Berriak

The Best 5, aurreztu denbora eta dirua Internet bidez erosten
12/05/2017
ASLEk Ekintzaileen Foroa sortu du enpresa-proiektuak sendotzeko laguntza emateko
24/05/2017

Horrela da BIC Araban ekintzailetzan aritzea

Fabrikazio gehigarria, teknologia berriak, bioteknologia edo 4.0 industria dira beren jarduera BIC Araban hasi duten enpresek jardun-eremutzat dituzten sektoreetako batzuk. Arabako Parke Teknologikoan dago, eta ekintzailetzaren gune nagusietako bat bihurtu da bere dinamismoari eta bertan bildutako enpresen izaera berritzaileari esker.

BIC Arabak (Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa) proiektu berritzaileak dituzten 27 enpresa biltzen ditu bere barruan. “Berrikuntza bere zentzurik zabalenean ulertzen dugu. Horrelakotzat har liteke prozesuetako, teknologiako, produktuetako, merkataritza-estrategietako, eta beste zenbait arlotako berrikuntza”, zentroko arduradunen hitzetan.

Horretarako, BICek bulegoak edo pabiloiak jartzen ditu enpresen eskura, bertan beren jarduera garatzen has daitezen. Errenta subentzionatutako baldintzetan dauden guneak dira, eta enpresak bi urtez gera daitezke gehienez ere bertan. Honako esteka honetan kontsulta daitezke erabilgarri dauden guneak eta gune horien abantailazko tarifak:

 

Baina guneaz haratago –BICen diotenez– eskaintzen duguna zera da, testuinguru ekintzaile, berritzaile eta dinamiko bat, non Zentroaren filosofiarekin ondo uztartzen diren enpresek baldintza egokiak aurkitzen dituzten garatzeko eta proiektua sendotzeko”. Izan ere, BIC Arabak lurraldeko enpresekin duen lankidetza askoz haratago doa. Gaur egun, 115 enpresa-ekimenekin ari da lanean, bere eraikinean fisikoki dauden 27ak barne, guztiei ere laguntza ematen dielarik haien garapen-fase guztietan: bideragarritasun-azterketa, inkubazioa, hazkundea, sendotzea edo barneko ekintzailetza.

BICek bultzatu nahi duen elementuetako bat enpresen arteko networkinga da, hainbat ekitaldi eta baterako jarduerekin. “Guretzat oso garrantzitsua da oinarri teknologikoa eta berritzailea duten enpresez inguratuta egotea”, esan du Eneritz Zubizarretak, Softwarea egiaztatzeko Globe Testing enpresaren sortzaileak. “Proiektuak garatzeko bazkideak aurkitzea ahalbidetzen digu, baita hornitzaileak edota gure lankideen artean bezeroak ere, edo besterik gabe aukera ematen digu ekintzailetzan aritzen garenean bizi ditzakegun egoerak eta besteek jada aurre egin behar izan dietenak partekatzeko”.

Gainera, enpresen zerbitzurako profesionalen taldea du BIC Arabak. Lagundu egiten die beren lehenengo jarduera-urteetan bideragarritasun-azterketak egiteko, baliabide ekonomiko edo teknologikoak bilatzeko, laguntza publikoa kudeatzeko edo berrikuntza-prozesuak diseinatzeko. Hori guztia prestakuntza- eta dibulgazio-ekitaldien programa zabal batekin osatzen da, programa hori honako esteka honetan kontsulta daitekeelarik: http://www.bicaraba.eus/eventos/

Ideia berritzaile bat baduzu buruan eta hura garatzeko leku baten bila bazabiltza, hurbil zaitez BIC Arabara eta bertan galde dezakezu. Eta bestela, betiere interesgarria da haiei jarraitzea Twitterreko beren kontuen bidez edo Facebooken 😉