Berriak

Barne-ekintzailetza: enpresaren barrutik ekinez
25/05/2017
Vitoria-Gasteizko Udalak enpresak sortzeko laguntzak aurkeztu ditu.
01/06/2017

Honelakoak dira Vitoria-Gasteizko Udalaren ekintzaileentzako bekak

Pertsona batek negozio-ideia bat du eta garatzea erabakitzen du. Mila buelta eman behar zaizkio, Enpresa Plana egin, laguntzaileak eta hornitzaileak bilatu eta abar. Eta zer gertatzen da ideia sortzen denetik merkaturatzen den artean? Aldi horretan laguntza ekonomikoa bermatzeko, Vitoria-Gasteizko Udalak “Ekintzaileentzako Bekak” laguntza plazaratu zuen, enpresa-ideia garatzeko unean, hau da, proiektua definitzeko prozesuan daudenean eskuratu daitezkeen laguntza ekonomikoak.

Dozenaka lagunek jaso dute dagoeneko “Ekintzaileentzako Beka”. Horietako bat Maite Bravo da, Atari Consultora Sostenible enpresaren sortzailea. Ingurumenari lotutako prestakuntza eta dibulgazioaren, ingeniaritzaren eta aholkularitzaren arloetatik ingurumena zaintzera bideratutako enpresa da. Maitek zera dio: “ekintzaileentzako beka bultzada garrantzitsua izan zen nire proiektuan sinesteko eta enpresa gorpuzten egon nintzen hilabete haiei kaudimenez aurre egin ahal izateko. Garai hartan ekipamendua lortzeko inbertsio txikiak egiten hasi behar izan nuen, eta beka edukitzea babes handia izan zen enpresa oraindik merkatuan ez zegoenean eta, beraz, diru-sarrerarik sortzen ez zuenean”. “Ilusioz betetako garaia izan zen, baita lan asko egin beharreko garaia ere: ideiari forma ematea, prestakuntza, baliabide-bilaketa eta abar. Beka jaso nuenean Enpresa Plana lantzen ari nintzen. PIPAEn (Ekintzaileei Laguntzeko Plan Integral Pertsonalizatua) parte hartu nuenetik enpresa abian jarri arte sei hilabete inguru igaro ziren” adierazi du Maite Bravok.

Iñigo Etxeita eta Raúl Vera Avant Music Center, Vitoria-Gasteizen dagoen Rockschool Londonen zentro ofizial bakarraren sortzaileak dira. Musika modernoan titulazio ofiziala eskaintzen dute, Bolonia Planak homologatua. Beraientzat, musikaren munduan esperientzia zabala izanik, “ekintzaileentzako beka bultzada nabarmena izan zen abian jartzeko, eta erakundearen aldetik gure ideiak jasotako onarpena ere oso garrantzitsua izan zen”. Iñigo eta Raúlek urtebete behar izan zuten Avant Music Center enpresaren negozio-ideia garatzeko: “enpresa-plana lantzea, negozio-eredua definitzea, zentro ofizial gisa homologazioa lortzea, eta abar. Bai, ekintzaileentzako beka ideia garrantzitsua izan zen, bai horixe!”.

Vitoria-Gasteizko Udalak 70.000 euroko aurrekontua du 2016-2017 ekitaldirako. Laguntza hau lortu nahi dutenek ekainaren 15era arteko epea dute, baina ondoren beste aldi bat zabalduko da ekainaren 16tik irailaren 29ra arte. Baldintza guztiak honako esteka honetan kontsulta ditzakezue.