Berriak

Ekintzaile! Online ikastaro hauekin prestatzeko garaia da!
17/04/2020
Ekin Breakfast: pandemia-garaian ekitea
21/05/2020

Laguntza eta Gure Laguntza, COVID-19ari aurre egiteko bi ekimen ekintzaile

Laguntza eta Gure Laguntza, hurrenez hurren, Arabako ekimen solidarioak mapeatzea eta tokian tokiko merkataritzari laguntzea helburu duten bi atari dira.

COVID-19ak enpresa askoren planak nahastu ditu eta gizartea egoera zailean jarri du, baina dugun onena azaleratzeko ere balio izaten ari da. Nahikoa da sare sozialetan bueltatxo bat egitea, eta konturatuko gara era askotako ekimen solidarioak daudela, okerren pasatzen ari direnei laguntzea beste helbururik ez dutenak. 

Horren adibide dira Laguntza.eus eta Gure.laguntza.eus, hurrenez hurren, Arabako ekimen solidario guztiak mapeatzea (publiko zein pribatuak) eta tokian tokiko merkataritzari laguntzea helburu dutenak. 

Duela aste gutxi batzuk sortu zen arren, 150 ekimen solidario baino gehiago bildu du Laguntza ekimenak; Gure Laguntza ekimenari dagokionez, 100 enpresa baino gehiagok egin du bat ekimenarekin, eta 11.000 €-ko balioa batzen duten bonoak saldu dira. Ekimen horien atzean ez dago inolako erakunde edo elkarterik, Alexander Pereda (La GIStería) eta Alvaro Trapero (Web-diseinatzailea) baizik. Dituzten ezagupenak eta esperientzia gizartearen zerbitzura jarri nahi izan duten Arabako bi ekintzaile.

Araba Ekinean (AE): Nola bururatu zitzaizuen Laguntza eta Gure Laguntza ekimenak abian jartzea?

Alexander Pereda (AP): Osasun-krisi hau hasi zenean, nola lagun nezakeen pentsatzen jarri nintzen; koronabirusaren bilakaera-mapei buruzko gain-informazio handia zegoenez, beste zerbait egitea pentsatu nuen. Orduan bururatu zitzaidan Arabako ekimen solidario guztiak kokatuko zituen mapa bat egitea. Alvaro Traperori kontatu nion nire ideia, eta berehala egin zuen bat egitasmoarekin, zalantzarik egin gabe, eta diseinu grafikoak eta web-diseinua egiteari ekin zion.

Gure ekimenari dagokionez, beste lurralde batzuetako eta Estatu mailako era horretako hainbat ekimen ikusi genuen; ahal izan genuen heinean, ekimenon zabalkundea egin genuen, baina jendeak ez zuen haiekin bat egiten, beraz, Araban antzerako zerbait egiten saiatzea erabaki genuen, bertako enpresei laguntzeko.

AE: Zer nolako harrera izan du?  Harritu egin al zaituzte?

AP: Zabalkunde-lan ona egiten ari ginen Laguntza ekimenarekin, eta oso harrera ona izaten ari zen (momentuz, 150 ekimen baino gehiago posizionatu ditugu), baina imajinatu ere ezin genuen egin Gure ekimena izaten ari den harrera. Astebete baino gutxiagoan, 100 enpresa baino gehiago dugu webgunean, eta 6.000 euro baino gehiago batzen duten 150 bono saldu ditugu.

Badakigu ez dela nahikoa pandemiaren ondorioz izaten ari den krisi ekonomikoari irtenbidea emateko, baina pozik gaude gure inguruko enpresei itxaropen pixka bat eman diezaiekegula ikusita.

AE: Zer eratako ekimenak biltzen dituzue Laguntza atarian? Edozeinek egin al dezake bat?

AP: Hasieran, Arabako enpresek, elkarteek eta erakundeek abian jarritako ekimen solidarioak biltzen hasi ginen, eta kategoriaka antolatzen:: Pertsonentzako laguntza, Elikadura, Material-dohaintza, Osasun arloko langileentzako laguntza, Enpresentzako laguntza.

Behin ibilbide hori eginda, helarazten zizkiguten edo sareetan aurkitzen genituen prestakuntza-ikastaro, ekitaldi, kirol-ekintza eta haurrentzako eskaintza guztiak sartzen hasi ginen, garrantzitsua iruditzen baitzaigu jendeak egunotan entretenitzeko moduak izatea.

AE: Nola funtzionatzen dute erabiltzailearentzako Gure Laguntza ekimeneko bonoek? Zertan laguntzen diete komertzioei?

AP: Gure atarian, enpresa guztiek dute beren informazio-fitxa sortzeko eta beraien produktu edo zerbitzuak bono modura salgai jartzeko aukera.

Behin enpresa atarian agertzen denean, bezeroak zuzenean haiekin harremanetan jar daitezke, eta erosketa egin dezakete. Hori guztia zuzenean eta bitartekorik gabe egiten da; are gehiago, enpresak berak aukera dezake egokiena iruditzen zaion ordainketa-modua.

Ordainketa egin ondoren, bezeroak egiaztagiria eskatzen du inprimaki baten bitartez, eta gu arduratzen gara enpresari egindako erosketa egiaztatzeaz eta bonoa posta elektronikoz bidaltzeaz. Bonoa establezimenduan bertan trukatu ahal izango dute bezeroek, berriro irekitzen dutenean.

Batez ere alarma-egoeraren eraginez itxita egon behar duten enpresetan zentratzen ari garen arren, Arabako enpresa eta autonomo guztiek erabil dezakete webgunea.

AE: Eta zuek jaso al duzue egitasmo hauetarako laguntzarik?

AP: Jakina; ezinezkoa izango zatekeen ekimenok abian jartzea, hainbat pertsona eta enpresak musu-truk emandako laguntzagatik izan ez balitz; besteak beste, Enneco Viana (Vianarq), Leticia Sanz (OVB), Rosa Casbas (Doblestudio), Cesar Trapero eta Estudio Avocadok lagundu digute. Asko eskertzen diet, haien laguntzarik gabe ezin izango baikenioke proiektu bakoitzak eskatzen digun erritmoari jarraitu.

Eskerrak eman nahi nizkieke, baita ere, Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiari, Araba Ekinean atariari, Arabako Ganberari, Aenkomer elkarteari, Laudioko Komertzioei, Amurriori, Arabako Lautadari eta Arabako Errioxari, indarrak batu, proiektu honekin bat egin eta ekimenaren zabalkundea egiteagatik. 

Norabide berean arraun egitea beharrezkoa denean, eskertzen da jendearen laguntza jasoko duzula jakitea.