Berriak

Hibridalab sortu da, arabako berrikuntza eta sorkuntzarako espazio aitzindaria
27/06/2022
iMet-3D: “Azken belaunaldiko fabrikazio gehigarri metalikoko zerbitzuak eskaintzen ditugu”
05/07/2022

Musikagara: “Lehen eskutik egiaztatu ahal izan ditut musikaren ondorio onuragarriak”

Dependentzia-egoeretan musikarekin eta aholkularitzarekin lotutako jarduerak eta tailerrak eskaintzen dituen musikoterapiako zerbitzua da Musikagara, eta Yaiza Martínez Gómez dugu zerbitzu horretako zuzendaria.

Musikoterapia hainbat tailer, saio eta jardueraren bidez arlo soziosanitarioetara hurbiltzeko egiten duen apustuari esker eraman zuen «Zure ideiak balio du» lehiaketako XVIII. edizioko zerbitzuen sektoreko ekimen onenaren Prezero Saria Musikagarak.

Proiektu horri buruz gehiago jakiteko, proiektuaren zuzendari Yaiza Martínez Gómez elkarrizketatu dugu.

Araba Ekinean (AE): Nola laburbilduko zenukete zuen proiektua esaldi bakar batean?

Musikagara (M): Musikoterapiako zerbitzu bat da Musikagara, dependentzia-egoeretan musikarekin eta aholkularitzarekin lotutako jarduerak eta tailerrak eskaintzen dituena.

AE: Nola sortu zen ideia?

M: Musikarekin izan nuen nire lehenengo kontaktutik lehen eskutik egiaztatu ahal izan ditut musikaren ondorio onuragarriak bizitzaren hainbat eta hainbat esparrutan, inguruan ditudan guztiengan zein nigan. Nire esperientzia asistentzial eta musikal guztia partekatzeko aurkitu dudan modua da Musikagara, baita musikoterapeuta gisa dudan prestakuntza eta musikarekiko sentitzen dudan pasioa partekatzekoa ere.

Hortik dator mendekotasun-egoeran musikaren eta aholkularitzaren bidez beste pertsona batzuei laguntzeko gune bat sortzeko nire motibazioa.

AE: Zer puntutan zaudete?

M: Proiektua zein webgunea garatu ditugu jada. Une honetan proiektu indibidualizatu batzuk egiten hasi gara zenbait eskola, udal eta elkarterentzat, besteak beste.

Berretsi dugu jada 2022-2023 ikasturterako Musikagarak eskaintzen dituen jarduera batzuk Jundizen dagoen Aiurri Montessori eskolan martxan jarriko ditugula:

  • Musimugi edo musika eta emozioak, zeinean, entzute aktiboko, inprobisazio instrumentaleko, joko dinamikoetako, kantuko eta dantzako jarduera espezifikoen bidez, mintzairaren garapena, norberaren eta besteen emozioen identifikazioa, eta enpatiaren garapena bultzatzen dugun.
  • Musikrea: musika-estimulazio goiztarrean eta beren haurtxoarekiko lotura sustatzen interesatuta dauden familientzat.
  • Musikria: emakume haurdunei zuzendua hazkuntza kontzienteagoa izan dezaten, lasaitzen, estresa gutxitzen eta lotura sozioafektiboa sustatzen lagunduko diena.

Musikagara sustatzen ari gara hainbat sare sozialen eta gure eskura dauden bitartekoen bidez, epe laburrean jarduera 2022ko urrian hasteko helburuarekin.

AE: Zein da zuen helburua urtebetean?

M: Gure helburua da jendeak ezagutu gaitzala eta jarduera aurtengo udazkenean bertan abiaraztea, Zuiako eta Zigoitiko Haranekin hasita, baita Gasteizko gune batzuekin ere.

Etxerako Musikagararen bertsioa ere abiarazi nahi dugu. Alderdi horrek asko motibatzen gaitu, kolektibo kalteberenak ardatz hartzen dituen zerbitzua baita: hezkuntza-premia bereziak dituzten haurrak, zainketa aringarrietan dauden pertsonak, gaixo onkologikoak, mugikortasun-arazoak dituzten pertsonak, fobiak dituztenak edo desplazamenduak egitea eragozten dieten jokabide-alterazioekin dabiltzanak, edo besterik gabe musikoterapia-saioak etxean jaso nahi dituztelako.

AE: Zer aholku gustatuko zitzaizuen jasotzea proiektuarekin hasi zinetenean?

M: Zure bizitzaren esparru guztietan dakarren esfortzu handia dela-eta hasierak zailak izaten badira ere, ez dagoela ezer atsegingarriagorik besteei eta norberari asmo motibagarri hori ematea baino, borrokatzeko pizgarria den hori ematea baino.

AE: Zer eman dio proiektuari “Zure ideiak balio du” lehiaketaren errekonozimenduak?

M: Funtsezko konfiantza-injekzio handi bat, ideiaren egokitasunean babestua ikusi dudalako nire burua. Babes horrek lagundu egiten nau, zalantzarik gabe, motibatua sentitzen eta proiektu honen sorkuntzan are indar gehiagorekin aurrera jarraitzen.

Bestalde, izugarri eskertzen dut ematen ari zaigun agerikotasuna, alderdi hori iristeko funtsezkoa baita hasierako etapetan, hitzaren zentzu guztietan.