Berriak

Arabako sei enpresa BIND 4.0 programan parte hartzeko hautatu dituzte
15/11/2017
Araba ekinean webgunea eta irudi korporatiboa estreinatu ditu
29/11/2017

Ideia berritzaileak dituzten 20 gazteren bila dabil Explorer programa

BIC Arabaren bitartez, ideia berritzaileak dituzten 20 gazteren bila dabil Explorer programa, enpresa-proiektu bat sortzeko helburuarekin. 18 urtetik 31 urtera bitarteko gazteek har dezakete parte programan, eta parte-hartzaileek aholkularitza, laguntza eta prestakuntza jasoko dute bost hilabetez, beren negozio-planak garatzeko. Horretarako, BIC Arabako eta SECOTeko profesional espezializatuen laguntza izango dute, eta BIC Arabako instalazioetan langune batzuk izango dituzte eskura, Arabako Parke Teknologikoan.

Behin bost hilabete horiek amaiturik, espezialistez osatutako epaimahai batek proiekturik onena hautatuko du. Haren sustatzaileak Silicon Valleyra bidaia egiteko aukera izango du programan parte hartzen duten gainerako probintzietako ekintzaileekin, eta guztiek ere sari bat jaso ahal izango dute, eskudirutan, proiektua finantzatzeko. Arabako lehen hiru sailkatuek BIC Arabaren instalazioetan espazio bat doan erabili ahal izango dute 6 hilabetez, eta aholkularitza espezializatua jasoko dute proiektuak garatzeko.

Jóvenes con Ideas Explorer Programa CISE (Centro Internacional Santander Emprendimiento) zentroak bultzatutako ekimena da, eta Espainiako berrogeita hamar zentrotan garatzen da, besteak beste BIC Araba Arabako Eraberrikuntza Industrialdean, SPRIren babesarekin. Aldez aurreko Yuzz programaren bilakaera da programa hau. Jadanik finkatuta dauden Arabako hainbat enpresa programa horri esker sortu ziren, esaterako Jakincode, Keinoby, Bihartech, Erle Robotics, Acert Energético edo Kwido. Orain arte, guztira 94 enpresa-proiekturi eman die babesa programak.

EY Fundazioarekin aurrera daraman elkarlanari esker, Explorer programak bi sari ere lortu ditu: batetik, Woman Explorer Award saria, 20.000 euro eskaintzen dituena emakume batek gidatutako proiekturik onena finantzatzeko, eta, bestetik, INDRAk bultzatutako Disruptive Technology Explorer Award berrikuntza-saria, negozio-proiektu berritzaileenaren esku 3.000 euro eta Indraventureseko adituen aholkularitza emango duena.