Berriak

ekin breakfast robotica
Ekin Breakfast: «Robotika. Soluzio teknologikoen eremuan ekitea»
29/11/2024
47 eskola-enpresak beren negozio-ideiak aurkeztu dituzte 2025eko Arabako Eskola Enpresen Azokan
28/01/2025

Kirola Taupaka: “Zure ideiak balio du bultzada handia izan da maila pertsonalean eta profesionalean”

taupaka premio vital fundazioa

Kirola Taupaka kirol-heziketa emozionaleko programa berritzaile bat da, eskolaz kanpoko jarduera fisikoetan eta kirol-jardueretan parte hartzen duten 6 urtetik gorako neska-mutilentzat diseinatua. Joan den maiatzaren 23an, Kirola Taupakari Ideia Onenaren Fundación Vital Fundazioa saria eman zioten Zure ideiak balio du 2024 lehiaketan, bere originaltasuna eta hezkuntza-balioa nabarmentzen dituen saria. Programa horri eta duen eraginari buruz gehiago jakiteko, Nerea Nanclaresekin hitz egin dugu, ekimen horren sortzaile eta arduradunarekin.

Araba Ekinean (AE): Nola laburtuko zenukete zuen proiektua esaldi batean?

Ikaskuntza sozioemozionaleko proiektua, eskola-kirolaren bidez.

(AE): Nola sortu zen ideia?

Kirola Taupakaren ideia 2020ko erdialdean sortu zen, introspekzio-une batean, ia bi urtez bidaiatzen ibili ondoren. Orduan jabetu nintzen neure adimen emozionalaren gabeziaz eta horrek nire bizitza nola mugatu zuen arlo guztietan: arlo pertsonalean, profesionalean eta harremanen arloan. Ohartu nintzen trebetasun asko falta zitzaizkidala, besteak beste, autoerregulazio emozionala, erresilientzia, nire buruarekiko konfiantza eta komunikazio asertiboa. Nahiago nukeen askoz ere lehenago ikasi izan banu trebetasun horiek garatzen.

Hala ere, gauzak zerbaitengatik gertatzen omen dira. Kontzientzia-hartze horrek eraman ninduen, hain zuzen ere, haurrei txiki-txikitatik gaitasun horiek garatzen laguntzeko aukera imajinatzera, nire pasio handietako baten bidez: kirola. Bizitza osoa kirola egiten, kirol-irakaskuntzan eta kirol-kudeaketan trebatzen aritu eta entrenamenduan eta irakaskuntzan 10 urte eman ondoren, sentitu nuen jada banuela oinarri sendoa zerbait nabarmena sortzeko.

Lehenik eta behin, neure adimen emozionala lantzen hasi nintzen, horretan trebatu nintzen eta esperientzia hartu nuen. Handik hiru urtera, 2023ko erdialdean, Kirola Taupaka benetako forma hartzen hasi zen proiektu gisa. UNIRen Adimen Emozionaleko Aditua unibertsitate-titulua ateratzeko amaierako lanaren zati gisa aurkeztu nuen ekimena, eta orduantxe hasi zen hezkuntza emozionalean eta kirol-hezkuntzan gaur egun eraldatzailea den proposamen hau.

(AE): Zein puntutan zaudete orain?

Gaur egun, bezeroak erakartzeko fasean gaude, 2024-2025 ikasturtean Kirol-heziketa Emozionalaren programa ezartzeko asmoz Araban. Ikastetxeekin eta kirol-klubekin aliantzak egitea da gure lehentasuna.

(AE): Zein da zuen helburua urtebetean?

Kirola Taupaka ekimenaren lehen urteko helburu nagusia proiektua martxan jartzea da, gure metodologia lehen kirol-taldeetan ezarriz eta jarduera espezifikoak garatuz gure hiru publiko-xedeetarako: neskatoak eta mutikoak, entrenatzaileak eta familiak. Nahi duguna da kirol-jardueran heziketa emozionala modu naturalean integratzea eskola-kirolaren denboraldi osoan zehar.

Gainera, kirol-jardueraren egunerokoan sortzen diren arazoei eta premiei buruzko datuak biltzeari ekingo diogu lehen urte honetan. Informazio hori funtsezkoa izango da gure irakaskuntza sozioemozionaleko metodologia garatzen jarraitzeko, gure jardun-eremua zabaltzeko eta haur kirolarien arreta emozionala eta ongizatearen zaintza etengabe hobetzeko.

(AE): Zer aholku gustatuko zitzaizuen jasotzea proiektuarekin hasi zinetenean?

Atera proiektua zure burutik, idatzi eta partekatu beste pertsona batzuekin. Apurka-apurka ikusiko duzu ideia bat izaten hasi zen hori, pausoz pauso, nola bihurtuko den errealitate.

Eta ideia bat duen edonori, denborak aurrera egin arren oraindik buruan eta bihotzean badabilkio indarrez, hauxe esango nioke: “izan konfiantza zeure buruarengan, zeure ideian eta eutsi”.

(AE): Zer eragin izan du proiektuarentzat “Zure ideiak balio du” lehiaketan saria jasotzeak?

Lehenik eta behin, ezusteko handia! Lehiaketara aurkeztu nintzenean, banuen konfiantza proiektuaren ahalmenean eta gizarteari egin diezaiokeen ekarpenean, baina ez nuen inoiz pentsatu ideia onena izan zitekeenik. Are gutxiago aurkeztu ziren beste proiektuen eta haien atzean zeuden pertsonen maila ezagutu nuenean.

Baina, batez ere, bultzada handia izan da maila pertsonalean eta profesionalean; izan ere, lasaitasuna ematen du “ateak jo” ahal izateak atzean babes txiki bat izanda, horrek dezente laguntzen baitu hastapenetan. Eta are gehiago emakume izanda kirol-arloan mugitzean, oraindik ere genero-arrakala handia baita alor horretan.