfast: Adimen Artifiziala, iraultza teknologikoa eta ekintzailetzan aritzeko esparrua
03/07/2024

Guillermo de Aranzabal: “Gauza berriak egiteak, zure ideia propioak edo zure sistema propioak garatzeak, edo zure senari kasu egiteak, poztasun izugarria ematen dizu.”

Joan zen maiatzaren 23an, Ekin Day eguna ospatu zen, eta hantxe banatu ziren Zure Ideiak Balio du lehiaketaren 2024ko sariak.

Guillermo de Aranzabal, La Rioja Alta upategiko presidentea, izan zen edizio honetako Ekintzaile Handiaren sariaren irabazlea. Gainera, Agromotor Taldeko eta zerbitzu soziosanitarioen Albertia konpainiako presidentea da. Hiru familia-enpresa horien arduraduna den aldetik, La Rioja Alta upategia bost belaunaldiz bere familiaren eskuetan egon dela nabarmendu du, upategia 1890. urtean sortu zenetik. Gaur egun, Torre de Oña upategiarekin du presentzia upategi-taldeak Arabako Errioxan, baita Ribera del Duero eta Rías Baixas jatorri-deituretan ere.

Guillermo de Aranzabal elkarrizketatu dugu bere ibilbideari buruz gehiago jakiteko.

Araba Ekinean (AE): Ekintzailetzan jardundako bizitza oso bati emandako saria. Nola hartu du Guillermo de Aranzabalek Arabako Ekintzaile Handiaren sari hau?

Sari bat ikusteko bi modu daude: iraganean egin duzunarengatiko errekonozimendu gisa edo etorkizunean gauza gehiago egiteko motibazio gisa. Bigarren modu horretan ikusten dut nik. Eta ilusio handiarekin, hain zuzen ere.

(AE): Automozioa, upategiak, egoitzak… Zabala bezain askotarikoa da enpresak kudeatzen eta proiektu berriak abiarazten zuk duzun esperientzia. Zein da sekretua?

Kasualitatea da neurri batean. Bizitzak aukerak ematen dizkizu eta batzuetan aprobetxatu egiten dituzu eta beste batzuetan ihes egiten dizute. Nik oso gogoko dut negozio batetik bestera erabat aldatzea. Kudeatzeko modu batetik bestera. Soluzio batzuetatik beste batzuetara. Eta gure enpresa horietan ditugun lantalde bikainei esker egon naiteke beren artean oso desberdinak diren industrietan. Lantalde horiek gabe ez genuke ezer egingo.

(AE): Adieraziko zenuke zure enpresa-ibilbidearen barruan maitasun bereziz gogoratzen duzun proiektu edo une bat?

Agian Torre de Oña SAren erosketa, Paganos-Guardian. Ardo oso berezien upategi eta eremu baten bila genbiltzan, La Rioja Alta SAn egiten genuenarekiko estilo desberdin baten bila, eta aurkikuntza oso ilusionagarria izan zen Torre de Oña.

Adinekoen egoitzen gure enpresa sortu izana ere bai. Nik hasitako negozioa izan denez, ilusio handia egiten dit. Eta izugarri garatu da.

(AE): Zer balorazio egiten duzu Euskadiko ekintzailetza-ekosistemari buruz oro har eta Arabakoari buruz bereziki?

Euskadik zein Arabak tradizio ekintzaile aipagarria dute, oso errotua, eta langileen prestakuntza-maila oso handia da. Baita enpresa-garapenarekiko hurbilekoa eta positiboa den administrazio bat ere. Faltan hartzen dudana erabaki jakin batzuk hartzean ausardia handiagoa izatea da, eta inbertsio garrantzitsuak erakartzeko Kontzertu Ekonomikoak eskaintzen dituen posibilitateak gehiago erabiltzea. Ez naiz soil-soilik zerga-arlokoak diren gaiez ari, baita berme juridikoez eta epe ertainerako marko egonkorrez ere.

(AE): Elkarrizketa hau irakurtzen ari diren pertsona asko ekintzailetzan ari dira oraintxe bertan hainbat proiektu txiki martxan jarrita, proiektu horiekin erronka ugariri aurre eginez. Zer aholku emango zenieke?

Nire bizitzan bitan izan naiz ekintzailea. Bata 27 urterekin eta gaizki atera zitzaidan, eta bestea 52 urterekin eta ongi atera zitzaidan. Ekin egin behar da, eta ondoren jarraitu. Gauza berriak egiteak, zure ideia propioak edo zure sistema propioak garatzeak, edo zure senari kasu egiteak, poztasun izugarria ematen dizu. Behin gaizki ateratzen bazaizu ere –eta normala da hori–, ondo aterako zaizu ondoren. Zure porrotetatik ikasten duzuna da zure arrakasten oinarria.


Arabako ekintzailetzari buruzko albisterik, laguntzarik edo ekitaldirik galdu nahi ez baduzu, harpidetu zaitez gure newsletterrera, edo jarrai gaitzazu LinkedInTwitter edo Facebook-en.