Berriak

Arabako Ganberak eta Vital Fundazioak ekintzailetzari laguntzeko programak sustatzen dituzte
12/06/2017
Still Good, zakarretara botatzen den janaria aprobetxatzeko negozio-ideia bat
23/06/2017

ID-EMERG, telefonoan informazio klinikoa biltegiratuz bizitzak salbatzeko aplikazio bat.

ID-EMERG negozio-ideiari esker, Diego Delgadok eta Borja Yrazuk ideia onenaren saria irabazi zuten Berrikuntzaren kategorian, Araba Ekinean ekimenaren esparruan antolatutako “Zure ideiak balio du” lehiaketan. Gizartean dagoen arazo baten konponbidea bilatu nahian mamitu zuten negozio-ideia, teknologia eta lankidetza-filosofia uztartuz.

Larrialdi-egoera batean pertsona batek beste bati laguntza eskaini behar dion kasurako pentsatu da ID-EMERG aplikazioa. Larrialdi-egoera baten eraginpeko pertsonari buruzko funtsezko informazioa eskaintzen du aplikazioak, hala nola adina, odol-taldea, medikazioa, gaixotasunak, alergiak, eta abar, baita pertsona batekin harremanetan jartzeko telefono-zenbaki bat ere, erantzun azkarra eman ahal izateko.

Oso erabilerraza da; erregistratzeko nahikoa da telefono mugikorren tresna biometrikoak erabiltzea, hatz-marken irakurgailuak adibidez. Erabiltzaileak hatz-markaz erregistra daitezke aplikazioan, eta jarraian beren historial klinikoa igo dezakete. Erregistro guztiak hodeian gordeko dira, urruneko gordailu batean, eta ID-EMERG aplikazioa duen edozein gailutatik eskuratu ahal izango dira.

Aplikazioa oso erabilgarria izango da trafiko-istripuen ondorioz pertsonak konorterik gabe daudenean, zaharrak eta neuroendekapenezko gaixotasunak dituzten pertsonak galduta eta desorientatuta daudenean, bihotzekoen eta bestelako osasun-egoera kritikoen aurrean, edo testuinguru arriskutsuetan, goi-mendietan adibidez, istripuak gertatzen direnean.

Diego eta Borja aplikazioa garatzeko prozesuan murgilduta daude une honetan, negozio-planaren definizioa amaitzen duten bitartean.