Berriak

Ekintzailetza eta Eraldaketa Digitala: Made in Araba arrakasta-kasuak
09/06/2022
eTerrace: “Oso erraz azkartu litezke tabernetako eta jatetxeetako ordainketak”
16/06/2022

Lasai-Lasai: “Paketeriaren azken miliako trafikoa eta kutsadura murriztea da gure helburua”

Gorka Pradas eta María Savall dira Lasai-Lasai paketeriaren azken miliako zerbitzuaren sortzaileak, karga-bizikletak eta jasotze-puntu adimendunak erabilita. 

Hirietan paketeak modu jasangarrian kudeatzeko eredu berritzailea da, trafikoa eta kutsadura murrizteko, karga-bizikletak eta jasotze-puntu adimendunak erabilita. Ekimen jasangarrienarentzako Aclima Saria jaso zuen “Zure ideiak balio du” lehiaketaren XVIII. edizioan.

Proiektu horri buruz gehiago jakiteko, elkarrizketa egin diegu Gorka Pradas eta María Savall proiektuaren sortzaileei. 

Araba Ekinean (AE): Nola laburtuko zenukete zuen proiektua esaldi batean?

Lasai-lasai (LL): Paketeriaren azken miliako trafikoa eta kutsadura erabat murriztea, karga-bizikletak eta jasotze-puntu adimendunak erabilita.

AE: Nola sortu zen ideia?

LL: Europako lehiaketa baten (Citython) ondorioz sortu zen, eta hartan egin eta garatu genuen proiektua, Finlandiako paketeriaren esperientzian eta gaurko logistikan oinarrituta. Lehiaketa hura irabazi ondoren, serio hartu genuen, eta ideia garatzen hasi ginen, oso baliagarria baitzen trafikoa eta kutsadura murrizteko.

AE: Zein puntutan zaudete orain?

LL: Plan orokorra garatu dugu, eta, orain, herri batzuetan proiektu pilotuak sortzen saiatzen ari gara, CargoBikes bizikleten flota definitzeaz eta sortzeaz gain. Eredu hori har dezaketen enpresekin eta gobernuekin harremanetan jarri nahi dugu, eta, horretarako, sustapen-materiala prest dugu, azalpen teknikoekin eta ekonomikoekin batera.

AE: Zein da zuen helburua urtebetean?

LL: Urtebete barru espero dugu proiektu pilotua instalatzeko lehen azterketak prest izatea eta zerbitzuaren funtzionamendua definituta izatea. Halaber, ideia hainbat lehiaketatan aurkezten jarraitu nahi dugu, proiektuan zentratzen eta alderdi guztiak lantzen lagunduko baitigu horrek.

AE: Zer aholku gustatuko zitzaizuen jasotzea proiektuarekin hasi zinetenean?

LL: Seguru asko, proiektu bat nola antolatu behar den, argia eta ordenatua izan dadin, bai eta marketineko eta ideiak patentatzeko aholku batzuk ere.

AE: Zer eragin izan du proiektuarentzat “Zure ideiak balio du” lehiaketan saria jasotzeak?

LL: Motibazio handia da, balio duen proiektua dela erakusten baitu, eta lortu dugun bigarren saria izanik, are harroago sentitzen gara.