Berriak

“Made in Araba” turismo jasangarria, aukerak eta esperientzia ekintzaileak
28/11/2019
Ajebaskek ekintzaile arabarren talentua saritu du
05/12/2019

DBHko 4. mailako 800 ikaslek ekiten ikasi dute IkasEkiten-en zortzigarren edizioan

IkasEkiten

Dagoeneko 5.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute IkasEkiten-en 8 edizioetan.

Zortzigarren urtez jarraian, IkasEkiten-ek espiritu ekintzailea sustatu du DBHko 4. mailako ikasle arabarren artean. Arabako Parke Teknologikoak, BIC Araba-k eta Fundación Vital Fundazioak sustatutako ekimen honetan 800 ikaslek eta 17 ikastetxek baino gehiagok parte hartu dute, eta arrakasta itzela izan du.

Bost saioetan, hainbat ikastetxetako ikasleak (Mendebaldea, Amaurre, Hogar San José, San Bizente Ikastola, Nazareth, Niño Jesus, Murgia, San Viator, Virgen Niña, Egibide, Badaia Nanclares, Ikasbidea, San Prudencio, Corazonistas, Carmelitas Sagrado Corazón, Urkide edo Marianistas) jabetu dira ekitea lanbide-aukera bat baino askoz gehiago dela.

BIC Arabaren instalazioetara eta Arabako Parke Teknologikora egindako bisitez baliatuz, ikasleek tailer batzuk egin dituzte. Tailer horiei esker, alde batetik, jabetu ahal izan dira grinek eta motibazioek ekintzaileak bultzatzen dituztela proiektu berriak sortzera; bestetik, lantalde batean bete daitezkeen rol desberdinak ezagutu ahal izan dituzte eta ikusi ahal izan dute talde-lana funtsezkoa dela; eta, azkenik, lehen urratsak egin ahal izan dituzte enpresa baten plangintza ekonomiko-finantzarioaren alorrean IkasTest-aren bitartez.

Jarduera horiei esker, ekintzailetza etorkizun profesional gisa ezagutzera emateaz gain, ekintzailetzak gizartean duen inpaktu positiboa hedatu da, eta, aldi berean, hainbat gaitasun garatu dira, hala nola, erabakiak hartzea, arriskuak nork bere gain hartzea, plangintza…

Gainera, ikasleek aukera izan dute Arabako Parke Teknologikoan lan egiten duten ia 30 pertsonaren esperientzia ekintzaileak ezagutzeko. Aukera paregabea hainbat proiekturen atzean dauden motibazioak, erronkak eta esperientziak ezagutzeko. Hauek dira proiektu horietako batzuk: Andromeda Moto, Lycolab, Zarate Mateo Algorithmic Systems, I+Med, Zuma Innovation, Boutefeu, Arangine, Econatur Ikerketa, Abagune Research, Meteo For Energy, Ikusgarri Films, BIM Survey, AJL, Brave Corporation, Orvium, Gobak, BaiGene, Mizar Additive, Kupah, Wind Recycling, E-process med, Globe Testing, Airestudio, Izurun, Encriptia, Data Value Management eta CIC Enegigune.

Izan ere, IkasEkiten-en, ikastetxeak, ikasleak eta irakasleak ez ezik, ekintzaileak eta enpresak ere inplikatzen dira. Eta hori guztia, ekintzailetzak gizarteari dakarkion balio sozial eta ekonomikoaz kontzientziatzeko helburuarekin.