Berriak

Ezagutu 2021ean Araban ekintzaileen eskura dauden laguntza guztiak
29/01/2021
45 lantaldek baino gehiagok beren proiektuak aurkeztu dituzte Araba Ekinean ekimeneko Eskola Enpresen Ferian
09/02/2021

Hemen da Araba Ekinean-ko 2021ko edizioa!

Aurtengo leloa “Etorkizuna sortzen” da, eta helburua da pertsona ekintzaileek aurrera egin eta mundu hobea sortzeko duten potentziala baloratzea.

Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, SPRI taldearen eta BIC Araba taldearen bidez, eta Vital Fundazioak Araba Ekinean ekimenaren edizio berri bat aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan. Ekimena urte osoan zehar garatuko da, “Etorkizuna sortuz” lelopean.

Lehiaketa sustatzen duten erakundeek Arabako ekintzailetza ekosistema aitortu, balioetsi eta indartu nahi dute horrela; izan ere, estatu mailan egindako azterlan batek Estatu osoko onena dela aitortu du. Espainiako ekintzailetza aktiboari buruzko txostena 2020. urtearen amaieran aurkeztu zuen Impact HUBek, komunitate ekintzaileak eraikitzera bideratutako munduko networking sarerik handienetako batek, eta bertan Araba ageri da ranking ekintzaile horren lehen postuan, Madril, Gipuzkoa, Girona eta Bartzelonaren aurretik.

Gaur egungo egoera ikusita, urteko jarduerak modu hibridoan egingo dira: online topaketak eta aurrez aurreko hitzorduak nahasiz.

“Zure ideiak balio du” lehiaketa

Lurraldeko ideia eta proiektu ekintzaile onenak saritzen dituen lehiaketa da, eta kategoria berri bat izango du, egungo krisitik irteteko irtenbiderik onenak ekartzen dituen ekimena saritzeko. Guztira 10 sari izango dira, eta guztira, 11.000 euro baino gehiago saridunentzat. Sariak honako hauek dira:

  • Ideiarik onenaren On4U saria. 500 euro.
  • Ideiarik jasangarrienaren Aclima saria. 500 euro.
  • Merkataritza eta turismoko Gasteiz ON saria. 1000 euro.
  • Nekazaritzako elikagaien arloko ekimen onenaren Eroski saria. 1000 euro.
  • Industria arloko ekimen onenaren Michelin saria: 1000 euro.
  • Zerbitzuen sektoreko ekimen onenaren Ferrovial saria: 1000 euro.
  • Enpresa arloko eraldaketa sozialaren RPK sari berezia: 1000 euro.
  • Krisialditik ateratzeko irtenbide eraldatzaileen Vital Fundazioa saria: 1000 euro.
  • Berrikuntzako Metxa sari berezia: izen bereko azeleratzaileak emana proiekturik berritzaile eta eskalagarrienari. Saria: plaza bat hurrengo Bootcamp Metxa-rako, 4.000 euroan balioztatua.
  • Ikusleen sari berezia: Ideia finalisten azken aurkezpenera joango diren ikusleen artean aukeratua. 300 euro.

Eskaerak aurkezteko epea gaur bertan hasiko da, otsailak 4, eta martxoaren 31ko 14:00etan bukatuko da. Finalistek irailaren 29an Europa Jauregian egingo den ekitaldi irekian aurkeztu beharko dituzte proposamenak, eta irabazleak urriaren 5ean egingo den Ekin Day jaialdiaren barruan jakinaraziko dira.

Informazio gehiago eta izen-emateak.

Ekin Day eta Aurre-Ekin Day

2021 edizioak berrikuntza garrantzitsu bat izango du Ekin Dayk topagune nagusian. COVID-19ak eragindako egoera dela eta, ekitaldi presentziala urriaren 5ean izango da, baina maiatzean lineako deialdi bat egingo da, “motorrak berotzen” joateko.

Webinar horretan, “Lurraldean ekintzaile izatea” izenburupean, Araba osoko proiektu eta pertsona ekintzaileen adibideak erakutsiko dira, zabaltzeko eta harreman eta networking handiagoa sortzeko horien guztien artean.

Ekin Dayk, bestalde, Araba Ekinean sariak eta “Zure ideiak balio du” lehiaketaren sariak banatzeaz gain, etorkizuna sortzen eta gizartean eragin positiboa eratzen ari diren pertsona eta ekimenen hainbat adibide inspiratzaile hartuko ditu.

B2B Topaketa

Irailaren 29an Europa jauregian egingo den jardunaldian, orobat, B2B topaketa egingo da, bosgarren urtez jarraian. Topaketa horretan, ekintzaileek banakako bilerak egin ditzakete aholkularitza, finantzaketa eta azelerazio erakundeekin, baita beste pertsona ekintzaile batzuekin ere.

Ekintzailetza katea

Edizio honetako beste berrikuntzetako bat izango da lurraldeko enpresen eta ekintzaileen artean ekintzailetza kate bat sortzea. Arabako ekintzailetza ekosistema hori protagonista nagusien laguntzarekin bistaratzea eta balioestea da asmoa, Estatu osoko onena dela aitortu baita. Alavaemprende.com web orrian gune bat jarriko da, nahi duen enpresa edo proiektu ekintzaile bakoitzak lankidetza eman eta bere balio proposamena hobetzen lagundu dion beste ekimen bat ikusteko aukera izan dezan. Horrela, ekimen horiek bultzatu eta zabaldu nahi dira, eta negozio aukera berriak bultzatzen lagunduko duen kate bat sortu.

Ekintzailetza sustatzea gazteen artean

Araba Ekinean 2021ek, halaber, gazteen artean ekintzailetza bokazioa eta talentua bultzatzeko ekintza programa oso bat garatuko du. Ildo horretan, pandemia gorabehera, bihar bertan Eskola Enpresen Azoka egingo da, baina oraingoan lineako ekitaldi baten bidez. Topaketan lurraldeko Lanbide Heziketako 7 ikastetxetako ikasleen 40 proiektu ekintzaile aurkeztuko dira. Epaimahai batek aukeratuko du ekimenik originalena eta sortzaileena eta 200 euroko saria jasoko du horrek.

Urtean zehar, beste ekintza batzuk ere garatuko dira, hala nola “Elkarrizketak Etorkizuna Sortzen“, bideoan grabatutako elkarrizketa batzuk, non Arabako ekintzailetzaren hainbat erreferentek hainbat alderdiri buruz eztabaidatuko baitute, esaterako ekonomia berriei buruz: lankidetzakoa, soziala, ekonomia zirkularra, baita ekintzailetzaren inguruko eguneroko joerei edo egoerei buruz ere. Guztira, 4 elkarrizketa egingo dira urtean zehar, eta Araba Ekinean-en web orrian jarriko dira eta sare sozialen bidez zabaldu.

Ekintzailetza bokazioa sustatzeko eta pertsonek proiektu bat abiarazteko duten gaitasuna neurtzeko, lineako Escape Room bat ere sortuko da, ekintzailetza berariaz ardatz duen aplikazio bat, non 40 minutu baino gutxiagotan parte hartzaileek 10 erronka gainditu beharko baitituzte ekintzailetzaren “sorlekura” iristen lortu aurretik. Gure harrobi ekintzailea jolasaren bidez handitzeko modu bat. Taldeka jokatzeko pentsatutako dinamika da, eta, horrela, lankidetza espiritua sustatu. Room Escape hori edozein gailutatik erabil daiteke, mugikorretatik barne.

Azkenik, Ateak Irekitzeko Jardunaldi batzuk ere programatuko dira, lurraldeko hazitegiak ezagutzeko, bertan garatzen ari baitira Arabako proiektu berriak.