Berriak

Powerfultree: “Lurzorua partekatzen dugu klima-aldaketaren aurka borrokatzeko, elikagaiak produzitzeari utzi gabe”
12/07/2022
F2P Campus-aren hirugarren edizioa Vitoria-Gasteizen hasi da
18/07/2022

Inalia: «Ekiteko zalantzan dagoen jendea animatu nahi dugu, abenturak merezi duelako»

Inaliak irabazi du Araba Ekinean-en Araban Ekiten 2022 Saria, zeinak etorkizun handieneko ekintzailetza-ibilbide gaztea aintzatesten baitu. 

Bai Jaime Fernándezek bai Alex Andak urte askotxo zeramaten ideia bat buruan: elkarrekin ekin eta Inalia sortzea. Enpresak Araban Ekiten Saria, zeinak etorkizun handieneko ekintzailetza-ibilbide gaztea aintzatesten baitu, jaso du aurten.

Start up gasteiztar gaztea pandemia betean jaio zen ingeniarion eskutik eta 2 urte besterik ez du behar izan aintzatespen garrantzitsuak lortzeko; adibidez, Cern2B saria jaso du, BIND 4.0 plataforman parte hartu du eta «Vitoria-Gasteiz Laborategi Hiria» programan hautatu dute. Gainera, iaz Araba Ekinean-en «Zure ideiak balio du» XVII. lehiaketako irabazleak izan ziren, kategoria industrialean. Inalia mekanika, instrumentalizazioa eta datu-analisia uztartzen dituen enpresa da. Askotariko sektoreetarako aplikazioak egiten ditu, hala nola, energia berriztagarrien, 4.0 industriaren, osasunaren, obra zibilaren eta ekipamendu-ondasunen sektoreetarako. 

Haien ekintzailetza-esperientziari buruz eta Inaliaren historiari buruz gehiago jakiteko, fundatzaileak, Jaime Fernández eta Alex Anda, elkarrizketatu ditugu. 

Araba Ekinean (AE): Zergatik erabaki zenuten lan egonkor bat uztea ekiteko eta Inalia sortzeko?

Inalia (I): Egia esan, ekiteko ideia urte askotxo eduki dugu buruan biraka. Geldiarazten gintuena segurtasuna eta egonkortasuna galtzeko beldurra zen, eta zeure proiektua oinarritzeko ideien bideragarritasunari buruzko zalantzak.

Duela 3 urte arte ez genuen izan geure kabuz zerbait jartzeko interes komunaren berri. Gainera, gure inguruabar profesionalak eta pertsonalak (urte bateko umeekin) oso antzekoak ziren. Hori inflexio-puntua izan zen, noski, ilusioa partekatzen genuelako eta lanbide-profil desberdinak eta osagarriak dauzkagulako. Urtebetez ideia eta negozio-eredua onduz eta posible zela konbentzituz joan ginen. 2019ko abenduan Ekintzaile bat eman ziguten eta hori Inalia muntatzeko behin betiko bulkada izan zen. 

AE: Imajinatzen dugu bidea, batez ere pandemia betean jaiota, ez dela batere erraza izan. Zein izan da aurre egin diozuen erronkarik handiena?

I: Gure ustez, korapilatsuena orain dator. Enpresaren eta taldearen hazkuntza kudeatzeko gai izan behar dugu. Halaber, konpromiso bat mantendu behar dugu gure proiektuak egikaritzearen eta gure ezagutza eta baliabideetako batzuk barne I+G-an inbertitzearen artean, irtenbide berrien garapenean aurrera egiten jarraitzeko. 

Egia da lehen urtea oso zaila izan zela, baina azken batean apustu pertsonala zen eta ez zegoen mantendu beharreko enpresa-egiturarik. Pandemiak erabat baldintzatu zuen parte hartu ohi dugun proiektuen garapena eta lehen 6 hilabeteetan ez ginen batere lanik lortzeko gai izan. Hala eta guztiz ere, lehen urteko balantzea oso baikorra izan zen, ideiak egituratzeko eta Inalia gaur egun denaren oinarriak ezartzeko denbora ugari eduki genuelako. Era berean, gogoan genituen garapenetan aurrera egitean eta maila komertzialean denbora asko inbertitzean ardaztu ginen. Nolabait esan dezakegu hasierako arazo horiei esker daukala Inaliak osasun ona gaur egun.

AE: Zer aholku jaso nahiko zenuketen Inalia hasi zenutenean?

I: Ez gara ausartzen aholkurik ematera, inguruabar bakoitza desberdina delako. Zalantzan dagoen jendea animatu nahi dugu bakarrik, abenturak merezi duelako. Guk egiten dugunaz gozatzen jarraitzen dugu egunero, eta hori funtsezkoa da.

AE: Non ikusten duzue zeuen burua 5 urte barru?

I: Gustatuko litzaiguke zera esatea: egituren eta makinen osasuna neurtzeko irtenbideen garapenean eta ezarketan erreferentzia izaten. Egiturazko monitorizazioaren eskaria gero eta handiagoa da eta funtsezko sektore batzuek abiada hartzeko ezinbesteko tresna izango da, hala nola offshore haize-energia flotatzailearen sektorearentzat. 

Baina orobat jakin badakigu egungo inguruabarren eta oso enpresa gaztea izatearen ondorioz oso zaila dela epe luzeko edozein aurreikuspen egitea. Gure egungo jarduerak ez dauka zerikusi handirik hasieran geneukan ideiarekin. Gure indargune handienetako bat da gure ezagutza oso ingurune enpresarial eta teknologiko aldakor baten beharretara egokitzeko malgutasuna, ingurune horren eboluzioa nabarmen bizkortu delako pandemiaren ondoren.