Berriak

Ekintzaileek eta Makerrek eskua eman diote elkarri Araba Ekinean ekimenak antolatutako tailerrean
18/11/2021
INIZIA Arabacamus «Cori – Better Diabetes» eta «Trach Scope» saritu ditu 2021eko edizioan
15/12/2021

Hurbileko merkataritza berrasmatzen

2021eko azken Ekin Breakfast honetan, berrikuntzaren alde egin duten hurbileko denden garrantzia nabarmendu nahi izan dugu, hala nola Arlekin Liburu-denda, Victofer, Entretelas edo FotoPrix. 

Joan den asteartean, azaroaren 30ean, egin genuen 2021eko azken Ekin Breakfasta formatu hibridoa erabiliz: modu presentzialean Vital Fundazioko Kulturgunea aretotik, eta online Youtuberen bitartez. Ekitaldi horretan, berrikuntzaren alde egiten duten hurbileko saltokien garrantzia nabarmendu nahi izan genuen.

Hurbileko merkataritza ezinbesteko elementua da hiria eraikitzeko, elementu dinamizatzailea da, ekintzailetza-nitxo bat, eta horrekin batera, Ekin Breakfast honek erakutsi duenez, berrikuntza-adibide bat ere izan daiteke. Tokiko saltokien esperientzia partekatzen dugu, hainbat ikuspegitatik begiratuta eta planteamendu desberdinekin eraldaketako, berrasmaketako, sorkuntzako eta berrikuntzako adibidetzat har daitezkeen saltokiena, hain zuzen ere. Produktu berriak, formatu berriak, gune berriak eta beren bezeroekin erlazionatzeko modu berriak, hurbileko merkataritza gure lurraldean oso bizirik dagoela erakutsiz.


Ekin Breakfast: Hurbileko merkataritza berrituz” ekimena galdu bazenuen, grabatuta ikus dezakezu lerro hauen gainean txertatuta dagoen bideoan.


Lehendabizi, dinamismoz betetako auzo-saltokia den Arlekin liburu-dendako Diego Martínez de San Vicentek Gasteizen kultura sustatzeko abian jarri dituzten proposamenak kontatu zizkigun: “San Martin auzoa eraikitzen ari zirenean sortu ginen. Nire osaba hasi zen abentura honekin. Hasieran, arratsalde batzuetan ez zen inor sartzen, baina, arian-arian, sendotzen eta hazten joan ziren. 2014an nik hartu nuen lekukoa. Hastea zaila izan zen, dedikazio handia eskatzen du. Pixkanaka-pixkanaka itxura hartzen joan zen, lokalez aldatu ginen eta berritzen hasi ginen. Denetarik egin dugu, katak egin ditugu, baita irakurketa-tailerrak eta irakurketa-klubak ere. Oso gauza dibertigarriak, oso harrera ona izan dutenak”, baieztatu zuen.

Ondoren, Victofer saltokiko Sergio Fernández entzun genuen. Victofer Gasteizen erreferentzia den delicatessen produktuen familia-saltokia da, tradizio handikoa eta garai berrietara egokitzen jakin izan duena. “Betiko elikagai-denda bat ginen. Gaur egun ia ez dago horrelakorik. Bakailaoa da gehien saltzen genuen produktua eta oso garai latzak izan ziren. Errazionamendu-kartillen eta estraperloaren garaia bizi izan genuen. Beti izan dugu aldatzeko premia hori. Supermerkatuak iritsi ziren eta kontserbatan espezializatzea erabaki genuen. Txoko bat genuen bezeroei esperientzia bat eskaintzeko. Mugikortasuna aldatu zenean eta autoei murrizketak jarri zizkietenean, erosketa etxera eramaten eta Gasteiztik kanpo saltzen hasi ginen”, adierazi zuen.

Ana Cristina Aracamaren kasuan, Entretelas saltokiarekin hastera ausartu zen. Formatu tradizionala birmoldatzea lortu duen oihal-denda, komunitatea sortzeko apustua eginez, prestakuntzaren eta presentzia digitalaren alde lanean. “Nahiz eta ni oihal artean hazi amaren eta amonaren zaletasunarengatik, horrelako negozio bat izatea ia kasualitatea da. Beti besteren kontura lan egin nuen. 2012an Tejidos Albo dendara joan nintzen joskintza zale gisa eta negozioa eskualdatzen zela zioen kartel bat ikusi nuen. Asko pentsatu gabe, negozioaz galdetu nuen eta egun gutxiren buruan dena azkartu egin zen eta negozioarekin geratu nintzen. Bideragarritasun-azterketak ideia burutik kentzeko moduko emaitzak ematen zituen, baina nire senaz fidatzea erabaki nuen. Kontratua sinatu bezain laster, dendara joan ginen, jendea sartzen hasi zen eta hor hasi zen nire abentura. Oso interesgarria da kontsumitzailea eta saltzailea izatea, azkenean, ikasten eta hobetzen laguntzen dizu etengabe”, azaldu zuen. 

Azkenik, lehen Foto Ikatz zen FotoPrix dendako Valentín Basañez entzun genuen. Sektorearen barruan berrasmatzen jakin izan duen eta estatuko saltoki ugari zabaldu dituen argazki-denda. “Hemen gauden guztiok elkarren arteko zerbait baldin badugu zera da, olatuan surf egiten jakin izan dugula. Auzo-denda batekin hasi ginen Olagibel kalean. Karreteak errebelatzen genituen, argazkiak egiten genituen, kameraren bat edo beste saltzen genuen… 80ko hamarkadan, autofocusa zuten lehen kamerak eta argazkiak ordubetean errebelatzen zituzten makinak atera ziren. Era berean, garai horretan eraiki zuten Dendaraba eta gure lehen denda handia prestatu genuen. Bere garaian, lehia handia zegoen hiri guztietan; beraz, herrietan dendak irekitzen hasi ginen. Hori da lehiaren alderdi ona, hobetzera behartzen zaituela. Karretearen garaian oso ondo zihoan negozioa, gainera, oso negozio erraza zen, baina Internet eta kamera digitalak iritsi ziren, eta negozioa pikutara joan zitzaigun oso azkar. 2002an oso zaila zen argazki digitalak paperera pasatzea. Kontsumo-ohiturak errotik aldatu ziren. Sinesten genuen negozioan; horregatik, inbertitzen jarraitu genuen negozioa goitik behera aldatzeko”, baieztatu zuen.


Araba Ekineanek antolatzen dituen hurrengo Ekin Breakfast ekimenen berri izan nahi baduzu, jarrai gaitzazu Twitteren, LinkedInen, Facebooken edo izena eman gure newsletterrean.