Berriak

Maribel Bajo, Cafés La Brasileña: “Gure sekretua? Helburuak argi eta egiten duzunagatiko pasioa izatea”
04/11/2020
INIZIA Arabacampus programa, urteko uniekintzailearen bila
10/11/2020

Museo del Órgano: “Gure eskuetan dago kontzientzia kritikoa sortzea elikatzeko moduaren eta horrek dakarren guztiaren inguruan”

0 KM baratze ekologikoak jatetxearen egunerokoan integratzeko bere proiektu aitzindariari esker, Museo del Órgano jatetxeak irabazi zuen “Zure ideiak balio du” XVI. Lehiaketako nekazaritzako elikagaien arloko ekimen onenaren Eroski saria.

Proiektu hori hobeto ezagutzeko, Marco Bianchi, Jon Rey eta Diego Apellániz elkarrizketatu ditugu, ideia horren atzean dauden ekintzaileak, hain zuzen ere.

Araba Ekinean (AE): Nola laburbilduko zenukete zuen proiektua esaldi batean?

Museo del Órgano (MdO): Proiektu aitzindaria hirian, zeinaren bidez Arabako lauzpabost baratze ekologiko Museo del Órgano jatetxe begetarianoaren egunerokoan integratzen diren (eta alderantziz), jatetxeko menuetan eguneroko barazki-hornidura guztia ia erabat bermatuz. 

AE: Nola sortu zen ideia?

MdO: Ideia bat baino gehiago, egintza arduratsu bat da guretzat, gure balioen barruan kokatzen dena. Tokiko produktu, produktu ekologiko eta sasoiko produktuaren aldeko gure apustua irmoa da hasieratik; lotura asko genituen Bionekazaritza Araba nekazaritza ekologikoko elkartearekin eta berezko prozesua hau zen, gertatzen ari den bezalaxe. Arabako produzitzaileekin ezarritako konpromisoa da bermerik onena proiektuak funtziona dezan. 

AE: Zein puntutan zaudete?

MdO: Urtebete baino gehiago igaro da gerentzia berria gure gain hartu genuenetik eta pausoak ematen jarraitzen dugu. Orain bertan, behar dugun barazki guztiaren % 70 Arabako bost baratze ekologikoen proiektutik dator. Hornidura hori eskaerak kudeatzeko gure sistemaren barruan integratzea lortu dugu, eta produzitzaileekin dugun harremana ezin hobea da. Urte-amaieran % 80-90ra iristea espero dugu.

AE: Zein da zuen helburua urtebetean?

MdO: Proiektu hau finkatzea eta proiektuaren balioak jarduera paraleloen eta sentsibilizazio-jardueren bidez transmititzea. Egunero saltzen ditugu menuak eta gure eskuetan dago kontzientzia kritikoa sortzea elikatzeko moduaren eta horrek dakarren guztiaren inguruan. Konbentzituta gaude beste kontsumo-eredu bat posible dela, eta norabide horretan goaz. Gurearen antzeko beste proiektu batzuk ere gurera biltzeak Arabako nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua indartzen dela esan nahiko du, eta nolabait ere nekazaritza horrek iraun dezan lagundu egingo dugu horrela.

AE: Eraginpean hartu zaituztete pandemiak? Aldaketaren bat egin duzue normaltasun berrira egokitzeko?

MdO: Erabat. Aforoak egokitu behar izan ditugu, beharrezko neurri sanitarioak hartu eta jarduera guztiz geldiarazi bi hilabetez baino gehiagoz. Erantzun gisa, Non-nahi eta Bagoaz zerbitzuak sortu ditugu, zeinen bidez jendeak gure menuak etxera eraman ditzakeen bere tuperretan (Non-nahi); eta menuen banaketa egiten diegu saltoki eta partikularrei tokiko banatzaileekin Eraman, eta janaria etxean banatzeko kate handien zirkuitutik kanpo (Bagoaz).

AE: Zer ekarri du proiektuarentzat “Zure ideiak balio du” lehiaketaren errekonozimenduak?

MdO: Barrura begira, lantaldearentzat eta produzitzaileentzat poz izugarria izan da, eta norabidea egokia dela bermatzen duen berrespena. Prozesuan inplikatutako pertsona guztiak (produzitzaileekin hasi, eta sukaldariekin eta zerbitzuarekin buka) dira proiektu honekin nagusiki konbentzituta daudenak. 

Kanpora begira, sektorea hainbeste sufritzen ari den garaiotan zabalkundea eta errekonozimendu publikoa izateak oso ondo datorkigun agerikotasuna ematen digu. Eta jakina, tokiko ekintzaileen eta irabazle izan diren proiektu garrantzitsuen alboan jartzeak motibazioa eta erronka eragiten ditu aldi berean.

Eskerrik asko Museo del Órgano jatetxeari gure galderei erantzuteagatik eta zorionak sariarengatik!