Berriak

Ekin Breakfast: Parke Teknologikoetan berritzen
23/10/2020
Maribel Bajo, Cafés La Brasileña: “Gure sekretua? Helburuak argi eta egiten duzunagatiko pasioa izatea”
04/11/2020

Josetxu Silgo, Metxa: “Jendea harritu egiten da Arabako ekintzailetza-maila, eta eragile publiko eta pribatuek agertzen duten inplikazioa ikustean”

Metxako CEO Josetxu Silgorekin errepasatuko dugu Araba Ekinean ekimenak antolatutako startup eta proiektu ekintzailetako inbertsioari buruzko lehenengo tailerraren inpaktua.

Ostiral honetan, 2020ko urriaren 30ean, amaituko da “startup eta proiektu ekintzailetako inbertsioari buruzko lehenengo hastapen-tailerra”. Araba Ekinean ekimenak antolatutako ikastaroa, zeinean azken hiru asteetan 18 pertsona adituk, analistak, inbertsorek eta ekintzailek partekatu egin dituzten beren ezagutzak eta metodologiak inbertitzeko garaian.

Ikastaroaren inpaktuari eta startupetako inbertsioen egungo egoerari buruz xehetasun gehiago jakiteko Metxa azeleratzaileko CEO Josetxu Silgorekin hitz egin dugu, bere ezagutzak tailerrean partekatu dituen adituetako batekin, hain zuzen ere.

Araba Ekinean (AE): Badakigu oso zaila dela hiru saio lerro gutxi batzuetan laburbiltzea, baina nolakoa izan da esperientzia startupetako inbertsioari buruzko hastapeneko lehen tailer honetan?

Josetxu Silgo (JS): Oso interesgarria izan da. Denbora asko samar daramagu premia detektatzen, baina ikasleen eta ponenteen bertaratze-mailak eta parte-hartze mailak beharrezkoa zela berretsi digu. Aho-zapore oso gozoa utzi digu.

Gehitu egingo nuke, gainera, estatuko hainbat tokitatik etorritako ponente guztiak harrituta geratu direla Arabako ekintzailetza-mailarekin, eta eragile publiko eta pribatuen inplikazioarekin.

AE: Pertsona inbertsorearen profil jakin bat dago edo edonork egin dezake proiektu ekintzaile baten aldeko apustua?

JS: Bilakaera oso handia izan du profilak azken urteetan. Aspaldi, gutxi batzuentzat zeuden erreserbatuta horrelako inbertsioak, baina orain, aitzitik, Business Angels deitutakoen sareen eta Crowfunding plataformen ugaritzearekin batera, irisgarriagoa da edozein poltsikorentzat.

AE: Zer izan behar da kontuan proiektu ekintzaile batean edo startup batean inbertitzeko garaian?

JS: Asko dira proiektu batean azter daitezkeen faktoreak, eta, horren harira, 119 dauzkagu identifikatuta Metxa azeleratzailean, baina pare batera murriztu beharko banituzke, taldea eta merkatua izango lirateke. Talde on batekin eta merkatu nahikoarekin, gainerako alderdiak ordeztu egin daitezke. Azkenik, taldearekin eta proiektuarekin duzun enpatiarekin edo feelingarekin zerikusia duen hirugarren faktore bat dago. Hori neurtzea zaila da, baina hasierako faseetan garrantzi handia du.

AE: Zure karreran ekintzailearen aldean zein inbertsorearen aldean egon zara. Zure esperientzia-urte hauetan guztietan ikasitako lezio batekin geratu beharko bazina, zein izango litzateke?

JS: Ba lezio bakar bat aukeratu beharko banu, zera litzateke lezio hori, bakarrik baino laguntasunarekin egitea hobe dela, ekintzailetzaz ari garela zein inbertsioaz ari garela. Akonpainatua bazaude, laguntasunarekin, urrunago iritsi zaitezke, bidaide horiek ondo aukeratzea da gakoa.

AE: Inbertsore gisa, zer motatako proiektuaren aldeko apustua egingo zenuke gaur egun zer egoeratan gauden kontuan izanda?

JS: Pandemia baino lehen ere proiektu digitalen aldeko apustua egiten nuen, haien eskalabilitatearen alde, baina orain zentzu askoz ere handiagoa dute proiektu horiek. Aurten hartu ditugun zenbait ohitura berri (entretenimendu digitala, online prestakuntza, online erosketak, online harremanak, eta abar) geratzeko etorri dira.

Sektoreka, Industria 4.0rekin, Legaltech-ekin, Fintech-ekin eta marketplaceekin lotutakoak gustatzen zaizkit.

Azkenik, baina ez garrantzi txikiagorekin, proiektuen osagai sozialak kontuan hartzea gustatzen zait, eta talde sortzailea emakumeek gidatzen badute, hobeto. Nire esperientzia oso positiboa da zentzu horretan.