Berriak

Berriz Enpresa eta Relevo, ekiteko bi aukera handi
21/11/2019
IkasEkiten
DBHko 4. mailako 800 ikaslek ekiten ikasi dute IkasEkiten-en zortzigarren edizioan
04/12/2019

“Made in Araba” turismo jasangarria, aukerak eta esperientzia ekintzaileak

Turismo Jasangarriari buruzko Ekin Breakfastean zenbait Made In Araba negozio-aukera eta esperientzia ekintzaile ezagutzeko aukera izan dugu: Aware Proiektua, Erdi Aroko Araba, Guiartu eta Ainharbe Guías.


Araba Ekinean ekimeneko Ekin Breakfasten beste edizio bat hartu zuen azaroaren 27an (asteazkena) Goiuri Jauregiak. Goiz horretan turismoaz jardun genuen, eta bereziki, ingurumena eta herritarrak errespetatzen dituzten alternatiba jasangarriak bilatzeko aukeraz.

Azken urte hauetan, Arabak eta Gasteizek turismo jasangarria bultzatu dute. Ekimen ekintzaile berriak sortzen ari dira eremu horretan, eta Ekin Breakfast horretan horietako batzuk ezagutzeko aukera izan genuen: Aware Proiektua, Arabako Erdi Aroa, Guiartu eta Ainharbe Guías.

Turismo Jasangarria, erronkak eta aukerak


Aware Proiektua da ezagutu dugun lehen esperientzia ekintzaileetako bat. Jon Barredok azaldu zigunez, elkartea eski-bidaiak antolatzeko asmoarekin sortu zen hasiera batean, eta, pixkana-pixkana, proiektu bat gorputzen joan ziren Nepaleko eta Argentinako mendi garaietan gidari eta zamaketari diharduten pertsonei hobeto bizitzen laguntzeko . “Nepaleko lurrikara handiaren ostean erabaki genuen bazela garaia laguntzeko, gure ekarpena eginez”, Barredok ziurtatu zuenez.

Mendiko turismoak hainbat arazori egin behar die aurre, hala nola turisten gorakada handia, helmugako eremuetako hezkuntza-maila txikia, pobrezia gorria eta lan-baldintza eskasak, edota trebakuntza txikiko laneskua eta hizkuntzen ezjakintasuna. Arazo horiek konponbidean jartzeko, Aware proiektua turismo jasangarriko prestakuntza lantzen ari da, komunitate batuago eta autonomoagoak sortzen ari da, hezkuntza hobetzen ari da edo gizarte- eta ingurumen-sentsibilizazioa sustatzen ari da. Hori guztia “planetako eremu izugarri eder horiek ez nahasteko”.

Barredok Gorka López de Muniaini eman dio hitza, eta hark eman digu Erdi Aroko Araba proiektuko xehetasun guztien berri: “Gure kooperatiban, gida turistikoak ez ezik, argitaletxe bat eta diseinu-estudio bat ere baditugu, Zakatumba festibala antolatzen dugu, eta taberna bat ere bai” adierazi du. Hori guztia beren helburua betetzeko: ondarea ikertu eta zabaltzea, estrategia etiko eta arduratsuen bitartez eta genero-ikuspegi batetik.

Kultura-ondarea ez ezik, giza ondarea eta ondare naturala ere jorratzen dugu”, ziurtatu zuen López de Muniainek. Besteak beste, honako ildo estrategiko hauek garatzen dituzte: dinamizazioa eta zabalkundea; kalitatezko eta slow turismoaren alde egitea, Estibalitzeko Santutegia suspertzea, garapen ekonomikoa bultzatzea, eta familia-turismoa sustatzea. Horretarako, turismo.alavamedieval.com ataria sortu dute, nahi duenak antolatzen dituzten jarduera guztien berri izan dezan.

Jarraian, Arturo Martinezen txanda izan da. 2019ko Zure ideiak balio du saria irabazi du Merkataritza eta Turismo kategorian,  Guiartu proiektuaren eskutik. “Denok dauzkagu irrikak, baina beti ez da erraza izaten irrika hori lanbide bihurtzea” ziurtatu du.

Beste zerbitzu batzuen artean, Guiartuk bizikleta-ibilbideak eskaintzen ditu. Orain gutxi aukera barne-hartzaile eta irisgarri bat erantsi diote eskaintzari, tandem eta ziklotaxi bidezko ibilbide sentsorialen bitartez. “Ikusteko desgaitasuna dutelako bizikletan ibilbide bat egiterik ez dutenei esperientzia hori eskaintzea zen nire helburua“ adierazi du Martinezek. Ukimena, entzumena eta usaimena erabiltzen ditu horretarako, eta zenbait maketaren laguntza ere bai.

Azkenik, Susana Ainharbek kontatu digu zer dela-eta erabaki zuen Ainharbe Guías sortzea. Adierazi duenez, “40 urte baino gehiago neuzkala lanik gabe geratu nintzenean, turismo-ikastaro bat egitea erabaki nuen, eta bertan Igor Rosón ezagutu nuen, nire laguna”; “elkarrekin erabaki genuen enpresa sortzeko ekimenari heltzea”. 

Toki-gidariak ez ezik, Ainharbe Guías-en beste zenbait jardun-ildo ere badituzte, hala nola ibilbideko gidaria, prestakuntza, zirkuituen programaketa edo agentzientzako aholkularitza. “Aspaldi sartu genituen bisitaldi irisgarriak gure eskaintzan, eta egia esan harrera ezin hobea izan da”, adierazi zuen, “eta otsailean bide tematiko berri bat estreinatuko dugu, Gasteizko merkatuen historiari buruz jardungo duena”.

Susana Ainharbek esan duen moduan, gaur goizean gauza bat geratu da argi: “jasangarritasuna ez da aukera bat, bide bakarra baizik”.

Datozen Ekin Breakfastak galdu nahi ez badituzu, eman izena berehala Araba Ekinean ekimenaren newsletterrean , edo jarrai iezaguzu LinkedIn-en, Twitterr-en edo Facebook-en.